Frantziako Le Figaro egunkariak gaur plazaratutako elkarrizketan esan du hori Espainiako gobernuburuak. "Espainiako demokraziaren arazo larriena terrorismoa amaitzea" dela erantsi du.
Gironan (Herrialde Katalanak) goi bilera dute Espainiako eta Frantziako agintariek, eta horren harira, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari egindako elkarrizketa plazaratu du gaur Le Figarok-k. Euskal Herriko gatazka eta balizko konponbide prozesua dira elkarrizketa horren ardatz nagusiak.
Ildo horretatik, prozesuan aurrera egiteko pilota une honetan ETAren zelaian dagoela iritzi dio; hots, erakunde armatu horri indarkeria behin betiko uzteko borondatea duela frogatzea dagokiola. Osterantzean, Espainiako Gobernuak ez duela prozesuan aurrera egiteko urratsik egingo ohartarazi du, baina ETAk urratsik eginez gero, Madrilek ere gauza bera egingo lukeela. "Talde terroristak aurreraurrats bat egiten badu, Gobernuak aurreraurrats bat egingo du. Historiaren tunelean galdu nahi badute, inork nahi ez duen egoera batean izango gara", esan du.
Nolanahi ere, Espainiako demokraziaren arazo larriena "terrorismoa amaitzea" dela erantsi du Zapaterok, eta ETAren jardun armatuak 40 urte dituela oroitarazi ondoren "demokraziak itxaroten" dakiela azpimarratu du. "Epe luzeko ikuspegia behar da, berehalako analisitik haratagokoa".
Batasunari dagokionez, milaka euskal herritar ordezkatzen dituela onartu du Zapaterok, baina legezko izateko "joko arauak onartu eta indarkeria salatu" beharko duela agertu du.
Euskal Herriko gatazkan Frantziak ardura eta zeregin poitikorik duela ukatu egin du Espainiako gobernuburuak.
Zapatero: "ETAk aurreraurrats bat egiten badu, Gobernuak beste bat egingo du"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu