Juan Mari Torrealdai soziologo eta idazleak Andoaindik Hondarribira Caracastik Martin Ugalderen bizipenak jasotzen dituen liburua idatzi ondoren, 2000ko azaroaren 9an Donostian eman zuen hitzaldiari buruz 'Egunkaria'-k plazaratu zuen artikulua da honakoa:
JuanMari Torrealdai: «Martin Ugalderen hamar urte oparoenak galdu ditu euskal kulturak»
Amagoia Mujika / Donostia
ß
GAZTE abiatu zen Martin Ugalde (1921) Caracasera, 25 urte zituela; Venezuelan zer topatuko zuen ez zekien. Egiteko bat zuen soilik buruan: erbestean zituen anaia eta aita besarkatzea. «Familia osatzeko beste helburu jakinik gabe joan zen. Ikastea gustuko zuen, baita futbola ere. Idaztea amets bat zen berarentzat». Joan Mari Torrealdaik ondotxo ezagutzen ditu Martin Ugalderen ibilerak; Andoaindik Hondarribira Caracastik barrena liburuan bilduak ditu idazlearen bizipenak, eta solasaldi luzeetako lagun izan du.
Andoaindik Ameriketara joan arteko urteak alboratu zituen Torrealdaik, Caracasen sortu eta osatu zen kazetari eta idazlearen bizitzara jauzi eginez, Martin Ugalde: XX. mendeko euskal kulturaren lekukoa hitzaldian.
Gazte ausarta
Atzerriak eta kultura arrotzak ezarri zizkion ofizio oztopoak bikain gainditutako gazteari buruz mintzatzen hasi zuen hitzaldia. «El Nacional-era bidali zituen artikulu antifrankista batzuk, baina ez zituzten argitaratu. Hala ere, Martinek ez zuen animoa galdu». Martin Ugaldek berak esana da hasierako artikulu haiek irakurtezinak zirela. «Luzeak eta astunak ziren oso», gogoratu izan du irribarretsu.
Baina hizkuntza lantzen hasi zen, Venezuelako hizkera eta ohiturak barneratzen. «Venezuela bihotzean hartzen, eta General Motors enpresan zuen lan ongi ordaindua utzi eta erreportaiak egiten hasi zen. Venezuelako erreferentzia bilakatu zen». Horraino iristeko lan asko egin zuen; kazetaritza lanekin batera sei liburu idatzi zituen hamar urtetan, bere egin zuen hizkuntza hartan. «Baina Venezuelan bizi zela ez ziren gutxiago izan jatorrizko aberriari eman zizkion maitasun frogak. Euskal Etxean sartu zen hasieratik buru-belarri». Hamaika adibide gehiago jarri zituen Euskal Herriarekin zuen loturaz. «1.300 eskutitz inguru ditut bildurik berak euskal politikari, kulturgile eta lagunei idatziak». Politikaz, herriaz, aberriaz, eta hizkuntzaz zituen kezken testigantza dira.
Venezuelan lortu zuen arrakastak ez zizkion, ordea, buruko kezkak uxatu. «Ez zuen katea eten nahi, eta Venezuelan errotzen ari ziren seme-alaben ardura zuen». Euskal Herrian ere zereginik ikusten zuen jada prestaturik zegoen gizon helduak. 48 urte zituela itzuli zen. «Hemen isiltasun, mesfidantza eta urruntasunarekin egingo du topo. Hona etorri zenean gaztelaniaz zituen obra onenak, eta jarraitu zuen gaztelaniaz idazten. 1960ko hamarkadan euskal kulturak ez du dirurik ematen, eta Martinek diruagatik sekula ezer egin ez badu ere bizi egin behar zuen, familia mantendu. Bere baitan zuen euskal idazleak itxaron behar izan zuen. Martin Ugalderen hamar urte oparoenak galdu ditu euskal kulturak».
Euskal Herrira lan egitera
Gaztelaniaz arrakasta zuenean hasi zen euskaraz idazten, baina h-aren erabileraren defentsak ez zion mesederik egin. «Euskaraz idazteari uztekotan egon zen. H-aren defentsagak eragin zizkion irain eta kritikengatik asko sufritu zuen».
Itzulera aldapa gora egin zitzaion, «baina berak esan bezala, ez zen jubilatzera etorri, lan egitera baizik, etorkizuna prestatzera».
Franco hil arte politikan jardun zen buru-belarri, eta ondorengo garaietan ere egin zuen lan, «baina EAJrekin kritiko zen, eta, gainera, ez da politika gizona».
Deia egunkariako zuzendariorde ere izan zen, «baina alderdiaren interferentziak gehiegizkoak ziren informazio autonomia defenditzen zuen kazetariarentzat. 1991tik Egunkariako lehendakari ohorezkoa da, eta horretan jarraitzen du. «Liburu bat ere kaleratuko du Durangon». 1990etik gaur arte dena euskaraz idatzi du.
«Martin Ugalde ezagutzeko biderik onena haren obra irakurtzea da», esan zuen Torrealdaik. Hasierako isiltasuna hautsi zuten idazle belaunaldi gazteagoei esker, egun euskal idazleak idazten jarraitzen du etxean.
'Euskal herritar Unibertsal' saria Martin Ugalderi
Ugalde, Torrealdairen begietatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu