Iñaki Etxeberria Martin euskal preso politikoa Salamankako espetxean dago gaur egun, etxetik 440 kilometrotara. Miopia magna gaixotasuna pairatzeaz gain, bi begietan arazo larriak ditu, ikusmena zeharo zailtzen dizkiotenak. Urteak daramatza medikuen behar bezalako bisitak jaso gabe.
Josetxo Arizkuren Ruiz A Lamann dago, etxetik 730 kilometrotara eta kardiopatia iskemikoa larria pairatzen du.
Gorka Fraile Iturralde Badajozen dago, etxetik 750 kilometrotara. Mingaineko minbiziagatik operatu behar izan dute.
Iñaki, Josetxo eta Gorka larriki gaixo dauden 10 euskal preso politikoetako hiru dira. Zigor bikoitza: harresiena eta urruntasunarena, eta gaixotasunarena. Hiru pertsona hauek etxean behar dute, medikuen asistentzia duinarekin eta etxeko beroan. Soilik horrela gaindituko dute euren gaixotasuna. Edozein gizakiri dagokion eskubidea da, Espainiako espetxe legedian jasota datorrena.
Espetxeko egoera dela eta, euren gaixotasunek txarrera egin dute: medikuen bisitarik ez, higiene gutxi, etengabeko soinuak, ardura ezberdinak … Espetxeetako medikuek hala onartu dute, baina analisien eta froga ezberdinen informeak bidaltzera mugatzen dira. Espetxeko medikuak zure osasunak txarrera egin dezakeela onartzeak eta gero hau informean ez jasotzeak, medikuntzaren oinarri etikoak gainditzen ditu, zigor bikoitza ahalbidetuz eta pertsona batzuen kasuan heriotza zigorra aplikatuz. Faktore psikologikoa zeharo garrantzitsua da euren gaixotasunei aurre egin ahal izateko. Zure osasunaren inguruan erabakiak hartzen ari direla jakitun izateak, eta erabaki horiek interes politikoen arabera hartzen direla ikusteak, ez du laguntzen gaixotasun larri bat gainditzen.
Orain dela egun batzuk, irribarre bat marraztu zen euskal preso politikoen senide eta lagunen aurpegietan. Gure senide presoekin elkartasunez betetako asteburua izan zen.
Besteak beste, ideologia anitzetako lau alkate ezberdinek bat egin zuten gaixo dauden eta 70 urte baino gehiago dituzten euskal presoen eskubideen alde.
Ekimen honekin trenari bagoi bat gehitzea lortu dugu.
Nafarroako Gobernuak, Bake eta Bizikidetza Batzordetik, gutunak bidali zituen hiru espetxe ezberdinetara, Nafarroako presoen osasunaz arduratzeko, preso dauden pertsonen giza eskubideen alde pauso bat emanez. Sare Nafarroako preso gaixoen aldeko lan taldeak ere bere fruituak eman ditu. Bigarren mailako hiritarrak izatetik, jasotzeko eta entzuteko prest dauden hiritarrak izatera pasa gara.
Ekimen honekin trenari bagoi bat gehitzea lortu dugu.
Irribarreak irauteko, mila bat preso eta iheslari ohiek Euskal Presoen Kolektiboak har ditzakeen erabakiak babesteko bat egin zuten. Arrazoizko konponbideak bilatu eta gatazkari amaiera eman nahi diote hauek ere.
Ekimen honekin trenari bagoi bat gehitzea lortu dugu.
Sinbolismoz, emozioz eta konpromisoz betetako pauso hauek babes sozialarekin batzen baditugu, aurrerapauso hauek posible egiten dituzte. Aldi berean, oso modu positiboan baloratzen ditugu instituzio publiko ezberdinengandik konfiantza.
Baina pauso hauek ezin dira horretan geratu. Materializatzeko ordua da, emaitzak ikusi nahi abditugu gutxienez; gure senideen gaixotasunak gero eta larriagoak direlako. Erlojua ez da gelditzen gaixo dauden presoen kasuan. Gaixotasunek aurrera egiten dute, etengabe, eta askotan, beranduegi izan daiteke. Horregatik, egunez egun, urratsez urrats, bagoi berriak gehitu behar dizkiogu trenari.
Zu, gu irakurtzen zauden hori, gure bozgoraillua bilakatu behar zara. Kontaiozu bizilagunari edo laneko kideari gertatzen ari dena. Guztiok gara beharrezkoak Iñaki, Josetxo eta Gorkari preso gisa dagozkien eskubideak bermatuak izan daitezen. Bagoiak gehitzen jarraitu behar ditugu; horregatik, apirilaren 17ko Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu, eta hilabete bat barru, maiatzaren 14ko eta 15eko asteburuan, Euskal Herriko plaza ezberdinetan lanean jarraituko dugu.