"Onartzen dut nire erantzukizuna egindako akats eta hutsengatik eta sinesten ez dudan testu bat sinatzeagatik", esanez barkamena eskatu du Alexis Tsipras lehen ministroak. Telebista publikoari eskainitako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok Greziako gobernuburuak. Izan ere, Bruselak jarritako baldintza gogorrak onartu izanak kritika zaparrada eragin du herrialdean, baita Syrizaren baitan ere.
Gaitzespenak gaitzespen, baina, emandako hitza betetzeko asmoa agertu du Tsiprasek, eta iragarri du, oraingoz, ez dituela bozak aurreratuko: "Ez daukat arrazoirik hauteskundeetara deitzeko; alderdian gertatzen denaren arabera hartuko dut erabaki hori. Orain nire lehentasuna programa osatzea da, eta hortik aurrera izango da denbora barne gatazkak konpontzeko".
Hirugarren erreskatearen baldintzen inguruan, berriz, herrialdea "normala ez den testuinguruan" dagoela nabarmendu du Tsiprasek, eta beraz, ez litzatekeela harritzekoa gobernuan dagoen alderdiak akordioaren aurka bozkatzea, eta oposizioak alde. Baina, aldi berean, ohartarazi du norberak onartu beharko duela bere erantzukizuna: "Bost hilabeteren ostean ez dut onartuko egindakoa ezkerreko balioetatik at dagoela esatea".