"Ez dut egia ezkutatuko; eztabaidatuko den proposamena urruti dago gure programatik", adierazi zuen atzo Alexis Tsiprasek Greziako Parlamentuan. Baina, behingoagatik Grexit-ari buruzko eztabaida gainditu egingo dela defendatu zuen.
Jarrera horrek oposizioko hiru talderen babesa ziurtatuta zion (ND kontserbadorea, To Potami zentrista eta Pasok). Baina Syrizan arrakalak sortu ditu; alderdiko kide ezkertiarrenek "errenditze" gisa ikusi dute troikaren proposamen gehienak onartu izana, eta erreferendumaren emaitza ez errespetatzea egotzi diote —hori dio KKEko komunistak ere eta atzo manifestazio handia egin zuen Atenasen—. Ordea, Ezkerreko Plataformak babesa adierazi zion atzo iluntzean Tsiprasi.
Horiek horrela, Syrizako parlamentari batzuk ez zuten boto disziplina errespetatu eta bik behintzat kontra bozkatu zuten. Beste zortzi, berriz, abstenitu egin ziren —Parlamentuko presidentea eta energia ministroa, besteak beste—.
Aldeko botoa eman zuen Giannis Varufakis Finantza ministro ohiak, bozketaren unean arrazoi pertsonalengatik Parlamentuan ez zegoen arren. Haren ordezko Euklides Tsakalotosek ukatu egin zuen erreferendumean baztertutako proposamen bera dela, zorraren berregituraketaz hitz egingo dutelako eta inbertsioetarako dirua jasoko dutelako Juncker planetik.