Zer da? Zertarako sortu da? Nola lortu?

2013ko otsailaren 1a
09:07
Entzun

Hasi dira eusko deitu diruarekin egindako trukaketak. 134 hornitzaile eta 460 erabiltzailez gora dira Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan gaindi diru osagarri hori erabiltzeko prest. Erabilpena ahal bezainbat zabaldu nahian dabiltza sortzaileak.

1. Zer da euskoa?

Tokiko diru bat da euskoa, Ipar Euskal Herriko hainbat saltegi, enpresa eta elkartetan erosketak egiteko baliatuko dena. Euskoaren erabiltzaileen sarean direnek euroa erabili beharrean tokiko diru hori baliatu ahal izango  dute. Bost billete dira orotara: 1, 2, 5, 10 eta 20 balio dutenak. 126.500 eusko dituzte inprimaturik. Diru elektronikoa ere sortuko dute ondoko asteetan. “Euskalduna, ekologikoa eta solidarioa” izanen da, sortzaileen hitzetan. Hori dela eta, edozein hornitzailek ezingo du erabili: tokiko garapenari, ekologiari eta euskarari begira engaiamendu batzuk hartu beharko ditu interesatuak.

2. Zertarako sortu dute?

“Dirua ez da dogma bat, dirua egiteko manerak ekonomia egiten du, eta guk erakutsi nahi dugu dirua eta, beraz, ekonomia egiteko beste molde batzuk daudela”. Hori dio Dante Edme-Sanjurjok, tokiko diru horren sortzailetariko batek. Dirua lurralde batean trukeak ahalbidetzeko tresna ekonomikoa izanki, Ipar Euskal Herriko dirua sortuz, bertako trukeak ahalbidetuko ditu, zirkuitu labur eta tokiko trukeen bidez. Horrek tokiko garapena dakar, eta ekologikoa ere bada, garraio distantzia handirik ez izanki berotegi efektua dakarren gas isurketa gutxiago delako. Tokiko enplegua sustatzen duenez, sozialki ere eragina du. Ipar Euskal Herriko saltzaile, enpresa, elkarte eta kontsumitzaileen artean elkartasuna indartzea ere badu helburu. Euskoak euskararen erabilpena sustatzeko tresna ere izan nahi du. Hots, euskararen erabilpena azkartzea galdetua zaie sarean diren hornitzaileei. Lurralde mailako elkartasuna oraindik gehiago garatzeko xedez, diruaren zati bat elkarteei banatuko dute, hala nola euskoak hartzerakoan zerrenda bateko elkarte bat aukeratu eta hari banatuko zaio trukaturiko diru zamaren %3.

3. Nola eskuratu?

Ezinbesteko lehen pausoa Euskal Moneta elkarteko kide izatea da. Bazkidetza truke guneetan edo www.euskalmoneta.org webgunean eskura daiteke. Bost eta hogei euro artean da harpidetza kontsumitzaileentzat, 60 eta 240 euro artean hornitzaileentzat, eta hamar eta ehun artean elkarteentzat. Prezio erdian da Bai Euskarari labela dutenentzat. Ondotik, eusko bat euro baten truke, nahi bezainbat eusko eskuratzen dira. Erabiltzaileak katalogo bat ukanen du, ikusteko nork onartzen duen dirua. Horietara joanez, edo tokiko diruarekin edo euroarekin edo biekin ordaintzen ahalko da.

4. Non erabil daiteke?

Elkartasunezko ekonomiaren alde, ingurumena errespetatuz eta euskararen erabilpena sustatuz jardun behar du elkarte, enpresa edota saltegiak. Ipar Euskal Herrian ukan behar du bere aktibitatea. Lehen bi urteetan bi desafio betetzeko engaiamendua hartzen du hornitzaileak. Batetik, bertako hiru produktu erabiltzera engaiatzen da. Ezin baldin badu, hondakinen bereizketa selektiboa egin beharko du. Euskararen erabilpena sustatzeko bidean, afixaketa elebiduna ezarri beharko du. Bestela, nagusiak edo  langileek euskarazko kurtsoak hogei orduz segitu beharko dituzte. Aniztuna da hornitzaileen taldea: hurbileko dendariak (jatetxeak, ile apaindegiak, farmaziak...), artisauak, profesio liberalak (medikuak, tindatzaileak...), ekoizleak (arrantzaleak, laborariak, artistak...), elkarteak eta lurralde kolektibitateak (eskoletako kantinak, herriko igerilekua...). Batzorde berezi bat dabil banan-banan eskaerak aztertzen. Engaiamenduen betetzeari buruzko kontrola ere egiten du lehen urtearen hondarrean. Kontsumitzaile, hornitzaile, elkarte eta partaidez osatua da batzorde hori.

5. Segurua ote da?

Sistema ahal bezainbat ziurtatua izateko gisan, hainbat neurri hartu dituzte sortzaileek. Adibidez, imitatu ahal ez izateko, billeteek osaketa berezia ukanen dute. Bestalde, Frantziako banku zentralari kontrolarazi diote billetea, euroarekin nahasi ezina dela segurtatzeko.

6. Euskoak berriro truka al daitezke?

Kontsumitzaileek ezingo dute euskoa berriz eurora konbertitu. Haatik, hornitzaileek bai, %5eko zerga batekin. Euskoa eurotan aldatzearen ordez, hornitzaileek euskoa berriz erabiltzea da komisio horren helburua.

7. Non dira euroak?

Euskora trukatzen diren euroak banku batean ezartzen ditu elkarteak, erreserba funtsa osatzeko. Elkartearen filosofiari segi, banku etiko eta solidario baten hautua egin dute: Credit Cooperatif- bankutik pasaz, horri loturiko NEF agentzian dituzte euroak. Herrikoa sozietatearekin pasatako hitzarmenari segi, Herrikoak du erreserba funtsa kudeatuko. Urrunago doa hitzarmena: Eusko-Herrikoa inbertsiorako funtsa ere sortu dute. Erreserba funtsaren heinekoa izanen da, eta Euskal Moneta elkarteak Herrikoari aurkezturiko proiektuen diruztatzeko erabiliko dute. Adibidez, Alduden (Baxenabarre) eraikitzekoa duen gasnategia finantzatzeko, laguntza eskatua die jada CLPB gasnategiak.

8. Krisiari entzuna izan nahi al du?

Krisi garaietan agertzen dira maiz diru osagarriak. Gaur egun den krisi finantzario, ekonomiko, sozial eta ekologikoari begira “konponbide batzuk” ematen dituela diote euskoaren sortzaileek. Diru osagarrien sortzea ez da  fenomeno berria; Erdi Aroan maiz sortzen zuten haien diru propioa apezpiku, jaun edota hiriek ere. Baina egia da krisi garaietan direla gehienbat agertzen. 1929. urteko krisiaren ondoren biderkatu ziren, tokiko ekonomia berriz abiarazteko eta langabeziaren txikitzeko tresna gisa ikusia izanki. Argentinan 2002an izandako krisi garaian ere loratu ziren ezker-eskuin. 2.500 diru osagarri kontatu dira munduan zehar, eta 500.000 eta 1.000.000 artean lirateke erabiltzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.