Ia azken 500 urteotako Aita Santuak italiarrak izan ziren Joan Paulo II.a iritsi zen arte. Inork gutxik uste zuen 1920ko maiatzaren 18an, Wadowicen —Polonia hegoaldean—, jaio zen mutiko hura hain urrutira iritsiko zela. Gurasoek aitaren izen bera jarri zioten: Karol Wojtyla. Haurtzaro gogorra izan zuen mutikoak. Ama, Emilia Kaczorowsky berak bederatzi urte zituela hil zen erditzerakoan. Handik gutxira, 1932an bere anaia Edmund hil zen eta 1941ean, berriz, aita galdu zuen. Horrela 21 urterekin bakarrik geratu zen, gerora Vatikanoko buru nagusia izango zena.
Gaztea zela antzerkia eta literaturan murgildu zen. Baina Adam Stefan Sapieha Krakoviako artzapezpikua ezagutu zuenean, bere bizitzako erabakirik garrantzitsuena izango zena hartu zuen: apaizgotza ikastea. Era horretan, naziak Poloniara sartu eta unibertsitate guztiak itxi zituztenean, beste gazte batzuekin batera ezkutuko unibertsitate bat sortu zuen, ikasketekin jarraitu ahal izateko.
Jaguelloniar Unibertsitateko departamentu teologikoan hasi zen 1942an Krakoviako Artzapezpikuaren laguntzari esker. Lau urte geroago, Wavelgo San Leonardo elizan eman zuen bere lehen meza. Gero, denbora batez, etika irakasten aritu zen Dublingo Unibertsitate Katolikoan (Irlanda) eta Krakoviako Estatuko Unibertsitatean. 1958ko irailaren 23an Krakoviako Administratzaile Apostolikoaren Gotzain Laguntzaile izendatu zuten eta Vatikanoko II. Kontzilioan parte hartzeko aukera izan zuen.
1964an, Krakoviako gotzaina hil zenean, Wojtylak hartu zuen bere lekua. Bi urte geroago, Paulo VI.a aita santuak Krakovia Artxidiozesi izendatu zuen eta Karol Wojtylak artzapezpiku kargua hartu zuen. Garai hartan, Wojtylaelizan parte hartzearen aldekoa eta komunisten aurkakoa zelako egin zen ezagun. 1967. urtean, berriz, kardinal izendatu zuen Paulo VI.a aita santuak. Handik zazpi urtera, 43 apaiz berri ordenatu zituen Wojtylak. Hura izan zen historiako ordenaziorik handiena, II. Mundu Gerra amaituz geroztik.
Paulo VI.a aita santua 1978an hil zen eta Albino Luciani kardinalak hartu zuen bere lekua Joan Paulo I.a izenarekin. Baina hura kargua hartu eta 33 egunetara hil zen, 65 urterekin. Ondorioz, Karol Wojtyla kardinalak hartu zuen haren lekua 1978. urteko urriaren 16an.
Handik gutxira 1981. urteko maiatzaren 13an, Vatikanoko San Petri plazan Aita Santuaren aurkako atentatu saio bat izan zen. Mehmet Ali Agca izeneko turkiar batek hiru tiro egin zuen Joan Paulo II.aren aurka. Tiroek hil ez bazuten ere oso larri utzi zuten. Ebakuntzak ia sei ordu iraun zituen.
Poliziaren esanetan, Agca norbaitek bidalitako hiltzaile bat besterik ez zen. Baina, egun, 23 urte geroago, oraindik ez dakite, ustez, Wojtyla hiltzeko agindua eman zuenaren izena.
Joan Paulo II.a hiltzen saiatu zen turkiarra jende artean zegoeneta emakume batek geldiarazi zuelako harrapatu ahal izan zuen Poliziak. Gaztea Otso Grisak izeneko taldeko kidea zen iturri ofizialek azaldu zutenez, eta lehendik ere kartzelan egona zen. Talde horretako kide gehienak, desagertu edo hilda daude gaur egun. Gaztea epaitzeaz arduratu zen Ilario Del Priore epailearen arabera, berriz, Agcak berak ere ez daki nork eman zion Aita Santua hiltzeko agindua. Ali Agcak adierazi zuenez, Oral Celik Turkiako enpresagizon batek kontratatu zuen bera, eta hark hiru milioi marko jaso zituen atentatua prestatzeagatik. Azken egunotan, Vatikanoa hilketa saioarekin lotu du Agcak kartzelatik.
Sinagoga batean sartzen lehena
Duela bi urte, Italian 20 urteko kartzela zigorra bete ostean, bertako Gobernuak Turkiara estraditatu zuen Agca, Aita Santuak hala eskatuta. Egun, kartzelan jarraitzen du turkiarrak 1979. urtean egunkari bateko zuzendaria hiltzeagatik.
Wojtylaren jaioterrian 2.000 judu inguru bizi ziren eta haietako bat zen Jerzy Kluger gaztetan Joan Paulo II.aren lagunik onenetariko bat izan zena. «Vatikanoan dagoen jendeak ez ditu juduak ezagutzen. Baina hori ez da Wojtylaren kasua. Berak maite ditu betidanik bizi izan baita haiengandik gertu», esan zuen Klugerrek. Wojtyla izan da sinagoga batean egon den lehen Aita Santua. Auschwitzeko kontzentrazio esparruan ere izan zen.
Joan Paulo II.aren osasuna okerragotu egin zen atentatuaz geroztik. 1992. urteko uztailaren 15ean, adibidez, hesteetan zuen tumore bat kendu zioten medikuek. 1996. urtean, berriz, parkinsonarekin arazoak izaten hasi zen. 2003. urtean, bere osasun egoera oso txarra zela onartu zuen lehen aldiz Vatikanoak. Aurten, berriz, bitan eraman dute ospitalera arnasa hartzeko arazoak zituela eta. Hala ere, arazoak arazo, inoiz ez du lana alde batera utzi. 2003an, Irakeko gerra hasi zenean, gogor kritikatu zituen Washington eta haren aliatuak. Horri esker, Bakearen Nobel saria jasotzeko zorian egon zen. Bere azken hilabeteetan, ordea, homosexualen arteko ezkontzak izan zituen hizpide. Gogor kritikatu zituen.
Karguan urte gehien egon den hirugarren Aita Santua izan da Joan Paulo II.a eta bidaia gehien egin dituena ere bai.
Joan Paulo II.a 1920-2005
Wojtyla, atzerritar bat vatikanoan
Une gogorrak bizi izan ditu 26 urteotan; okerrena, agian, bere aurkako atentatua izan zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu