Lehendakaritzak ostiral arratsaldean jakirarazi zuen gobernu taldea.
Josu Erkoreka (Bermeo, 1960):Justizia, Administrazio Publiko eta Jaurlaritzako bozeramailetza. Zalantzarik gabe Urkulluren taldean aurpegi ezagunena, eta ardura handienetako bat izango duena. Espainiako Kongresuan diputatu, 2004tik EAJren bozeramaile ere bada ganbera horretan, Iñaki Anasagastiren lekukoa hartuta.
Zuzenbidean lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta EHUn doktore. 2000. urtean Bizkaiko Aldundiko diputatu izendatu zuten. APP kazetarien elkarteak 2008an Kongresuko hizlari onena ere izendatu zuen. Sailburu izateko Kongresuko parlamentari kargua utzi beharko du.
Arantza Tapia (Donostia, 1963): Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasuna. Espainiako Kongresuko parlamentaria, 2011tik. Industria ingeniaritzan doktore da, eta EHUko katedradun. Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin Garraio sailburuorde izan zen. Ondoren Gipuzkoako Aldundian izan zen Mugikortasun diputatu. Urriaren 21eko hauteskundeetan EAJren zerrendaburu izan zen Gipuzkoan.
Juan Maria Aburto (Bilbo, 1961): Enplegua eta Gizarte Politikak. Bizkaiko Aldundiaren bozeramaile izan da orain arte, Jose Luis Bilbaoren gertukoa. Aurreko agintaldian Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatu izan zen. 1990eko hamarkadaren amaieran iritsi zen Bizkaiako Aldundira, Funtzio Publikoko zuzendari gisara. Eusko Jaurlaritzan aurretik Juan Mari Atutxa Barne sailburuaren taldean izandakoa da.
Ricardo Gatzagaetxebarria (Ondarroa, 1960):Ogasuna eta Finantzak. Eusko Legebiltzarreko parlamentaria 2005etik. Ekonomia arloan Patxi Lopezen gobernuak izan zuen arerio nagusietako bat; "ezjakina" esan zion behin Lopezi. Zuzenbidean lizentziatua da. Senatari ere izan zen, 1996tik 2004ra Madrilen. Ondarroako Udalean hasi zuen ibilbide politikoa, zinegotzi gisara. Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioko zuzendari izan zen 1991n.
Cristina Uriarte (Hondarribia, 1961):Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura. EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde, 2004tik. Haren ibilbidea EHUri lotuta dago. Kimika Zientzietan doktore da, eta Donostiako EHUko fakultateko irakasle. 1999an Gipuzkoako campuseko kanpo harremanen arduradun izendatu zuten. Donostiako Egitasmo Estrategikoko presidente izan da 2008tik.
Estefania Beltran de Heredia (Uribarri-Harana, 1960):Segurtasuna. Eusko Legebiltzarreko parlamentaria da. Arabako batzarkide izan da bi aldiz, eta Arabako Nekazaritza diputatu ere izan zen. 2004tik 2007ra Araba Buru Batzarreko kide izan zen. Bere ibilbidea nekazaritza arloko ardura karguei lotuta egon da. Entzia eta Iturrieta Partzuergoko gerente, 1989. urtetik aurrera orain arte.
Jon Darpon (Bilbo, 1959):Osasuna. Medikuntzan lizentziatua, EHUn. Familia eta komunitateko medikuntzan espezializatua. Zorrozaurreko IMQ Klinikoko zuzendari nagusi orain arte. Aurretik Basurtuko Ospitaleko zuzendari gerente izan zen. Gurutzetako Ospitalean transplante koordinatzaile eta kirurgia zerbitzuetako zuzendariorde ere izandakoa. Txagorritxuko Ospitaleko zuzendari mediku ere bai.
Ana Isabel Oregi (Eibar, 1965):Ingurumena eta Lurralde Politika. Hirigintza arkitekturako lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean, eta hirigintza zuzenbideko diplomatua. Nafarroako Unibertsitatean irakasle ere izan zen, Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, 1991n. Piano irakasle ere bada. Eusko Jaurlaritzan Etxebizitza zuzendari izan zen, Uren zuzendari ere bai, eta Lurralde Antolamendu eta Uren sailburuordea, 2005ean.