Ezker abertzalearen txosteneko ondorioez balorazio baikorra egin du Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaletak: "Pauso handia eta garrantzitsua da". Haren arabera, Aralarren tesietara hurbildu da ezker abertzalea. "Aralarren postulatuetara hurbilketa ideologiko sakona sumatu dugu. Gure herrian politikak bide eta norazko horretan garatu behar du". Hartara, elkarlanerako eskua luzatu dio Zabaletak ezker abertzaleari: "Badaude baldintzak ezker abertzaleko bi sentsibilitateen artean elkarrizketa irekia eta zintzoa izateko. Beti bezala, Aralar elkarrizketa hori zabaltzeko eta kontaktua mantentzeko moduan dago".
Orain, hitzetatik ekintzetarako urratsa egin behar dela esan du Aralarreko koordinatzaileak. "Agiriaren garrantziaren froga bertan jasotako hitzetatik eratorritako ondorio zehatzak ateratzeko gaitasunean egongo da, eta ondorio horiek praktikara eta errealitatera eraman ahal izateko bide zehatzak irekitzeko gaitasunean".
Elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Tasio Erkiziak ere, Euskadi Irratian egindako adierazpenetan: "Denon eginkizuna da. Lidergoa konpartitzeko prest dago ezker abertzalea. Denok gara beharrezko, inork bakarrik ez du herri hau askatasunera eramango". Agiria kaleraturik, batasunera dei egin du: "Elkarlanean urrats berriak egin behar dira".
Eusko Alkartasunak baikor hartu du agiria. Pello Urizarrek nabarmendu du "norabide egokian emandako pausoa" dela. "Bide politikoak bakarrik aldarrikatzeak Euskal Herrian normalizazioa eta bakea lortzeko ezinbesteko printzipio demokratikoa onartzen dela esan nahi du". Urizar Espainiako Gobernuari so jarri da, eta Alderdien Legea bertan behera uzteko eskatu dio. "Beren proiektu politikoa defendatzeko bide zibil eta demokratikoak bakarrik erabiltzearen aldeko apustua egiten dutenei politikaren arlo guztietan lan egiteko aukera eman behar zaie".
Agirian ezer berririk ez du ikusi, berriz, PPk. Leopoldo Barreda bozeramaileak esan du ezker abertzalearen "trikimailua" dela agiria, eta haren helburu bakarra dela 2011ko udal eta foru hauteskundeetara aurkezteko modua egitea.
Zabaleta: "Aralarren postulatuetara hurbilketa ideologiko sakona sumatu dugu"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu