Ia goizeko hamaikak zirela azaldu da Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidentea komunikabideen aurrean, ETAren su-eten iraunkorraren bukaeraz mintzatzeko. Bost minutuko adierazpena egin du, ustekaberik gabea: erabakia salatu du eta Gobernuak betiko neurriak hartuko dituela esan du. Ez du kazetarien galderarik onartu gabe ondoren.
"ETAk gaur bukatutzat eman du berak 2006ko martxoan irekitako su-etena. Dena den, joan den abenduan eman zuen hautsitzat, Barajasen atentatua egin eta Ekuardorko bi herritar hil zituenean" eta, ETAk erabaki honekin, "lehen egin izan dituen akats bera egin du", Zapateroren ustez. "Euskal eta Espainiako gizarteak bakea nahi dute, eta ETAren erabaki hau bide horren kontra doa erabat". "Bakearen" bide horrek "bukaera bakarra" duela uste du Espainiako Gobernuaren presidenteak: "Armak behin betiko uztea".
Erakunde armatuaren erabakiaren ondoren, Espainiako Gobenuaren "erantzuna", Espainiako gobernuek "lehen eman izan dutena" izango dena esan du Zapaterok: "Balore eta erakunde demokratikoen defentsa irmoa; Zuzenbide Estatuaren aplikazio hertsia; Estatuko segurtasun indarren efikazia; eta nazioarteko lankidetza".
Espainia "nazio indartsua" dela uste du Zapaterok, eta "orain berriro" erakutsiko duela hori, "amore eman gabe mehatxuen eta jarri nahi dizkiguten desafioen aurrean".
"Bereziki", euskal herritarrei zuzendu zaie Zapatero bere adierazpenean, "bakea lortzeko eta denetzat bizikidetza lortzeko, demokratikoki aukera denak defendi daitezen eta liskar oro gaindi dadin, ahal den ahalegin guztiak" egin dituela esateko, eta hori euskal gizarteak badakiela uste duela. Euskal herritaren etorkizuna "haiengan" dagoela esan du, "legearen eta demokraziaren markoaren barruan".
Egoera berriaren aurrean, Espainiako Gobernuak "bitarteko guztiak jarriko ditu bizikidetzaren, askatasunaren eta denon segurtasunaren defentsarako". Zapaterok esan du lehen ere jarri izan dituela. Azken batean, "hitzaren eta demokraziaren indarrak delirio totalitarioa garaitu" egingo dutela pentsatzen du; "eta orain mehatxatzen gaituztenengan ere inoiz hori gaindituko delakoan nago".
Gobernuari "baldintzarik gabeko babesa" eman dioten alderdi politikoak "eskertu" nahi ditu presidenteak. Orain ere babesa emango diotelakoan dagoela adierazi du.
ETA-ren su-etena bertan behera. Erreakzioak
Zapatero: "Gizarteak bakea nahi du eta ETAren erabakia horren kontra doa erabat"
Espainiako Gobernuaren presidentearen ustez, erakunde armatuak abenduan hautsi zuen su-etena, Barajasko atentatuarekin. Su-etenaren garaian "bakea lortzeko eta denetzat bizikidetza lortzeko, ahal den ahalegin guztiak" egin dituela esan du Zapaterok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu