Gaur goizaldean amaitu da soldadu israeldar bat bahituta daukaten ekintzaile palestinarrek Israelgo Gobernuari jarritako ultimatuma: bahitua askatzearen truke 1.500 bat preso palestinar libre uzteko exijitu dute. Epea amaitu arren soldadua bizirik dagoela dio Israelek; PAN Palestinako Aginte Nazionalak, berriz, oraindik akordio bat lortzea posible dela uste du.
Avi Pazner Israelgo Gobernuko bozeramaileak Frantziako telebista bati ziurtatu dio badakitela Gilad Shalit bizirik dagoela: "Zaurituta baina bizirik. Badakigu duela egun batzuk mediku palestinar batek bisitatu zuela", adierazi du gaur goizean,eta oso iturri onetatik une horretan bizirik dagoela zekiela erantsi du.
Shalit hiru talde armatutako ekintzaileek daukate bahituta, eta talde armatu horietako baten bozeramaileak, Armada Islamikokoak, esan du Islamak "presoak zaintzea" agintzen diela "ez hiltzea".
PAN Palestinako Aginte Nazionaleko bozeramaile Ghazi Hamad itxaropentsu agertu da, berriz, bahiketaren harira sortu den krisi handia konpontzeko dagoela uste baitu. "Gobernuak harremanetan jarraitzen du talde palestinar zein egipziarrekin. Oraindik badago gatazka saihesteko aukera bat", adierazi du. "Israelek atea ireki dezake, baina ixten badu egoera arriskutsura irits gaitezke".
Ekainaren 25ean bahitu zuten soldadu israeldarra palestinarrek. Harrezkero asko gaiztotu dira Israelgo Gobernuaren eta PANen arteko harremanak. Besteak beste, erasoaldi gogorrak egin ditu Israelek Gazan, eta PANeko ministro ugari atxilotu ditu Zisjordanian.
ekialde hurbila
Ultimatuma amaitu arren, soldadua bizirik dagoela dio Israelek eta akordioa posible dela PANek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu