Sustatzaileak

2014ko apirilaren 25a
11:45
Entzun

 

Xanti Kiroga (Udalbiltza): «Elkarrekin hausnartzeko momentua da»

«2014a urte berezia da. Europan estaturik gabeko nazio batzuk urrats handiak egiten ari dira erabakitzeko eskubidearen inguruan eta Euskal Herrian ere ikusten ari gara mugimendua dagoela: Etxarri Aranazko galdeketa, Gure Esku Dago dinamika... Horretan guztian interes handia dauka Udalbiltzak. Era berean, guk balio handia ematen diogu elkarlanari. Erabakitzeko eskubidearen aldeko bidean uste dugu ezinbestekoa dela elkarlana. Blog honen bitartez, eztabaida sustatu daiteke; eragile ezberdinen espektatibak, planteamenduak eta kezkak aztertu daitezke. Uste dugu ezinbestekoa dela pentsamenduak partekatzea eta egin beharreko bidea elkarrekin adostea. Elkarrekin hausnartzeko momentua dela uste dugu. Hemen baditugu, gainera, gaian oso jantzita dauden aditu eta eragileak, eta horiei ahotsa ematea eta haiekin guztiekin hausnarketa orokor bat egitea interesantea iruditzen zaigu. Aberasgarria iruditzen zaigu, halaber, beste toki batzuetan egiten ari direnari buruzko informazioa biltzea eta hausnarketa konparatuak egitea».

Jagoba Zulueta (Ipar Hegoa fundazioa): «Alde ekonomikoa eta soziala lerrora eraman behar dira»

«Uste dugu Norabidea-k aukera eskaintzen duela guk gure aldetik eta beste eragile batzuek beren aldetik egiten ari diren lana ezagutzera emateko eta orube komun batean jartzeko. Gure aldetik egin dezakegun ekarpena oinarritzen da, batez ere, ikerketa ekonomiko eta sindikalean. Alde askotariko eztabaida sustatu behar da, eta aipatutako alor horiek lehen lerrora eraman behar dira. Gainera, uste dugu Euskal Herriaren etorkizunari buruzko eztabaida biziberritu egin dela eta gaurkotasun handia duela. Euskal Herrian eztabaida propio bat ematen ari da, ugaritu egin dira ikuspuntuak eta ekarpenak, eta gaiak zentralitatea hartu du eztabaida politikoan. Eztabaida hori modu lasaiago batean emateko aukera ere handitu egin da, eta horrek aukera berriak ekarri ditu. Euskal Herrian asko gertatu da nork bere ildoa aurrera eramatea eta besteei entzungor egitea. Bada garaia erantzukizunez jokatzeko eta ikuspegi ezberdinak izan arren batzen gaituenaren inguruko eztabaidak elkar aberasteko eta prozesua elikatzeko».

Imanol Esnaola (Gaindegia): «Euskal Herriko auziak termino homologatuetan jarri behar ditugu»

«Balio erantsia duten ikuspegiak behar ditugu. Gure herriaren hainbat ezaugarri estruktural zertan diren ezin izan dugu ezagutu, ukazio bat egon delako. Ukazio hori gainditu eta guk geure buruari begira jarri eta gure etorkizunaz maila jantzi batean jardun ahal izatea, ideiak trukatu ahal izatea, eztabaidatu ahal izatea ezinbesteko eginkizun bat da, zor historiko bat da. Badaude, era berean, Euskal Herri barruko prozesu batzuk ezinbestean hainbat galdera erantzutera behartzen gaituztenak. Auzi horiek lotu behar zaizkio Euskal Herriaren etorkizunari buruzko eztabaidari. Euskal Herriaren etorkizunaz hitz egiten dugunean, zientzia politikoko terminoetan hitz egiten dugu. Eta guk uste dugu ekarri behar direla auzi pragmatikoagoak, lotuta daudenak lurralde kohesioarekin, lurralde garapenarekin, estrategia ekonomikoekin... Euskal Herriko auziak termino homologatuetan jarri behar ditugu. Usteak albo batera utzi eta termino intelektual estandarizatuagoetara eraman behar dugu eztabaida. Eta hor gauzak ez dira horren errazak, eta esloganek ez dute balio».

Xabier Anza (Manu Robles Arangiz institutua): «Lurraldetasunaren eta abertzaletasunaren mugak dira eztabaidaren gakoak»

«Sindikatuan (ELA) badugu kezka bat gure sorreratik hor dagoena: nola lotu auzi nazionala eta klase gatazka. Auzi politikoari begira, badaude bi elementu oso inportanteak. Bata da lurraldetasunarena. Katalunian eta Eskozian ez bezala, horrek asko zailtzen du auzi nazionala hemen: oso gurea da hori. Bestea da nola lortu mugimendu subiranistak abertzaletasunaren muga gainditzea. Gure kasuan, Katalunian ez bezala, abertzaleak gara burujabetzaren alde gauden bakarrak. Abertzaleak ez direnak ez dute euskal nazioa ere errekonozitzen. Muga edo oztopo horiek gainditzea dira, gure ustez, eztabaidaren gakoak. Zentzu horretan, guk uste dugu euskal sindikatuak badirela esperientzia exotiko bat: sindikatu abertzaleak, bai LABek bai ELAk, lortzen dugulako abertzalea ez den jendea sindikatu abertzale batean izena ematea».

Iñaki Uria (Hamaika Telebista): «Eztabaidaren terminoak gaurkotu behar dira»

«Herritarrek argumentuak nahi dituzte. Dauzkaten sentimenduak arrazionalizatzeko eta agertu ahal izateko. Eta askotan, era berean bizi dituzten itxiturei erantzuteko. Normalean ezezko argumentuak topatzen dituzte, eta horiei erantzuteko behar dituzte aurkako argumentuak eta esperientziak. Horregatik komeni da ahalik eta gehienei zabaltzea iritziak emateko aukera. Euskal Herrian badugu gabezia bat horretan. Katalunian topatu izan ditut blogak, liburuak eta bestelako produktuak. Gurean produkzioa txikiagoa da, eta orokorragoa. Uste dut eztabaidaren terminoak gaurkotu behar direla, gauza asko birpentsatu, berritu behar direla, leihoak ireki eta haize freskoa sartzen utzi behar dela».

Julen Zabalo (EHUren Euskal Nazionalismoa XXI Mendean masterra): «Eztabaidarako nahia dago, baina gabezia handiak daude»

«Udazkenean informazio uholde bat etorriko zaigu Kataluniatik eta Eskoziatik, eta prestatuta egon behar dugu horri guztiari bidea emateko. Une egokia da, gainera, eztabaida eremu batzuk zehazteko, kontzeptu batzuk eraberritzeko. Hitz eginez joango gara hori zehazten. Independentziaz asko hitz egiten da, baina balizko estatu bati buruz hitz egiterakoan iritzi osatuak falta dira. Nahia badago, baina zailtasun handiak daude horri forma emateko. Gauza bera gertatzen da kontra daudenekin. Erreferendum prozesuetan ikusten ari gara, Katalunian eta Eskozian esaterako, ez dagoela hain markatuta nor dagoen alde eta nor kontra. Euskal Herrian ere gauza asko daude definitzeko».

Martxelo Otamendi (Berria Taldea): «Herri txikia gara; probak egiteko tamaina aproposa dugu»

«Une aproposa da aurretik abiatutako gogoetak, egindako lanak eta aurrera begira egingo direnak biltzeko. Bakoitzak bere aldetik eginiko gogoetak biltzea eta sustatzea du helburu blog honek, eta asmoa ere bada beste batzuk ekartzea gogoeta horietara. Aitortu behar dugu Euskal Herrian baditugula gabezia batzuk. Gurean aktibismorako joera handiagoa egon da, eta gutxiago gogoetarako eta eztabairako lasai baterako. Ona litzateke orain arte aktibo egon direnak eta aurrerantzean egon daitezkeenak foro batera ekartzea. Bokazio horrekin sortu da blog hau. Egia da abertzaletasunetik eztabaidatu dela gehien gai honi buruz. Baina euskarazko pentsamendu politikoa geroz eta gehiago egiten da herri honetan, eta gure herriak izan behar duenari buruzko eredu ezberdin gehiago daude. Gaude oso egoera politean herri ereduaz hausnartzeko. Euskal Herria egin gabe dago oraindik. Sinbologia tradizio bat daukagu, baina gure herriak aurrera egingo du tradizio horren bidetik edo sortuko du herri bat ulertzeko modu berri bat? Tradizio batetik gatoz, eta horren tasun eta keria guztiak dauzkagu. Baina nabarmen aldatu da euskal gizartea azken hamarkadetan. Orain gaude berrikuntzarako oso egoera politean, Euskal Herri berri bat zer den hausnartzeko egoera onean. Gainera, herri txikia gara, hiru milioi biztanle baino ez duen herri bat gara, eta uste dut hori tamaina aproposa dela probak egiteko. Azkeneko denbora honetan iruditzen zait pentsamendu abertzaletik kanpo edo mugan kokatzen diren batzuk gogoeta oso interesgarriak egiten ari direla eta horiek ohiko gogoeta eremura integratzea oso interesgarria izan daitekeela. Herri hau definitzeko garaian gaude».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.