Talde palestinarren arteko elkarrizketak hasi dira berriz, Kairon

2009ko otsailaren 12a
17:40
Entzun
Egunotan aurreikusia zegoen bezala, adiskidetzerako elkarrizketari ekin diote berriz Palestinako bi talde nagusiek, Hamasek eta Al Fatak. Egiptoko hiriburuan hasi dira gaur berriro hitz egiten, bien arteko tirabirak konpontzeko, eta beste talde palestinarrekin batera batasun nazionalerako oinarriak berreskuratzeko asmoz. Horren berri eman dio gaur Al Fatako ordezkari Azam al Ahmadek Londresen egoitza duen Al Quds al Arabi (Jerusalem arabiarra) arabierazko egunkariari.

Al Fataren eta Hamasen adiskidetzeaz gain, bi talde hauek Palestinan nahiz erbestean dauden talde palestinarretako beste 11 talderekin biltzen hasi dira Kairon. Hala, hauek dira, besteak beste Egipton bildutako talde politiko nahiz politiko-militarrak: Al Fata, Hamas, FPLP Palestina Askatzeko Herri Frontea, FDLP Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoa (aurrekoaren zatiketa), PPP Palestinako Herriaren Alderdia (komunista ohia), PPSF Palestinako Herri Borrokaren Frontea, PLF Palestina Askatzeko Frontea, FPLP-CG Palestina Askatzeko Herri Frontea-Komando Nagusia (FPLPtik bereizia), ALF Askapenerako Fronte Arabiarra, As Saika, Jihad Islamikoa, PRC Herri Erresistentziaren Batzordeak, PNI Palestinako Ekimen Nazionala...

Iturriek ez dute zehaztu Al Fataren 1983ko zatiketa den Al Fata-Intifada (Libanon sortua, Jasser Arafaten buruzagitza eta jarreren kontra; Siriaren aldekoa da) eta beste talde txiki batzuk elkarrizketetan ordezkatuta egongo diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.