EH Bilduk torturaren aurkako konpromisoa har dezala eskatuko dio Eusko Legebiltzarrari. Gaiari buruz eztabaidatu eta neurriak har ditzan, legez besteko proposamen bat aurkeztu du Julen Arzuaga legebiltzarkideak. CPT Torturaren Prebentziorako Europako Koordinakundeak argitaratu berri duen txostena legebiltzarrak bere egin dezala nahi du koalizioak, eta Espainiako Gobernuari tortura betiko desagerrarazteko neurri zehatzak har ditzala eska diezaiola.
Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak Espainiako komisarietan torturatu egiten dela argitaratu du, eta ohartarazi du hori inkomunikazioak errazten duela. Inkomunikazioa bertan behera utzi behar dela uste du, beraz, Arzuagak. Espainiako Gobernuak CPTren txostenari emandako erantzunean, ordea, uko egin dio inkomunikazioa baliogabetzeari. Eta, EH Bilduko ordezkariaren ustez, «torturak babestea» esan nahi du horrek. «Botere betearazleari eta botere legegileari ere badagokie preso eta atxilotuen eskubideak bermatzea», ohartarazi du.
Horiek hala, «inkomunikazioa ahalbidetzen duen legeria indargabetzeko» eskatu behar du legebiltzarrak, Arzuagaren ustez horixe delako tortura desagerrarazteko «ezinbesteko baldintza». Baita Espainiako Auzitegi Nazionala desagertzea ere, «ez dituelako berme prozesalak betetzen, bereziki torturapean lortutako deklarazioak onartzen dituenean».
Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari horixe eska diezaiola proposatuz aurkeztu du legez besteko proposamena koalizioak. EAJk egitasmoa babestearen garrantziaz ohartarazi du, eta, «etika hainbestetan aipatzen dutenei» ere koherenteak izateko eskatu die.