Hitzaldia

Torrealdai: "Gizarte zibil eta antolatuak iniziatiba hartu behar du, eta politikoei zein herri erakundeei exijitu egin behar diegu"

2004ko otsailaren 20a
19:27
Entzun
Joan Mari Torrealdai 'Egunkaria'-ko Administrazio Kontseiluko kideak bildutako guztiei eskerrak emanez hasi du bere hitzaldia. "Sarraskia gogoratu eta deitoratzera hurbildu zareten guztiei eskerrak. Eskerrik asko hilero bildu zaretelako atxilotuen askatasuna eskatzera", esanez hasi du hitzaldia Torrealdaik.

"Iñaki Uria gure artean egon dadin egin duzuen ahalegina ere eskertzen dizuegu. Iñaki Uria gurekin behar dugu, lan egin behar dugun garaian maisua delako bera. Eskerrik asko, lehen otsailean eta gero urrian egin ziren manifestazio erraldoi haietan zuen haserrea, adorea eta elkartasuna eramateagatik. Eskerrik asko idatzitako hitz goxoak idazteagatik. Zorionak ausardia erakutsi duzuelako eta 'Berria' sortu duzuelako", zuzendu zaie Torrealdai bildutakoei.

Burutik minera datorkidana esan nahi izan du Torrealdaik. "Haserreaz gainera, nahiak eta desioak ikusi ditut, eta hitz giltzarri batzuk, batasuna, elkarlana, hitzarmen estrategikoa, adostasun programatikoa. Hitz horiek biharamunik gabekoak ote?", zehaztu du.Torrealdai beldur da ez dela behar adina sakondu bide horretan, "nor bere baratza zaintzen ibili ote garen, eta kolpea jasan duena konorteratu ezinik eta zauriak sendatu ezinik. Babestuagoak ez bagaude nola ez da bada horrelakorik berriz gertatuko. Garai hauetan ezinbestekoa iruditzen zait ezinbestekoa dela guztion arteko elkarlana".

Esperantzari bidea ireki

"Ireki diezaiogun esperantzari bide bat. Aurrera begira egin behar dugu, euskal kultura eta euskara bera sortu, indartu eta sustatuz. Gizarte zibil eta antolatuak iniziatiba hartu behar du, eta politikoei zein herri erakundeei exijitu egin behar diegu, baina horrez gain, apustu egin ere bai. Kultur industriak sortzen eta bultzatzen dituztenak babeste aldera, adostasunak lantzera eta indarrak batzera", nabarmendu du.

Martin Ugalderen parabola batekin amaitu du hitzaldia Torrealdaik. "Sakabanatuta zaudeten anaiak arerioaren eskuetan jostailu zarete, eta elkar egiten baduzue inork ez zaituztete menderatuko. Bat eginda behar dugu aurrera egin, aitaren etxea defendatzeko eta amaren sua indarberritzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.