Udalen finantzazio duin eta bidezkoa eskatu dute gaur ezker abertzaleko alkate eta udal hautetsiek Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren udalen finantziazio sistema "bidegabea" salatu dute, gainera. e
Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazio politika salatzerakoan, Bergarako alkate Agurne Barrusok (EAE-ANV) ordezkari guzien izenean hitz egin du. "Aldundiak hartutako zenbait neurrik udalen finantziazioa kolokan jarri dute, eta horrek krisi ekonomikoari aurre egiteko aukerarik gabe utzi ditu udalak".
"Diputazioak udalei dirua itzultzeko eskatzeak (37 milioi euro) edota hurrengo urterako finantziazioa murrizteak udalerrietan eragin zuzena izango du, egoera gaiztotu besterik ez baitu egiten", nabarmendu du Bergarako alkateak.
Ezker abertzalearentzat, "benetako arazoa" udalen finantziazio sisteman datza. "Izan ere, eskuak lotuta dauzkagu beste instituzio batzuek erabakitzen dutelako zein izan behar duen gure finantziazioa, gure ekimen eta politikak erabat baldintzatuta daude inoiz ez dakigulako noraino izango dugun diru laguntza bat edo ez".
Dirua bueltatu beharrak eta 2009ko finantziazioa murrizteak "gainbehera" egoera eragingo duela salatu dute hautetsiek; "horrela ezinezkoa da herritarrei eskaini beharreko zerbitzuak behar bezala bermatzea. Egoera hori ez du krisiak sortu, baizik eta beraiek bultzatu dituzten politika fiskalak eta zerga aldaketak". Adibide pare bat eman dute: Elkarteen Zergaren tipoak jaistea edota Ondarearen gaineko zerga desagerrarazteko erabakiak.
Horrez gain, apartheid politikoa pairatzen ari dela salatu du ezker abertzaleak. "Udalen finantziazioaz aritzeko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean alkateen ordezkaritza baten agerraldia eskatzeko idatzia aurkeztu genuen, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso.
Apartheid politikoa modu bikoitzean jasaten ari gara: ezker abertzaleko ordezkaritzari ateak itxi dizkiotelako, eta ezker abertzaleko alkate eta hautetsien eskaera formal baten aurrean erantzuna emateko gauza ere ez direlako".
Horiek hala, heldu den igandera begira "urrezko botoaren balioa" nabarmendu dute, "ziklo demokratikoa zabaltzeko, eszenatoki demokratikoa eraikitzeko, gatazka konpontzeko eta prozesu demokratiko berria zabaltzeko".
Udalen finantzazio duin eta bidezkoa eskatu du ezker abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu