Unai Perez de San Roman. "Drogak legeztatzearen inguruko eztabaida sortu nahi dugu"

2015eko uztailaren 3a
09:08
Entzun

Ai Laket elkarteko kidea da Unai Perez de San Roman (Gasteiz, 1976). Kontsumo ohiturak aztertzeaz gain, drogaren purutasunaren inguruko ikerketak egiten ditu, haiei garrantzi handia emanez. Drogen legezkotasunaren inguruan mintzatu da, elkartearen ikuspuntua azaltzeko.

Drogen inguruan informatua dago jendea, edo zalantzak izaten ditu?

Denetik dago. Askotan, jendeak duen jakintzak harritu egiten gaitu. Hala ere, ez da ohikoena. Mito asko dago drogen inguruan, eta uste okerrak ere ikaragarri dira. Ikerketa asko guk bakarrik eramaten ditugu aurrera, eta informazio gutxi dago. Horrek zalantzak elikatzen ditu, eta gaia oso lausoa bihurtzen da. Bestalde, adinaren arabera zalantzak aldatu egiten dira, logikoa denez. Gazteek zalantza batzuk dituzte, eta helduek, beste batzuk.

Zer iritzi du Ai Laketek drogak legeztatzearen inguruan?

Eztabaida sortzea, gutxienez. Datuetan oinarritutako eztabaida zorrotz eta objektiboa. Denok dakigu drogak legeztatzeak arazoak sortzen dituela; alkoholaren eta tabakoaren adibideak hor daude. Bestetik, badaude droga ilegalak, zeinak ilegal izate hutsarekin arazoak sortzen dituzten. Aspaldi daude martxan bi ereduak, eta gizarteak horien arteko hausnarketa egin eta baloratu ostean erabakitzeko eskubidea izatea eskatzen dugu. Gainera, munduko beste lurralde batzuetan eredu ezberdinak daude, eta haiekin konparazioa egitea defendatzen dugu.

Drogen azterketa egiten duen karabana duzue. Nola funtzionatzen du?

Drogen erabilpena ohikoa den guneetan laginak aztertzen ditugu, momentuan. Lehen azterketa horrekin jakin daiteke ea droga hori erabiltzaileak uste duena den. Aurreko urtean, %5 ez ziren hala. Gero, teknika batekin zazpi aizuntzaile ezberdin antzeman ditzakegu.

Kontsumitzaileak lagina uzten badu, azterketa sakonagoa egiten da EHUko GSIker zentroan. Erresonantzia magnetiko nuklearraren bidez emaitza zehatzak jakiten dira. Emaitzak kontsumitzaileari helarazten zaizkio, eta webgunean jartzen ditugu jendeak jakin dezan hor zehar dabiltzan drogek zer daramaten.

Kalitate oneko drogak kontsumitzen dira?

Etengabe aldatzen doa. Hori merkatu beltzaren ezaugarrietako bat da. Oro har, speed eta kokainaren purutasun maila igo egin da, eta MDMArena mantendu. Ketaminarena jaitsi egin da. Duela pare bat urte ketamina zen drogarik puruena, baina egoera irauli egin da. Orain oso zaila da ketamina purua lortzea, ia beti aizunduta baitator.

Manipulazio handia dago, beraz?

Bai, eta bi modutara. Kasu batzuetan nahi gabe izaten da, eta saltzaileak ez du jakiten; sintesi akatsengatik gertatzen da. Hori Bayerren aspirinekin ez da gertatzen, merkaturatu aurretik laborategitik igarotzen direlako etengabe. Bestalde, nahita manipulatuak daude. Antzeko efektuak dituzten substantziak sartzen dizkiete, kafeina kasurako, kostuak jaitsi eta irabazi handiagoak lortzeko. Antzekotasun fisikoa dutenak sartzea ere ohikoa izaten da: azterketa askotan ateratzen dira azukrea eta igeltsua. Ez dute efekturik pertsonengan, eta diru gehiago irabazten du saltzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.