Emilio Perez-Trallero doktoreak laburbildu ditu arazoa ez larriagotzeko herritar arruntek har ditzaketen neurriak:
1. Ez presio egin zure medikuari errezeta bat egiteko infekzioak hala eskatzen ez duenean. Arnasbideko infekzioak maiz birusek eragindakoak izaten dira, eta antibiotikoek ez dute ezertarako balio horietan.
2. Ez hartu antibiotikorik ez badizkizu zure medikuak agindu. Egun zaila da antibiotikoak erostea errezetarik gabe, baina askotan etxeko botika kutxetan aurreko infekzio batetik soberan gelditutako antibiotikoak izaten ditugu.
3. Jarraitu medikuak agindutako dosifikazioari. Ez hartu dosi gutxiago, eta ez aldatu errezetan ezarritako dosia hartzeko periodoak.
4. Higiene pertsonala akuilatu behar da. Transmititzen diren bakterioek ez dituzte beti infekzio sintomadunak eragiten. Sintomarik ez duen bakterio erresistenteen eramaile batek beste bat kutsa dezake, eta klinikoki larria izan daitekeen infekzio bat eragin. Hesteak bakterioz beteak ditugu, eta horietako batzuk erresistenteak dira antibiotikoekiko. Komunetik eskuak garbitu gabe ateratzea, zikinkeria izateaz gain, arriskutsua ere bada.