Venezuelak eta Nikaraguak jaso dute jada Edward Snowden CIAko langile ohiaren babes politikorako eskaera formala. Venezuelak esana du ateak irekita dauzkala estatubatuarrarentzat. Nikaraguako presidente Daniel Ortegak, berriz, "baldintza egokiak" izanez gero Snowden "gustu handiz" hartuko zuela adierazi zuen, baina, informazio iturrien arabera, Snowden herrialdean hartzeko kontrako ahotsak daude.
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak jakinarazi du: Snowdenen gutuna jaso dute, babes politikoa eskatuz. "Orain, Snowdenek erabaki beharko du noiz etorriko den", baieztatu du Madurok. Venezuelako presidenteak iragan ostiralean "babes humanitarioa" eskaini zion Snowdeni, AEBak "eromena" eta "jazarpena" eragiteaz akusatuz, Moralesen hegazkinaren aferaren harira. Madurok adierazi duenez, oraindik ez du izan Snowdenekin hitz egiteko aukerarik, baina "atsegin handiz" egingo luke.
Nikaraguaren kasuan, berriz, Snowden babesteak "ondorio ekonomiko eta komertzialak" izan ditzakeela ohartarazi du Nikaraguako Merkataritza Ganberak. Bob Menendez AEBetako senatuko atzerri kontuetarako batzordeko presidenteak eta Mike Rogers ordezkarien ganberako inteligentzia batzordeko presidenteak Nikaraguari helarazitako mezuei egiten die erreferentzia Nikaraguako Merkataritza Ganberak. Alde horretatik, Ortegak erreferentzia egin zion ñabardura hori bera erabili du Merkataritza Ganberak: "Baldintzak ez dira egokiak, eta, beraz, ezin diogu babes politikoa eman Snowdeni".
Europako herrialde batzuek Evo Morales Boliviako presidentearekin aurrez hitzartutako geldialdi teknikoak ukatu ostean, krisi diplomatikoa piztu zen: herrialde latinoamerikarrek euren aurka eta Kariberen aurka egindako erasotzat hartu zuten, oso haserre. Venezuela, Bolivia, Kuba eta Nikaragua dira Snowdeni babes politikoa emateko prest agertu diren herrialdeak. "Latinoamerika Snowdeni esaten ari zaio: inperioaren jazarpena sufritzen ari zara, etor zaitez guregana", esan zuen Madurok.
Luzatzen ari den ihesaldia
Azkenekoz, Hong Kongeko aireportuan ikusi zuten Snowden, ekainaren 23an, eta hortik Moskura joan zen. Han dago orduz geroztik, Xeremetievoko aireportuan. Pasaporterik gabe dago Snowden, baina babes politikoa eskaini dioten edozein herrialdetara joateko, nahikoa luke bidaia dokumentu bat, iritsi nahi duen lekuraino babestuko lukeena. Wikileaksen arabera, Snowdenek 27 herrialderi egin die babes politikorako eskaera, eta AEBek, euren aldetik, aldarrikatu zuten Snowdenek norabait joan behar badu AEBetara joan behar duela. Horregatik, nazioarteko komunitateari arretaz ibiltzeko eskatu zioten, eta euren lurrak zapalduz gero, atxilotzeko. Errusiari, adibidez, Snowdenen estradizio eskaera egin zioten AEBek, baina Errusiak esan zuen ez zuela Snowden estraditatuko, baldin eta Snowdenek AEBen kontrako filtrazioak eta ekintzak egiteari uzten badio.
AEBetako espioitza legea urratzea leporatzen diote Snowdeni, espioitzarako bi programaren erabilerari buruzko datuak filtratzeagatik —telefono erregistroak eta Interneteko komunikazioak aztertzen dituzte programa horiek—.