Sanferminak 2018

Sanferminak Iruñean. ERRESPETU INSTITUZIONALETIK

Dorian Gray Iruñean

 

2018-07-11 / Joxerra Senar

Zer gutxi falta zaion. Hatzekin uki dezake. Irriño maltzur bat marraztu du. Zapi gorria lepoan lotu du. Hala egiteko esan diote. Lehen aldia du hirian, baina bost axola zaio festa. Argi du zer nahi duen, eta gaurko eguna inportantea izan daiteke, lasterketaren azken txanpan sartu den honetan.



Inork gutxik espero zuen emaitza. Denek esaten zuten lehia biren artekoa zela, bi emakume boteretsuen artekoa. Bera lastozko panpina bat baino ez zen, beste hiruzpalau hautagaien antzera. Bera aurpegi eder bat baino ez. Bera faboritoren bati botoak kentzeko amua baino ez zen. Hori zioten demoskopia adituek. Tori, tori eta tori. Tori zuen aurreikuspenak, tori zuen kalkuluak, tori zuen aurrejuzguak.



Altsasukoa erabakigarri izan zela uste zuen. Bost axola alderdiaren gainbeherari erantzuteko nahikoa ahalmen intelektual duen. Berak sinpletasuna maite du. Espainia eta Guardia Zibila. Kuartelera egindako bisita hark alderdiko militanteen espiritu zaharra hunkitu zuen. Ez zuen behar besterik. Herri malapartatu hartan haserre zirela? Gazte batzuen senideek justizia eskatzen zutela? Bost axola. Berak boterea nahi du, kosta ahala kosta, eta horretarako edonoren gainetik jauzi egiteko gertu dago.



Ispiluko irudiak Dorian Grey dakarkio gogora. Kanpotik ederra, barrutik ustela. Iruñeko alderdikoak zain ditu. Anak Altsasun esan zion ez zela inorekin lerrokatuko, eta gero Maria Doloresi alfonbra gorria jarri zion Iruñean. Orain, eskutik musuka du. Tori zuri ere, Anita.



Orain badaki irabaziko duela, eta buruan du garaipeneko diskurtsoa: «Errespetu instituzionaletik...». Kar, kar. Errespetu instituzionala? Bera da instituzioa. Hari zor zaio errespetua.

Publizitatea