Torturak salatu dituzte Camacho, Balda, Albisu eta Mariezkurrenak ere

2010eko otsailaren 22a
10:44
Entzun
Guardia zibilen eskuetan inkomunikatuta egon diren egunetan «tortura gogorrak» jasan dituztela salatu dute astelehenean Gipuzkoan atxilotu zituzten laurek. Poltsa buruan ia itotzeraino jarri dietela, kolpatu egin dituztela, ariketa fisikoak etengabe eginarazi dizkietela, eta, mehatxu, presio eta irain asko jasan dituztela kontatu dute Jose Camachok, Josune Baldak, Juan Mari Mariezkurrenak eta Euri Albisuk.

Epailearen aurretik ostiralean igaro ziren lau lagunek antzeko torturak pairatu izana salatu zuten atzo, euren konfiantzazko abokatuekin egoteko aukera izan zutenean. Camachok, ospitalera eraman izanaren zergatiak kontatu ditu. Guardia zibilek egindako torturengatik eraman behar izan zuten ospitalera, atxilotuak berak kontatu duenez.

Orain arte berri agentziek zabaldutako bertsioa gezurtatu egin du, beraz, hernaniarrak. Camacho ospitalean zela zabaldu zuten ostiralean agentziek. Baina erietxean egotearen arrazoia atxilotuak aurrez zuen gaixotasun bati egotzi zioten, ez zuela atxiloketarekin zerikusirik espresuki esanda. Ostiralean bertan Camachoren abokatuek ohartarazi zutenez, ordea, atxilotuak ez zuen nabarmentzeko moduko gaixotasunik.

Poltsa esaten dioten tortura askotan egin diotela kontatu zien atzo abokatuei, ospitalean hura ikusteko aukera izan zutenean. Galdeketa guztietan egin ziotela hori, ezin duela gogoratu zenbat aldiz. Camachoren esanetan, kaputxa lodi bat jartzen zioten buruan, eta gainean, plastikozko poltsa. Izugarrizko itolarria eragiten zion horrek, ia arnasik gabe geratzeraino. Gainera, poltsa buruan estututa zuen bitartean ariketa fisikoak eginarazten zizkioten. Etengabe makurtzera eta berriz zutitzera behartzen zuten, itolarria areagotuz. Jarraitu ezinean geratzen zenean, guardia zibilek beraiek zutitu eta makurtzen zuten.

Etengabeko ariketa horien ondorioz, «sekulako minak» izaten hasi zen zangoan. AAMk azaldu duenez, eskuineko hankaren atzealdeko giharra «txikituta» du. Horrenbesteko ariketen ondorioez hainbat zelula hil zitzaizkiola, zelula horiek odolera joan zitzaizkiola eta odola horregatik infektatu zitzaiola dio AAMk. Izan ere, infekzioa du odolean.

Botaka hasi zen Camacho, geratu ezinik. Eta, guardia zibilek orduan eraman zuten auzi-medikuarengana. Horrek, atxilotuaren egoera ikusi zuenean, berehala ospitalera eramateko agindu zien guardia zibilei, zangoan zuenagatik bereziki kezkatuta. Asteazkenean eraman zuten Madrilgo San Carlos ospitale klinikora, atxiloaldiaren bigarren egunean, eta han izan dute ordutik. Atzo, ospitalean jarraitzen zuen.

Horrez gain, guardia zibilek ia biluzik izan dutela salatu du. Elastiko bat besterik ez duela izan soinean. Kolpe ugari jasan dituela ere kontatu du, eta presio eta mehatxuak gogorrak izan direla.

Gainontzeko hiru atxilotuek ere ia tortura berberak jasan dituztela kontatu diete abokatuei espetxetik. Josune Balda hernaniarrak azaldu duenez, lehen egunean oso gogor torturatu zuten. Ia itotzeraino jarri zioten poltsa buruan behin eta berriz. Zutik egoteko gai ez zela ia itota lurrera erortzen zenean, guardia zibilak gainera botatzen zitzaizkion. Seme-alabekin zein Camacho bikotearekin mehatxu eta presio handia egin ziotela ere esan du. Eta umilazio eta irain asko jasan dituela. Baldak kontatu duenez, ezinaren ezinez, guardia zibilek entzun nahi zuten deklarazioa egin zuen lehen egun hartan.

Juan Mari Mariezkurrenak eta Euri Albisuk ere poltsa buruan sarri jarri dietela, ariketa fisiko asko eginarazi dizkietela, kolpatu egin dituztela, eta mehatxu, irain eta umilazioak etengabeak izan direla kontatu dute. Horrez gain, barrabilak estutu dizkiotela salatu du Mariezkurrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.