'Subprime' izenez bataiatu zen hasiera batean gerora ekonomia osora zabaldu den krisia. Jakin zen AEBetan 2006an eman zituzten hipoteka maileguen erdiak baino gehiago arrisku handikoak zirela, bezeroek ez zutela haiek ordaintzeko ahalmenik. Ikusi zen finantza erakundeek, diru goseak bultzatuta, hipoteka horiekin finantza produktu konplexuak osatu zituztela, eta elkarri salerosi. Eta arazoa ez zela AEBetakoa, mundu osoko finantza erakundeetara hedatuta zegoela. Agerikoa da atzetik etorri denak Euskal Herrian zein egoera utzi duen. Herrialdez herrialde, ordea, ezberdina izan da jaitsiera-igoeren erritmoa, baita egungo joerak ere.
Burbuilua lehertu zen tokian, AEBetan, salneurriak %13,6 garestitu dira urtebetean. The Economist aldizkariaren arabera, «sektorea suspertzen ari da». Halere, kontuan hartu behar da prezioak 2006an baino %20 merkeago daudela. Urte horretan jo zuten goia AEBetan. Aurtengo aurreikuspenek diote %3koa izango dela igoera. Estatubatuarrentzat ere hipoteka lortzea izaten da zailtasun nagusietako bat etxea erosteko orduan. Aurten maileguak eskuragarriago egongo direla uste dute adituek, baina ordaindu beharrekoa garestitu egingo da: esan dute hipoteken batez besteko tasak %5era irits daitezkeela.
'The Economist' aldizkariaren arabera, Erresuma Batua da etxebizitzak behar baino garestiago dituen herrialdeetako bat. Soldatak aintzat hartuta, gehiegizko balio hori %16koa dela adierazi du. Azken urteotan, ordea, egonkortu egin dira salneurriak. 2008ko datuekin konparatuta, esaterako, %1,7 garestitu dira. Azken urtebetean, handiagoa izan da igoera, %5,5ekoa. Aste honetan jakinarazi du Ingalaterrako Bankuak hipoteken eskaerak erritmo handiz ari direla handitzen. Eta gaineratu du eman ere gehiago egin dituztela finantza erakundeek. Beste burbuila bat sortzea saihesteko, Ingalaterrako Bankuak bertan behera utzi ditu maileguak errazteko eskaintzen zituen hainbat funts.
Frantzian, "gehiago eta azkarrago" eraikitzearen aldeko apustua egingo dutela iragarri du aste honetan François Hollande presidenteak. Horretarako. eraikuntza enpresei lehenago emango dizkie baimenak. Agindu du bost hilabetera murriztuko dela batez besteko epea. Etxe agentziek emandako datuen arabera, azken urtebetean jaitsi egin dira prezioak, %1,8. Saldu, ordea, %3,1 gehiago egin dute. Batez beste, 3.428 euro egin du metro koadroak; 2010eko mailan, beraz.
Burbuila betean
Badaude, ordea, etxebizitza merkatuaren krisirik izan ez duten herrialdeak, baita burbuila ikusten orain ari direnak ere. The Economist-ek argitaratutako txostenak dio, Europan, besteak beste, Austrian (%37,1), Suitzan (%27,8) eta Alemanian (%25,2) igo direla prezioak azken bost urteetan.
Hong Kongen ia bikoiztu egin dira salneurriak. Asian bertan, gora egin dute prezioek Txinan, Singapurren eta Australian ere, %23, %22,1 eta %17,6 hurrenez hurren. Japonian, aldiz, %15,4 merkatu dira. Hego Afrika eta Kanada dira gorakada handia erakusten ari diren beste bi herrialde.