Zumaiako EAJ, ezker abertzalea, EA eta Aralarren agiria

2009ko apirilaren 8a
15:07
Entzun
Aberri egunerako deialdi bateratua

"1931.enaz geroztik ospatzen dugu abertzale garenok Aberri Eguna. Urte guzti horietan, denok dakizkigun gorabeherak bizi izan ditugu. Baina, guztien gainetik, Aberri Eguna Euskaldunon Eguna izan da, gure Nazioaren aldarrikapenaren eguna, ospakizunetarako, bai, baina baita Euskal Herriaren eraikuntzarekin gure konpromisoa biziberritu eta adierazteko balio diguna.

Udalbiltza Euskal Herriko udalerri eta udal-hautetsiek osatutako Nazio Erakundeak aurten beteko ditu hamar urte. Hamar urte horietan agerian utzi du egitura politiko eta administratibo zatikatzaileen gainetik badagoela edozein euskal lurraldeetan berezkoa den erakunde bat, herrigintzan tradizio handiko, politikoki eragilea eta sarean lana eginez mugak gainditzeko gai dena.

Udalbiltzaren hamar urtetako bideak oinarri tinkoak izan ditu:

- Euskal Herria nazio bat da, kontzientzia Nazionalaren jabe den komunitate historiko, linguistiko eta kulturala.

- Euskal Nazioa gure Herria osatzen duten zazpi Lurralde Historikoek osatzen dute, “gorputza” lurraldetasunak ematen dion bezala, Nazioaren “arima” bertan bizi garen herritar orok.

- Nazio bat garenez, gainontzeko nazioek duten neurri berdinean dagokigu, geuri ere, gure etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea.

- Euskal Nazio Erakuntza euskal-hiritar guztion borondate librearen gainean bakarrik gauzatu dezakegu.

Hori da, hain zuzen, aurtengo Aberri Egunerako deialdi honen bidez, berriz ere, ozen adierazi nahi duguna: euskal gizartearen aniztasuna aitortuz, giza eskubide guztien defentsa sutsua eginez, benetako demokraziaren bideari jarraiki, Europako Herri zaharrenetarikoa garen neurrian, euskal herritar guztion artean Euskal Nazioaren Eraikuntzan etengabeko pausoak emateko eskubidea gurea dela.

Horrela, Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko bidean, Zumaiako EAJ-PNV, ezker abertzalea, EA eta Aralar udal taldeek honako adierazpen instituzionala egiten dute:

- Euskal herritarrei, eta bereziki Zumaiako herritarrei, bai Euskal Herria eraikitzen, baita pairatzen dugun gatazka politikoa era demokratikoan gainditzeko ere, dinamiketan inplika daitezen deia egin nahi diegu.

- Euskal Herriko eragile politikoei, sozialei eta sindikalei arduraz jabetzeko, eta alderdikeriak baztertu eta herri gisa, Euskal Herri osoari begira, jokatzeko deia egin nahi diegu.

- Zumaiako herritarrei Aberri Egunean parte har dezaten gonbitea egin nahi diegu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.