UCIk behin-behinean zigortu egin du Di Luca

2013ko maiatzaren 24a
15:50
Entzun

Elurteaz gain, Danilo Di Lucaren (Vini Fantini) positiboarekin esnatu da Italiako Giroa. Koloniako (Alemania) laborategitik iritsi zen albistea: italiarrak EPOarekin positibo eman zuen Giroaren atarian —apirilaren 29an— lehiaketaz kanpo etxean egindako kontrol batean. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) berehala jakinarazi zuen behin-behinean zigortu egin dutela txirrindularia. Italiako Federazioak erabakiren bat hartu arte izango da behin-behinekoa zigorra, baina aurretik kontranalisia eskatzeko aukera dauka Di Lucak. 2009ko Giroan Denis Mentxoven atzetik bigarren amaitu ondoren ere eman zuen positibo italiarrak, hirugarren generazioko EPOarekin —CERA izenez ezaguna—, eta hamabost hilabeteko zigorra bete behar izan zuen.

37 urte dauzka Di Lucak egun, eta bi lasterketa bakarrik lehiatu zituen Giroari ekin aurretik: Industria&Artigianato Larciano Sari Nagusia apirilaren 27an eta Toscanako Giroa, hurrengo egunean. Biharamunean egindako kontrolean atzeman dituzte EPO arrastoak. Giroan 26. postuan zegoen Di Luca sailkapen nagusian, Vincenzo Nibalirengandik (Astana) 33.33 minutura. Garaipen zerrenda bikaina dauka italiarrak: Lombardiako Giroa (2001), Fleche Wallone, Amstel Gold Race, Euskal Herriko Itzulia, UCI Pro Tourra (2005),  Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa, Giroa (2007) eta zortzi etapa, eta Espainiako Vueltako bi etapa, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.