Zer iritzi duzue Frantziako Gobernuak bultzatu duen Berdintasun Legeari buruz?
Legea proiektu bat dela orainoko, ez da bozkatua Senatuan —nahiz eta onartzeko arazorik izango ez den—. Ekartzen ditu aitzinamendu batzuk, hala ere. Adibidez, gurasoen oporren inguruan 1985ean egin zen lehen legea, eta beti deitu dute gurasoen opor , baina emazteak sartu dira etxerat. Beraz, hor aldaketa bat bada aitek beren tokia gehiago har dezaten. Gero, legeak aipatzen du guraso hitza; ez da aita-ama esaten. Bestetik, aita batzuk oso gaizki ikusiak dira egun enpresetan guraso opor horiek hartzen dituztelarik, eta, beraz, hor ere egin beharko da zerbait.
Egun oraindik oso barneratua dago umearen kargu amak egin beharko lukeen ustea.
Bai, hala da. Ama batzuek, gainera, nahi izaten dituzte memento horiek bizi. Guk esaten dugu Emazteek Diote taldean emazteek ere behar dutela beste modu batean beren gorputza eta beren mantala aldatu, eta are gehiago orain. Ni zaharra naiz; 65 urte ditut. Gu borrokatu gara etxetik ateratzeko, lana edukitzeko, kontratazioak egiteko, eta gure adinekoek sentitzen dugu emazte gazteek nahi dutela gu baino gehiago beren haurretaz okupatu, eta ez dakigu segur hori hautu bat ote den. Atzo egon nintzen jardunaldi batzuetan, eta bazen ipuin kontalari bat haurrentzat, eta aita bakarra ikusi nuen berrogei bat emazteren artean. Horregatik diot legeak badirela baina mentalitatea ez dela aldatzen.
Eta proposamena aurrera eramateko neurririk aurreikusi dute?
Hori da arazoa. Ze, gauza bat da proposamenak aurrera egitea eta bestea hura nola ezarriko den. Adibidez, 1.000 jende baino gehiagoko herriko etxeak obligatuak dira parekotasuna errespetatzera, baina ez, hala, txikiagoak; eta herri txikietan ere behar litzateke, baina ahaztu dute. Bada orain ere lantegi handietan emazte eta gizonen artean berdintasuna bultzatzen duen legea, baina kontrolak eskasak dira. Alor horretan, adibidez, [Emakumeen Eskubideen ministro] Najat Vallaud-Belkacemek nahi zuen sartu aukera enpresa bateko nagusiek bertako emakumezko langileak iraindu edo jazartzen bazituzten, haien aurka modu kolektiboan eta tribunaletan egiteko eta nagusia portaera aldatzera behartzeko, baina kanpo geratu da. Bestetik, lantegietan ere sindikatuak badira, berdintasun hori zaintzeko, baina horiek ere behar lukete gehiago aztertu beren gizon egoera. Dena den, egia da legea garrantzitsua dela, baina heziketa ere behar da. Legea finean da errealitatea nola aitzinarazi eta heziketa geroari buruz, baina bietan ere lan handia dago egiteko.
Bestetik, lehen heziketa aipatu dugu, eta, hain zuzen, badira hilabete batzuk berdintasunaren abeze horren barruan zenbait eskolatan genero berdintasunari buruzko ikasketak ematen hasi direla, esperientzia moduan. Oso interesgarria da, jorratzen dituelako generoa, sexua eta kultura. Eta, hain zuzen, horri buruz zuten igandeko manifestazioa egin. Eta, ondorioz, atzeratu dute Familia Legea deritzona. Hor izugarriko borroka da. Horrek esplikatzen du apur bat zer lotura falta dagoen eskoletako heziketaren eta familiako heziketaren artean.
Ez da kontraesana enpresetan eta politikagintzan berdintasuna bultzatzea eta, oinarrizkoenean, alegia, heziketan, proiektua atzeratzea?
Bai. Badakizu, 37 taldek deitu zuten igandeko manifestazioa. Denetarik izan da hor; elkarte horietako batzuk ez dakigu ere nor diren. Baina apezpikuak badira tartean, 30 bat denera, baita Baionakoa ere. Duela zortzi egun, berriz, abortuaren aurkakoa izan zen manifestazioa. Erlijioso integristak sartu dira hor; ez bakarrik kristauak, baita juduak, musulmanak eta bestelakoak ere. Ez zuten irentsi homosexualen arteko ezkontza baimentzea. Beldurgarri da; ez da sanoa 2014an oraindik borroka horietan aritzea. Ez dute kontuan hartzen errealitatea; nahi dute berriz etorri duela ehun urteko bizimodura, emazteak etxera itzultzea. Irrigarri da, gainera, manifestazio horietan emazteak direla aintzina. Guk askotan esaten dugu hauxe: "Ez gara emazte sortu, baina bilakatu gara; ez zarete gizon sortu, baina bilakatu zarete". Alegia, badela halako desberdintasunik, eta egun gizonek badutela botere bat emakumeen gainean.
Bestetik, urrun dira feministak eta jende xumea; feministok, agian, sobera joaten gara aurrera. Egia da ere oraingo borroka dela diru eta lanaren borroka, bizitzeko borroka. Jende xumeek hori dute ere gogoan, eta eskuina hortaz baliatzen da nahi duena lortzeko.