Elkarrizketa (2004-04-11)

Xarlo Etxezaharreta: «Nazio Eztabaidaguneak bide bat irekiko du, eta ea arduradun politikoek jarraitzen duten»

Xarlo Etxezaharretak sei hilabete eta erdi iragan ditu preso Espainian Udalbiltzako kide izateagatik. Aste honetan askatu dute, 60.000 euroko bermea ordaindu ondoan. Atzo egin zioten omenaldia Hazparnen

2004ko apirilaren 19a
17:29
Entzun
Eneko Bidegain

Omenaldi hunkigarri eta jendetsua jaso zuen atzo eguerdian Xarlo Etxezaharretak Hazparnen. Oren bat lehenago, Berria-ri elkarrizketa eskainia zion.

Nola iragan dira azken bi egunak?

Emozio eta sentimendu oso nahasiak ditut. Zoriontsu nago, baina oraindik flash batzuk izaten ditut ordularia begiratzen dudalarik: «To, memento honetan hori egiten ari ditukÉ». Han utzitakoak beti gogoan dauzkat.

Nolako elkartasuna ukan duzu?

Izugarria. Harritua izan naiz. Elkartasun horrek bihotza hausten du pixka bat. Hori ezin da itzuli. Nola itzuli? Agian orain arte egin dudan bidearen onartze bat da. Orduan eman didaten konfiantza hori merezitu behar dut eta, beraz, borrokan jarraitu.

Zer eragin izanen du Udalbiltzakoen presondegiratzeak?

Horrek erran nahi du Udalbiltza hainbeste gorrotatzen badute beharbada bide onetik ari garela, Euskal Herria osatzen ari garela, desberdintasunekin baina osotasunean ere bai. Agian ondorio onak emanen ditu eta orain arteko zatiketa desagertuko da.

Zer egin behar da aipatu duzun zatiketa horren gainditzeko?

Norberak bere handikeriak eta interesak ahantzi behar ditu eta Euskal Herria eta euskal herritar guztien interesak eman aitzinean. Hori lortzen badugu, orduan batasuna eginen dugu bi Udalbiltzen artean. Gelditu behar dugu «nik arrazoi dut, besteak ez» horretatik.

Aberri Egunean Nazio Eztabaidagunearen ekitaldia aipagarria izanen da. Zer esperantza ezartzen duzu?

Esperantza handia, panorama guztietako jendea sartu baita hor. Uste dut bide bat irekiko dutela. Ea ardura politikoak dituztenak horren atzetik sartzen diren eta ohartzen, azkenean, alderdia edo estatua ez dela garrantzitsua. Jendea eta herria da garrantzitsua. Gure kultura, hizkuntza, lurraÉ Horientzat behar da borrokatu.

Abertzaleek berriz lortzen balute batzea, bide bat irekiko luke abertzaletasunaren kontrakoekin adostasun bati buruz joateko? Ala bi indar bat bestearen kontra konfrontatuko dira?

Abertzaleak elkartzen badira, borroka armatua geldituko da. Orduan, errazagoa izanen da elkar entzutea, gero elkarrekin mintzatzea eta elkar ezagutzea. Horrela ikusiko dute ez garela haien aurka, baizik eta gurearen alde. Ez gara hasiko maleta ala hilkutxa lemarekin. Esplikatuko dugu zer nahi dugun: «Onartzen zaituztegu, baina behar gaituzue errespetatu».

Preso ohi guztiek bezala, bihotz ximiko hori izan duzu barnean utzi dituzun lagunentzat...

Sei hilabeteko memento txarrena hori izan dut.

Nola espero duzu presoak ateratzea? Zer egin behar da?

Lehen gauza, beren burua abertzaletzat daukaten guztiak bildu. ETAk errana du keinu bat eginen lukeela. Lehen ondorioa izanen da Zapaterok zerbait egiteko obligazioa lukeela. Arriskurik hartu gabe, justiziaren kontra deus egin gabe, Espainian dauden 600 presoetatik 300 egun batetik bestera aska ditzake, ez baitute deus ikusteko delitu batekin. Besteak Euskal Herrira ekarri. Eta pixkanaka-pixkanaka ikusi zer gertatzen den. Hemen memento batetik bestera gauzak alda daitezke.

Zure ustez, zergatik orain utzi zaituzte aske?

Zurrumurru batzuen arabera, hango fiskalak eta epaile batzuek ez dute gehiago irensten ahal Garzonek muga batzuk pasatzea eta aukera hori baliatu dute Garzonen aurka egiteko.

Nola iragan da Garzonekin ukan zenuen elkarrizketa?

Bi minutuz. Ez dakit nolako begiak dauzkan, beti ihes egiten du. Begiradaren Zidane deitzen dut. Uste duzu baloia kenduko diozulaÉ Eta ez, badu beti zerbait ikusteko fiskalarekin, idazkariarekinÉ Ez du sekulan begietara begiratzen. Erabakia aitzinetik hartua zen. Poliziak errana zidan preso nindoala.

Nola iragan zen komisarian?

Niretzat ongi. Ez ninduten hunkitu. Presondegian hamalau euskaldun ezagutu ditut. Zazpi torturatuak izan dira. Hori ez da salbuespen bat. Nirea da salbuespena. Udalbiltzako jendea ez dute jo. Baina akusazioa kale borrokari lotua bada, kristorena biltzen dute. Denek badakite tortura badela eta denak isiltzen dira. Lehenik Ibarretxe.

Hauteskundeetan aurkeztu zara. Nola bizi izan duzu kanpaina?

Penagarria, zatiturik aurkezteagatik. Ez naiz joko horretan sartu. Erran zidaten nahi zutela ni izatea, preso baten lekukotasuna izanen baitzen. Horregatik onartu nuen. Erran balidate orain arte ni aurkeztu izan naizelako nahi nindutela, ez nuen onartuko.

Coumeten hutsegiteak zer heinetako plazera eragin dizu?

Pena ukan dut gau hartan ez hemen izatea, haren muturra ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.