Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Garikoitz Aspiazuren atxiloketak ETAri "kolpe erabakigarria" eman diola adierazi du eta gaur erakunde armatua "ahulago" dagoela adierazi du. Guardia Zibila zoriondu du Espainiako presidenteak, eta Frantziako agintarien "laguntza" eskertu du. Barne Ministro Alfredo Perez Rubalcabarekin egindako bileraren ondoren egin ditu adierazpen horiek Zapaterok.
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak txalotu egin du Aspiazu ustezko etakidea atxilotu izana Poliziak gaur, "eta horrek erakusten du Frantziaren eta Espainiaren arteko lankidetza bikaina dela. Terrorismoaren aurka egiteko konpromiso irmoa dute bi herrialdeetako poliziek". Oharra atera du Sarkozyk atxiloketa baloratzeko.
Michele Alliot-Marie Frantziako Barne ministroari Polizia zoriontzeko eskatu dio. Honek esan du Espainiaren esku utziko dutela Aspiazu.
Beste erreakzioak
Alfredo Perez Rubalcaba (Espainiako Barne ministroa)
"Oso albiste ona da atxiloketa, Aspiazu zelako ETAn hiltzeko aginduak ematen zituena, eta berak ere hiltzen zuelako. Terrorista denek bukatuko dute berdin: atxilotuta".
Miren Azkarate (Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea)
"Oso albiste ona da atxiloketarena. Eusko Jaurlaritzatik ETAren aurkako polizia lanari erabateko babesa ematen diogu".
Alberto Catalan (Nafarroako Gobernuko bozeramailea)
"Zorionak Guardia Zibilari, terrorismoaren aurkako ibilbideagatik. Sistema demokratikoaren eta Zuzenbide Estatuaren defentsak demokrata denon konpromisoa eskatzen du".
Mariano Raxoi (Espainiako PPko presidentea)
"Zorionak Guardia Zibilari, ETAko buruzagi garrantzitsuetako bat atzeman dutelako. ETAko kideak atxilotzea da ETA bukatzeko bide bakarra".
Josu Erkoreka (EAJren bozeramailea Espainiako Kongresuan)
"Izugarrizko albistea da Txeroki-ren atxiloketa, ETAk euskal gizarteari egiten dion presioa gutxiagotuko baitu. Hala ere, zuhur izan behar dugu, ETAk berregituratze ahalmena baitu".
Patxi Lopez (PSE-EEko idazkari nagusia)
"Oso-oso albiste ona da atxiloketa, eta pixka bat libreago gara orain. Frantziaren eta Espainiaren arteko lankidetzari esker, baketik gertuago gaude".
Mikel Arana (EBko presidentziaren eleduna)
"Atxiloketa honek indarkeriaren balliogabetasunaz hausnartzea eraman behar ditu ETAren zuzendaritza eta ezker abertzalea bera".
Zapatero: "Kolpe erabakigarria da ETArentzat"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu