Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak berriro txarretsi ditu Espainiako Gobernuak bere arloan egin nahi dituen murrizketak, eta uste du Espainia erkidegoetan "sukalderaino" sartzen ari dela, eskumenak berreskuratu nahian. "Murrizketa politikak eta zuzenbide estatuaren desegitea baino ez da ari planteatzen gobernua", esan du Zelaak gaur, Radio Euskadi irratian.
Jaurlaritzak "autogobernuaren urraketarik" ez duela onartuko azpimarratu du Hezkuntza sailburuak. "Hezkuntza ukitzea etorkizuna ukitzea" dela deritzo.
Zelaak jakinarazi du gobernuak oraindik ez diela idatzirik aurkeztu. Ministroen Kontseiluak bihar onartuko du Hezkuntzako murrizketa plana, baita Osasunekoa ere.
Hain justu, Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak asteartean iragarri zuenez, Madrilek ikasleak gehiago pilatzea eta eskola ordu gehiago jartzea nahi du. Jaurlaritzak orduan bertan esan zuen gogor defendituko duela autogobernua, eta Nafarroako Gobernuak zioen ministroaren neurriak bete beharrekoak direla.