Txabarrik ontzat jo du EBBk hartutako erabakia

2004ko uztailaren 13a
13:57
Entzun
Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Joxe Joan Gonzalez Txabarrik esan du, ordezkaturik sentitzen ez diren herritar taldearen arazoari "erantzuna eman behar" zaiola. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, GBBko buru eta Lizartzako alkate Joseba Egibarrek Lizartzan bultzatutako ekimena geldiarazteko EBBk hartutako erabakia ontzat jo du; "zorrotza, neurtua eta erantzun propioa ematen saiatzen ari da" esan du.

Joseba Egibarrek Lizartzan hiru zinegotzi kargu herritarren esku uzteko erabakiak eztabaida sortu du EAJren barnean. Azkenik EBBk ekimen hau bertan behera uztea erabaki zuen. Gaur, Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak gai horretaz hitz egin du Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean. EAJko kide Txabarrik ontzat jo du, bere alderdiak Egibarren erabakia atzera botatzea erabaki izana, "zorrotza, neurtua eta erantzun propioa ematen saiatzen ari da".

Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarentzat "normaltasun politiko eza nabarmena da", batez ere Gipuzkoan. Txabarrik esan duenez, "Gipuzkoan ordezkaturik sentitzen ez diren 66.000 pertsona daude" eta "arazo mota hauei erantzuna ematera behartuta gaude arduradun politikook". Txabarrik afera hau soilik EAJren gainean ezin dela utzi adierazi du, "ordezkari politiko guztien arazoa da".

Arazoari oraindik ez diotela konponbiderik aurkitu aitortu du Txabarrik eta, AuBko arduradunak konponbideak proposatu behar dituzten lehenak direla esan du; baina AuBk ez duela "falta den oreka lortzeko joerarik" gaineratu du.

Txabarrik nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak konponbideak bilatzeko borondatea azaldu duenean, "gatazka eta egoera bere horretan mantendu nahi duen AuBko zuzendaritza batekin" egin du topo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.