Sanferminak 2018

OROITARRITIK. Monica Prado. Katakrakeko langilea

«Adi gaude inori kalte egin ez diezaioten»

Sanferminak lan egiteko egunak dira Pradorentzat. Hala ere, tarterik hartzen du bestarako. Batik bat, dantzatzeko: «Ezin bada dantzatu, ez da nire iraultza». Azpimarratu du aldarrikatzeko gunea dela besta.

2018-07-11 / Iker Tubia

Kaosaren erdian. Uztailaren 7an ailegatu zen Monica Prado (Mexiko Hiria, 1977) Iruñera, duela hamabost urte, eta, urte horretan izan ezik, gainerakoetan lanean aritu da sanferminetan. Aurten ere bai, ohi duen tokian: Katakrak liburu dendan. Sanferminetako metamorfosia egin du dendak, baina oinarrian dituen balioak alde batera utzi gabe.



Non zinen 1978ko uztailaren 8an?



Urte bat baino gutxiago nuen, eta Mexiko Hirian nintzen.



Noiz jakin zenuen Geman Rodriguezen inguruan?



Hona ailegatu nintzenean, ikusi nuen egun garrantzitsua zela 8a, eta hasi nintzen ikertzen. Ikusi nuen dokumentalen bat, kronikak... Egun hori gogoan izan behar da.



Parte hartzen duzu ekitaldietan?



Urtearen arabera, modu ezberdinean, baina bai. Katakraken egon naizenetan itxi egin dugu omenaldira joateko, eta libre izan dudanetan oroitarrira joan naiz.



Uztailaren 7an ailegatu zinen Iruñera. Zer aurkitu zenuen?



Hegazkinez etorri nintzen Euskal Herrira, eta gero hona etorri nintzen. Zur eta lur geratu nintzen milaka lagun berdin jantzita ikusirik. Ez nuen deus ere ulertu, nahiz eta hizkuntza berean mintzatu. Ezin nuen ulertu: denak berdin jantzita, eta besta bat amorru basati horrekin ospatzen.



Baina bat egin zenuen?



Noski. Egin nuen lehenbiziko gauza arropa zuria erostea izan zen, eta zapia: nora joan, hala egin. Gogoan dut Euskal Jaira joan nintzela gero, postu batzuk ziren, taberna...



Nola bizi izan duzu besta lanean?



Modu diferentean, baina balorazio ona egin dezaket, gogoa prestatzen baitut esfortzu fisiko, mental eta emozionala jasateko. Egon naizen tokiak nahiko atseginak izan dira. Urte luzez Zaldi Zurian egon nintzen, eta bada aldea lana kalean eta egunez egitetik gauez edo toki itxietan egitera. Katakraken, ordutegiak zaintzen saiatzen gara: egun bat besta hartu, ez pasatu lanorduekin, atsedenerako denbora izan...



Bestaz gozatzeko aukera duzu?



Bai, bai, beti bilatzen ditut tarteak. Saiatzen naiz burua argi izaten lana ongi egiteko, eta denbora librean belardiren batean etzaten naiz su besta ikusteko. Bestalde, asko gustatzen zaizkit kontzertuak. Beti joaten naiz jazz musika ona aditzera.



Barratik zer ikusten duzu?



Zaldi Zurian nengoela, harrigarria zen frantsesak nola etortzen ziren 14a besta zutelako: basa bihurtzen dira, izugarri edaten dute... Egun batean, zuhaitz bat igo zuten, eta bat erori zen. Toki guzietara joaten ziren eskailera batekin, eta Nabarreriako iturria balitz bezala botatzen zuten beren burua handik behera.



Jasan behar ez zenukeenik ere jasanen zenuen lanean.



Bai, jazarpena. Nire nagusiak izan zuen hainbat liskar ukituak egin izan zizkigutenean. Terrazan ez dago barrarik, eta erraza zitzaien guregana hurbiltzea. Gu saiatzen gara gune hauetan erabateko errespetua mantentzen, baina batzuk oso pasatuta etortzen dira. Katakraken ikusi dugu jendea izkinetan pisa egin nahian. Baina begi asko ditugu, eta adi gaude inori ez diezaioten kalterik egin.



Zergatik janzten zara beltzez?



Aurten, bidegurutzean nintzen, kamiseta beltzak janzteko deialdi horrengatik, baina ni urtero janzten naiz horrela. Beltza kolore garbiagoa da, jendetzaren artean errazago ikusten da nor den zerbitzaria, eta, egia esan, erosoago noa horrela. Zapia ere eramaten dut, gutxienez itota sentitzen naizen arte.



Borroka feministan parte hartzen duzu sanferminetan?



Zabaldikoek pankartak jartzen dituzte kalean, eta horretan urte luzez parte hartu izan dut. Alerta esaldiak jartzen ditugu, argi uzteko bestetan denak ez duela balio.



Garrantzitsua da lan hori?



Ezinbestekoa da. Emakumeen kontrako eraso, bortxaketa eta haien ongizatearen urraketak beti gertatu dira bestetan, bai hemen, baita ozeanoaren bestaldean ere. Hori ikusgarri egin behar da, eta salatu.



Bestak bai, aldarriak ere bai?



Noski. Besta hau oso handia da, eta azken tantara arte kontsumitzeko deia egiten da. Gainera, ezkerretik eta ikuspegi feministatik borroka egiteko tokia ere bada besta. Horiek aprobetxatu behar dira, beti, kanpotik heldu direnak adi egon daitezen, eta jendeak ikus dezan lubaki honetan borrokan ari garela.



Katakrak ere lubaki bat da?



Bai, hemen apustu politiko argiak ditugu: besta bai, baina aldarria ere bai. Black Fermin deitzen diogu, hemen aditzen den musikari erreferentzia eginez. Besta gune libre eta errebeldea da, baina beti errespetuz jokatu behar da hemen.



Libururik ezin da erosi egunotan?



Guretzat, ostalaritzaren ikuspegitik oso garai ona da hau. Liburu dendako apalategi asko kendu ditugu jantokia paratzeko. Hala ere, liburuak agerian utzi ditugu, hona heltzen direnek jakin dezaten non dauden. Gogotsu gaude hona etorriko diren guzien gorputzak astinarazteko.

Informazio osagarria

Publizitatea