Bakea eta normalizazio politikoa lortze aldera "sukaldeko lana" egiteko garaia dela iritzi dio Joseba Egibar EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak. Egibarren arabera, Juan Jose Ibarretxe lehendakari hautatuak inbestidura saioan ezarritako klabeak landu behar dira harreman horietan, baina prozesu hori zuhur hasi behar dela uste du. Hain justu, aurrera egin egiteko indar politikoen arteko egungo mesfidantza konfidantzara bideratu behar dela pentsatzen duelako. Radio Euskadin egin ditu adierazpen horiek Egibarrek.
"Tresna batetaz eztabaidatzen hastea edukiari eta mamia izan daitekeen horri buruz elkarren arteko elkarrizketarik izan ez dugunean, etxea teilatutik hastea litzateke. Orduan, zutabe sendo batzuk jarri behar baditugu aldez aurretik alde biko elkarrizketak, alde askotarikoak eta beharrezko direnak izan beharko ditugu. Uste dut gainera denbora piska bat eskatuko dutela, orain arteko elkarrenganako mesfidantza konfidantzara bidera dadin", esan du.
Ibarretxek proposatutako elkarrizketa mahaiari PPk eta PSEk ezezkoa eman diotela eta, sozialisten artean jarrera eta mezu diferente asko ikusten dituela nabarmendu du Egibarrek, eta, ondorioz, Jaurlaritzako lehendakari hautatuaren proposamenari ezetz esateko "goizegi" dutela ohartarazi die.
"Sukaldeko lana" egiteko garaia dela uste du Egibarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu