Topasko kartzelan (Gaztela eta Leon, Espainia) isolamenduan dauden euskal presoek itxialdi mugagabea hasi dute eta ziegatik ateratzeari uko egin diote, jasaten ari diren egoera salatzeko, Anmistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) adierazi duenez. “Espetxeko zuzendaritza aldatu zenetik, egoerak okerrera egin du kartzelan”. Horren aurrean, “presoak jasaten ari diren bakartzearen eta etengabeko murrizketen aurka protestatu nahi dute”.
AAMk jakinarazi duenez, kartzelazainak euskal presoak inolako arrazoirik gabe bakartzen ari dira. Gainera, salatu dute patioko orduak murriztu dizkietela eta egunero 20 ordu egon behar dutela euren ziegetan sartuta. “Bidaltzeko gutun kopurua mugatu diete, ikastaroak egiteko aukera kendu eta senideek sartu ahal zituzten paketeak murriztu dizkiete”, adierazi du AMMk.
Bisiten zerrendekin ere arazoak sortu eta horren ondorioz, presoak bisita gabe geratzen ari direla gaitzetsi du AAMk. “Espetxearen jarrerak okerrera egin du eta presoak iraindu ere egin dituzte”.
Topasko espetxean isolamenduan dauden euskal presoek itxialdi mugagabea hasi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu