Sanferminak 2018

Sanferminak Iruñean. ERRESPETU INSTITUZIONALETIK

Eta laugarren zezenarekin, Batman

 

2018-07-12 / Ion Orzaiz

Batmanez mozorrotzea ideia txarra izan da. Zezen plazako eguzkipeko harmailetan, izerditan egosten ari da jantzi horren barruan, eta maskara beltzarekin apenas lortzen duen arnasa hartzerik. Infernua. Baina itxoin. Badator merendua. Paella eta haragi bolak. Denak ari dira matrailezurra mugitzen. Gora eta behera. Ñam, ñam. Merkealdiko Batman ere saiatu da paella koilarakada bat ahoratzen, baina maskararekin akordatu ez, eta arroz guztia erori zaio. «Zakurraren putza!». Mozorroa kentzea erabaki du, merendua ganoraz hartzeko. Eta orduantxe ikusi du: han, plazaren erdian, zezen bat. Odoletan. Ezpata baten eskutokia ageri zaio bizkarraldetik, eta zintzilik darama banderilla sorta. Ziplo erori da lurrera, hilik. Harmailetan txaloka hasi dira, toreatzailearen balentriarekin pozik. Peñakideak ezin du sinetsi. «Zer da hau?», galdetu du. «Eee? Bada, zezenketa, motel!», erantzun dio lagunak. Harentzat, ordea, horrelako basakeria bat ikusten duen lehen aldia da. «Urteak daramatzagu hona etortzen. Hau al zen?». Eta albokoak: «Bai, denbora honetan guztian ez zenion hor behean gertatzen ari zenari erreparatu?». Bada, ez. Beti harmailetara begira egon zen. Jaten, edaten eta Concha Velascoren No te quieres enterar abesten, hondarrari bizkarra emanez. Altxatu da. «Goazen hemendik, lagunok! Utz dezagun ikuskizun nazkagarri hau, errespetu instituzionalaren izenean!». Zurrakapoteko izotz puskak bota dizkiote, txistuka. Baina Batmani bost. Maskara jantzi, eta alde egin du. Hurrengo urteko sanferminetan, gauza bera egin dute beste hainbatek. Eta, horrela, urtez urte, plaza hutsik gelditu den arte. Eta festa ez da bukatu.

Publizitatea