'Egunkaria'-ren aurkako operazioa

Xabier Oleagak Navalcarneroko espetxetik erantzundako elkarrizketa

2003ko azaroaren 3a
14:48
Entzun
Xabier Olegak iragan apirilean Navalcarneroko espetxetik erantzundako elkarrizketa da honakoa:

Xabier Oleaga Erandion (Bizkaia) jaio zen orain dela 46 urte. AEKko sortzaileetako bat izan zen eta gai politikoen inguruko El Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian hasi zen kazetari lanetan. 1987tik 1989ra Txema Monteroren laguntzaile izan zen Bruselan. Garai hartan Montero Herri Batasunako parlamentario zen Europan. Euskal Herrira itzuli zenean Egin egunkariko zuzendari izan zen. Kargua bi urtera utzi zuen, baina kazetari lanetan jarraitu zuen. 1994an Egunkariara joan eta zuzendariorde izan zen bi urtean. 1997tik aurrera Partaideko komunikazio arduraduna izan da. Bere bi alabek Errenteriako ikastolan ikasten dute eta Oleaga bertako zuzendari da.

Egunerok prestatutako galdetegiari erantzun dio Xabier Oleaga kazetariak Navalcarneroko espetxetik. Egunkariaren aurka gertatukoa beste batzuentzako oharra ere izan daitekeela dio, eta neurri prebentiboak hartu behar direla.

Zer moduz zaude?

Gertatutakoak gertatu, etor daitekeenari eusteko indarrarekin, uste dut. Hemen barruan egon beharra bada zerbait. Gero, egotetik egotera alde handia dago. Kartzela barruan edozein unetan sartzen dira tentsionamendurako aukerak, eta horrek egoera astun egiten du, nekatu egiten du.

Zer moduz kartzelako bizitza?

Aste gutxi batzuk baino ez daramatzagu hemen barruan, eta jadanik hil dira bidaian izandako istripuan euskal preso politiko baten ama eta anaia, eta aita oso larri zauritu da. Hurrengo astean bi izan ziren istripuak beste bi kideren senitartekoenak; ez zen zauritu nabarmenik izan. Hori guztia guri burua berotzeko gutxi balitz bezala, orain nagoen kartzelan, eta beste batzuetan ere bai, zigorra iragarri digute gertakari lazgarri horien berri agerian uzteko eransteko papertxo apal bat, Sakabanaketarik ez. Euskal Presoen Euskal Herrira, paparrean itsasteagatik. Eta hor gabiltza, paperak gora eta behera. Beste egun batean medikuak ez dakit zer egin dizula gaizki, eta zu guztiaren erdian indarge. Erretolika luzea, egunero baitago zerbait. Egunero tentsio dosia, handia edo txikia, barneratuz.

Bizi-baldintza gogorrak dituzuela esan berri dute zure senideek.

Askatasuna kentzea da zigor erdia, eta hain modu arbitrarioan, gainera. Beste erdia hemengo bizi-baldintzak dira. Ez ahaztu, hemen, alde batetik, egunero 24 orduetan gaudela zuzen-zuzenean estatuaren aparatu zigortzaileetako agenteekin harremanetan; hobeto esateko, haien menpe. Badaude, haien artean, bai, hobeak eta txarragoak, baina hori anekdota hutsa da hemengo bizimodu orokorrean. Hortik aurrera arbitrarietate erakusketa egiteko joera duen gehiegi, inpunitatea, babesik gabeko egoeraÉ Eta gure jendea, familia, lagunak, inguru soziala, gugandik kilometro askotara. Eta hori gaur, bihar, etziÉ egunero. Telebistako erreportaia on batean beste aldera begiratzen ari den askori kontzientzia berotzeko lain kontatuko genioke. Eta ez ahaztu, gu baino askoz ere okerrago dauden euskal preso politikoak asko direla.

Guardia zibilen esku bizi izandakoa gainditua duzu ala eragina du oraindik zuregan?

Guardia zibilen esku bizi izandakoa hain gogorra izanik, hemengoa biguna iruditzen zaigu. Alde horretatik, gainditutzat eman dezaket. Hala ere, gauetan lo egitea kostatzen zait; orduko pasarte ugari datozkit burura. Kalera irteteko irrikaz nago, noski, baina, era berean, beldurra dut. Berriro gerta dakidakeen pertzepzioa hain da hurbila, hain da arbitrarioa dena. Hala ere, ez diote, gaurkoz, arrazionaltasunari irabazten neure baitan, hor daudela ukatu ezin badezaket ere.

Atxiloketan jasandako tratua espero al zenuen?

Orokorrean badakigu nolakoa izaten den gure inguruko polizia indarren tratua. Tratuari buruz ezin dezaket hitz egin, bestalde, kasu osoari buruz hitz egin gabe. Azken garaietan gure belaunaldikoentzat ezohikoak diren tamainako gauzak gertatzen ari dira. Egunetik egunera etapak doaz, gehiegikeriatik gehiegikeriara, Espainiako Estatuaren aldetik: Egin ixtea, ezker abertzalearen egiturak legez kanpo jartzeaÉ Horrek edozein gertakaritarako ateak irekita uzten ditu. Hala ere, nire aurreikuspen hurbilen artean ez zen azaltzen Egunkaria itxi duten bezala ixtea, ezta eman ziguten traturik ere.

Beste kasu batzuetan izan dira atxiloketak zuenak bezain gogorrak gertatu ez direnak.

Horrela da. Besteak gureak baino bigunagoak izan dira. «Atxiloketa biguna», horrela, kakotx artean, espero nuen nik ere etxera sartu eta akusazioaren berri eman zigutenean. Baina pasadizo bat kontatuko dizut. Lehengo egun batean Navalcarnerotik Auzitegi Nazionalera eraman nindutenean, guardia zibil batek esan zion beste bati nitaz, «Éeste no es de los que matan, es de los que escriben» («ÉHau ez da hiltzen dutenetakoa, idazten dutenetakoa baizik»); eta besteak erantzun: «ÉMe da lo mismo, para mí todos son iguales» («ÉBerdin zait, niretzat denak berdinak dira»).

ETAko kide edo kolaboratzaile izatea leporatzen dizuete.

Gure atxiloketaren eta tratuaren moduarekin, ETAko kideekin homologatu nahi gintuzten. Ez ahaztu zein den Egunkaria ixteko eta gure aurkako akusazioa: ETAren tresna zela, eta gu erakundeko kideak edo laguntzaileak. Lotura hori begiztarazi nahi izan dute, Espainiako iritzi publikoaren aurrean faltsukeriari sinesgarritasuna emateko, ekinbide armatuarekin homologatzeko.

Zuek, ordea, euskalgintza, kulturgintza eta gizartegintzako jende ezaguna zarete.

Bai, eta aukera paregabe hau profitatu nahi nuke gure alde agertu diren guztiei, pertsona zein erakunde, bihotz-bihotzez, mila esker esateko. Ni, behintzat, zorretan sentitzen naiz jasotako elkartasun ikaragarria ikusirik, gainezka eginda sentitu naiz.

Gutun asko jasotzen ari al zara kartzelan?

Nik dakidala, bai niri eta bai kartzelan geratu diren beste biei ere, Iñakiri eta Xabierri, elkartasun adierazpen ugari iritsi zaigu, nahiz eta batzuetan kartzelak horretan ere mugak jartzen dituen. Ez dizut ezkutatuko badudala itxaropena aukera izateko gu hiruren harreman sozial eta politikoen bidez, bisitatu eta idazten gaituztenei, gure lagun eta senitartekoei ez ezik, gure berri eta euskal preso politikoen berri eman ahal izateko. Ziur naiz gure presentziak kartzelara dakarren zeinu diferentzial hori nabarmenduko dela, jadanik nabaritzen ari den bezala.

Gogoan izango dituzu guardia zibilek egindako galderak. Zure kasuan, zer nahi zuten jakin. Zer esanarazi zizuten?

Galdeketan, guardia zibilek gauza askori buruz jakin nahi zuten, baina arreta nagusia, inkulpatzailea nolabait esateko, Egunkariara lanera sartzeko ea nork esan zidan eta noiz sartu nintzen jakitean zegoen. Epaileak eta fiskalak jakin nahi zuten ea nola esplikatzen dudan nire izena ETAk Egunkariari buruz zituen asmoetan egotea, paper batzuek adierazten omen duten bezala. Alde batetik, Egunkarian lanera noiz sartu nintzen jakiteko ez zegoen galdetu beharrik: nahikoa zen gizarte segurantzan egiaztatzea. Hortxe zegoen galdeketaren absurdua, alegia, dena legezko jardunei buruzko galderak ziren, gehienbat paper ofizialen bidez ezagutzeko modukoak. Eta epailearen galderei buruz, nire izena hiru paperetan agertzen bada ere, balizko egitasmo horretan izan dezakedan inplikazio kontzienterik ez du erakusten. Eta ez dago, noski. Adierazi nien, baina begira emaitza.

Kazetari gisa, oso denbora gutxi eman zenuen Egunkarian.

Hori da nire aldeko beste argudio bat. Egunkariara sartu izan banintz leporatzen didaten ardura eta zeregin politikoetarako, ez nintzen irtengo handik pare bat urtera. Haiek bazekiten hori argudio sendoa zela nire alde, eta guardia zibilek asko estutzen ninduten galdeketan jakiteko zergatik joan nintzen Egunkariatik.

kastolak ere ETAren zaku berean sartu nahi dituzte?

Ikastolei buruz galdera pare bat egin zidaten guardia zibilek eta fiskalak, berdintsuak, baina ez zuten alde horretatik interes handirik adierazi. Fiskalak galdetu zidan ea ikastolak KASekoak diren, eta ea nola finantzatzen diren, ez besterik. Epaileak ez zidan ezer galdetu horretaz. Hori bai, guardia zibilek botatzen zituzten, barra-barra, euren iritziak ikastolei buruz: gezurrezko historia erakusten zaiela ikasleei, gezurrezko geografiaÉ Ezaguna egiten zaizue? Ez dakit PPkoen diskurtsoa den guardiazibilizatua, edo guardia zibilen diskurtsoa PPren lapikoan egositakoa.

Ikastolek kezkatzeko arrazoirik izan beharko lukete?

Bai, eta zalantzarik gabe diot, gainera. Bai, gutxienez, kezka prebentiboa. Estatuaren logikan bete-betean sartzen delako AEKrekin egin zen bezala Gara egunkariaren aurka edo beste zerbaiten aurka ere aritzea. Besterik da akusazioa teknikoki ETArekin lotzeko aukerarik, aitzakiarik, lortuko duten. Baina, lortuz gero, zalantzarik gabe. Azken batean, bai baitakigu eredua zein den, alegia, «terrorismoaren» aurkako estrategiaz jantzi, jazarpen politiko hutsa baino ez dena. Aznarrek oso ondo ikasi du Estatu Batuek zorigaitzeko irailaren 11koaren ondorioz abian jarri duten dotrina.

Espainiako Gobernuak kereila jarri dizue torturak salatzeagatik.

Gobernuak arazoak ditu Egunkariaren aurka egindako operazioa dela eta. Ez zaie beste operazio batzuk bezain ongi irten. Operazioaren aurkako salaketak nahi zuten baino oihartzun handiagoa lortu du Euskal Herrian eta nazioarteko eremuan. Tortura salaketak, bereziki, oihartzun handia lortu du. Oihartzun hori mozten saiatzeagatik egin du Acebesek egin duena. Horregatik ezkutatu dituzte epaitegietan batzuek egin genituen tortura salaketak eta kanporatu eurena, gure aurka.

Operazioak jarraipena izango duela uste duzu?

Egunkariarena gertatuko zenik ere ez nuen esango. Gogoan dut, Egunkarian lanean nengoela, eta nengoelako hain zuzen ere, behin Carlos Iturgaitzekin izan nintzela bazkaltzen. Pozik zegoen bera, eta pozik ni haren ahotik entzutean, bere alderdiko idazkari nagusi zenetik bulego zentraletan Egunkaria egunero hartzen zela, beste egunkariak bezala. Harro zegoen, bataila hori alderdira berak eraman eta irabazi egin zuelako. Gure arteko harreman hori balio gisa hartu izan dugu bion artean; frogak eta lekuak ditut hortaz. Gaur egun Egunkariaz eta beste hainbat gauzaz zer pentsatzen duen ez dakit, zer esaten duen badakit ere. Baina gauzak asko aldatu dira, nabarmena den bezala. Espainiako Estatuarentzat ezker abertzale usaina duen zoru osoa ezabatzeko bidea hartua dago, PP eta PSOEren artean, baina lehenengoaren lidergopean. Argi dago zergatik: ezker abertzalea hartzen duelako abertzaletasunaren motor gisa. Eurentzat ezker abertzale kutsua du soilik abertzale edo soilik euskaltzale den ekimen askok, eta horren ondorioak dira Egunkariaren aurkakoa bezalako ekimenak. Kontua da, ondorioz, azken urteetan asko kostata zabaldu den zoru abertzale eta euskaltzale osoa pikutara joan daitekeela, alderdi abertzaleek, eragile sindikal eta sozialek, Euskal Herriarentzako jokaleku demokratiko berri baten alde daudenek, oro har, estrategia bateratua hartzen ez badute.

Euskal Herrian izan den erantzuna egokia iruditu zaizu?

Euskal Herrian Egunkariaren inguruan eman den eta ematen ari den erantzunaz asko esan daiteke. Tentagarria izan daiteke horren inguruko azterketak eta iruzkinak egitea, benetan. Euskal gatazkarako, eta ez bakarrik Egunkariarekiko edo euskalgintzarekiko, gauza interesgarri, jarrera erresolutiboen aldeko gauza interesgarri asko esanarazi, konpararazi ditu Egunkariaren aurkako operazioak. Zoragarria izan da.

Gertatutakoaz zerbait baikor atera daiteke?

Ateratzen ari da, zorionez. Edo ateratzen ari zen, esan beharko nuke. Egunkariak errotutako lur onak ez dakit ba ez ote dituen hauteskundeetarako sumendi lehertuak bere laba beltzapean estaliko. Maiatzaren 25erako hauteskunde guztiz anormalak, ikuspegi demokratiko batetik ikusita, nire uste apalez, distortsio hutsa gertatzen ari dira, eta gerta daitezke, esperantza benetan itxaropentsuetarako. Baldintza hauetan egiten badira hauteskundeak, onena errepikatzea litzateke, legegintzaldia amaitu aurretik, baldintza demokratikoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.