Sanferminak 2018

1978ko sanferminen 40. urteurrena. HEMEROTEKA

Hiri izutua, suntsituta

Uztailaren 9an, igandean, «suntsituta» esnatu zen hiria: autoak gurutzatuta, sutan, barrikadetan. Gau hartan, poliziek «denen aurka» jo zuten, haur nahiz nagusi, «indarkeria handiz».
Jendea polizien oldarraldiari aurre egiten, uztailaren 8an.
Jendea polizien oldarraldiari aurre egiten, uztailaren 8an. JORGE NAGORE

2018-07-11 / Joxerra Senar

Garai hartan, 1978an, astelehenetan ez zen egunkaririk kaleratzen. German Rodriguezen hilketa eta gau hartako istiluak uztailaren 8 eta 9 arteko gauean gertatu ziren, larunbatean. Biharamuneko egunkariek islatu zuten berehalako lehen erantzuna, baina uztailaren 11ra arte itxaron behar izan zuten orduko irakurleek gehiago jakiteko. Garai hartan ez zegoen Twitter eta sare sozialik, eta, telebistan, kate bakarra zegoen (TVE). Hartara, astearteko egunkariek igandeko —uztailaren9ko— eta asteleheneko —uztailaren 10eko— albisteak jaso zituzten.

«Dolu egunak». Lerroburu hori eman zion Egin-ek. «Asteburuan, Iruñeak hiri izutu baten itxura hartu zuen. Segurtasun indarren presentziak eta saltokien eta entretenimendurako guneen itxierak baldintzatu zuten itxura hori», zioen berripaperak.

Igandean, hiri hondatu baten tankera zuen Iruñeak, eta horrek berehalako ondorioa izan zuen, El País egunkariaren arabera. «Bi dolu eta protesta egun bizi zituen hiriak, eta larunbat gauetik bertatik [8tik] handia izan da turisten exodoa. Kalkulatzen da 150.000 pertsonak utzi dutela hiria». Larunbat gauean, poliziek hirian eragindako triskantzak eta German Rodriguezen hilketaren aurka gazteek egindako protestek arrastoa utzi zuten: «Udaleko garbiketa zerbitzuek lan itzela egin zuten, eta igande osoa behar izan zuten kaleak egokitzeko eta garbitzeko», nabarmendu zuen egunkariak. Dena den, El País-ek azpimarratu zuen igande gauetik asteleheneko goizaldera arte jarraitu zutela liskarrek. Ondorengo egunetan ere, Iruñean eta Euskal Herri osoan, erasoaren aurkako erantzuna handia izan zen kalean.

«Iruñea suntsituta zegoen uztailaren 9an; itxura mingarria zuen», zioen Diario de Navarra-k. «Kaleak hustuta zeuden, jenderik gabe, eta aurreko gaueko borroken aztarnak oraindik ere ikus zitezkeen hiriko erdiguneko kaleetan. Karlos III.aren etorbideak gudaleku bat zirudien, lasaitasuna heldu zenean. Makina bat auto gurutzatuta, kristal zatiak lurrean nonahi, bezperan Poliziaren aurka jaurtitako harri eta adreilu zatiak... Hiru auto erretzen ere ikus zitezkeen: Chrysler 150 bat, Renault 5 bat, eta furgoneta bat». Harrigarriki, balei ez zien aipamenik egin. German hil zen tokiaren inguruan, 35 bala zulo atzeman zituzten.

Diario de Navarra-k azpimarratu zuen uztailaren 9ko gauean ere liskarrek jarraitu zutela eta «05:00etara arte» iraun zutela. Ordu horretan, polizia gehiago iritsi ziren Iruñera liskarrei aurre egitera: «Uztailaren 5etik Iruñean ziren Logroñoko polizia bereziekin bat egin zuten», zioen berripaperak. Logroñoko polizia horietako batek hil zuen German Rodriguez, hain zuzen.

Era berean, egunkariak uztailaren 8an zauritutako batzuen testigantzak bildu zituen. Miguel Fernandez Diaz de Zerio burlatarra bularraldean zauritu zuen bala batek. «Bala bizkarretik sartu zitzaion, saihetsezurrak zeharkatu gabe, tiroa jaso zuenean makurtuta balego bezala», dio Diario de Navarra-k. «Zezen plazako hondarretan nengoen; uste dut plaza erdian nengoela, zutik. Bala nabaritu nuen, eta lagun bati deitu nion. Antza, lurrera erori nintzen; ez dut gogoan», esan zuen lekukoak, La Unicako peñakideak. Uste zuen kailejoitik tiro egin ziotela poliziek. «Ni apez poloniar batekin eta hiru frantsesekin egon nintzen zezenketa ikusten, eta, amaitzean, hondarretan nengoen plazatik peñekin ateratzeko asmoz».

Egin-ek zekarrenez, uztailaren 9ko egunkarian ez zuten denborarik izan gau hartako lehen orduei buruz idazteko. Informazio ofizialen arabera, oldarraldia akats bat izan zen, eta egoera konpontzen saiatzen ari ziren. Hala ere, Egin-en arabera, polizien jarrera kontrakoa zen. «Igande gauerdian, Charly eta Pegaso konpainiak iritsi ziren , eta berehala guduan sartu ziren». Zuzenean Alde Zaharrari erasotzera jo zutela dio: «Irekita geratzen ziren taberna bakanak hustu zituzten. Lekukoen arabera, bospasei sartzen ziren, jendea joz. Atean, jendeari zangartea jartzen zioten, eta beste hainbatek borrekin egiten zieten ongietorria; beste batzuek, su armekin mehatxu egiten zuten. Kolpeetatik ihes egitea lortu zutenean, metro gutxira, hurbil-hurbiletik, gomazko pilotak jaurtitzen zituzten». Sixto taberna atzerritarrez beteta egon arren, ez zuten errespetatu. «Mutiko bati pilota batek eman zion, lurrera erori zen, eta lauzpabost poliziak harengana jo zuten». Egin-en arabera, «denei» egiten zieten tiro: «Nagusiei, emakumeei, haurrei... Indarkeria handiz».

Udalaren agiria

Iruñeko Udalak berehalako eta larrialdiko osoko bilkura batera deitu zuen igande hartarako. Irmo egin zuen protesta Espainiako Gobernuaren aurrean, eta agiri bat kaleratu zuen. Bertan, eskatu zuen gertaerak argitzeko ikerketa bat egiteko, «batez ere nondik etorri ziren aginduak, Indar Publikoa abisurik eman gabe tiroka zezen plazan sar zedin».

Informazio osagarria

Publizitatea