-Produktuaren funtsa. Lehentasunezko parte hartzeen antzekoak dira, baina badituzte aldeak. Haiek bezala, ez dira gordailu bat, iraupen mugagabea duten beste finantza produktu bat baizik. Baina haietan ez bezala, jaulki duenak behartuta dago urtero haren truke interesa ordaintzera —parte hartzeetan, soilik irabaziak banatzen dituenean—. Horrela, Eroskik azken sei urteotan 200 bat milioi euro banatu dizkie interesetan bere ekarpenen erosleei. Hurrengo ordainketa lau egun barru egingo du Eroskik. Jaulkipenaren arabera, %3 eta %3,5 bitartean jasoko dute inbertitzaileek.
Zenbakiak. Eroskik 2002, 2004 eta 2007an jaulkitako menpeko finantza ekarpenak 30.000 eroslek hartu zituzten 660 milioi euroren truke. Haien %44 BBVAk saldu zituen; Laboral Kutxak, %31; Kutxabankek, %12 eta La Caixak, %8.
Soluziorako proposamena. %30eko kita proposatu die Eroskik erosleei; trukean inbertsioaren %15 esku dirutan jasoko lukete bezeroek,eta gainontzeko %55 kooperatibak jaulkiko lukeen zor bonuetan, hamabi urteren buruan itzuli beharrekoak, Euribor gehi %3ko interesarekin. Betirako gordailua hamabi urterakoa bihurtzen da, beraz, interes on batekin, baina kita handi bat tarteko.