Lourdes Txurruka eta Oroitz Salegi euskal presoek ere deklaratu dute gaur. Soto del Real espetxean zeudenean, torturaren ondorioak ikusi zituzten lehen lagunak izan ziren. Txurrukak agerian utzi ditu Nekane Txapartegik jasandako torturak. Salegik ere Mikel Egibar jipoitua izan zela begibistakoa zela esan du.
Lourdes Txurruka euskal presoak Nekane Txapartegi auzipetuaren lekuko gisa deklaratu du. Txurrukak espetxean ezagutu zuen Nekane Txapartegi, hilabete eta erdi egin zuten elkarrekin, ziega berean. Oroitz Salegi, berriz, Mikel Egibar inkomunikatuta egon ondoren bera ikusi zuen lehena izan zen.
Nekane Txapartegi “18/98 auziaren” barnean Xakiren aurkako operazioan atxilotu zuen Guardia Zibilak 1999ko martxoan. Bost egunez inkomunikatuta egon ostean beste bost egun eduki zuten bakartuta Madrilgo Soto del Real espetxean.
Euskal presoek ez dute elkarrekin egoteko eskubiderik, baina hala ere, hamar egunez bakartuta izan zuten Nekane Txapartegi bere ziegan hartzeko eskatu zion espetxeko funtzionari batek Txurrukari.
Ikusi zuenez, mamu bat zirudiela azaldu du Txurrukak. Ez zela ibiltzeko gai, bortxatu egin zutela, poltsa egin ziotela, bainera egin ziotela, jipoitu egin zutela azaldu du. Burua ukitu ere ezin zitzaiola egin. Pixkanaka onera egin zuen eman zizkioten antibiotiko eta abarrengatik. Elkarrekin egin zituzten hilabete eta erdi, ziega berean. Baina lehen egunean ezagutu zuen Txapartegi eta hilabere eta erdiren ostean ezagutu zuena ez zirela bera azaldu du, zerikusirik ez zutela.
Mikel Egibar ere Madrilgo Soto del Real espetxera eraman zuten. Inkomunikatuta egon ondoren “buzo txuri batez jantzita” ikusi zuela esan du Oroitz Salegik. Lekukoak deklaratu du, Egibarrek esan ziola jipoiaren ondorioz arropak odoleztatuak zituelako eman ziotela buzo txuria. Auzipetuak herren egiten zuela, ezpaina ebakita zuela eta jipoitua izan zela begibistakoa zela esan du Salegik. Guardia Zibilak barrabiletan kolpeak eman zizkiotela adierazi du lekukoak.
Auzipetuak espetxeko martxa hartzen 3-4 aste pasatu zituela esan du Salegik eta berak lagundu ziola lekura ohitzen. Egibar Soto del Realetik eraman zutela azaldu du Salegik eta atzera berriro ekarri zutenean tortura psikikoak jasan zituela deklaratu d. Besteak beste, bere bikotekidea haurdun zegoela eta umea galdu zuela esan zioten Egibarri.
Bixente Goikoetxea euskal pesoak ere bideo konferentzia bidez deklaratu behar zuen. Ez du Espainiako Konstituzioaren gainean zin egin nahi izan eta epaimahaiak ez dio deklaratzen utzi.
'18/98 AUZIA'
Torturen ondorioak ikusten lehenak izan ziren bi euskal presok deklaratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu