Berria.info - Sei hiri, sei Italia
 
   
ITALO CALVINO: «Torino, maite baduzu, txakur leiala izango zaizu».
 
 
NATALIA GINZBURG: «Hiltzeko, abuztu kiskalgarri hartako edozein egun aukeratu zuen; eta geltokitik gertu zegoen gela bat aukeratu zuen: arrotz baten moduan hil nahi izan zuen beretzat jotzen zuen hirian».
 
 
PO IBAIAK ematen dio izena Val Padana edo Padaniari. Baita izana ere: aski da uraren bidea jarraitzea.
 
 
EMILIO SALGARI: Po ibaikoak ziren ikusi zituen urik handienak, editoreak ziren ezagutu zituen piratarik zekenenak.
 
 
 
::: Torino (I)
Po ibaiaren inguruetako hiri, istorio eta desioak • Italiako taxi-gidari triste isilena • Hiriko ia amaierarik gabeko arkupeak • Alpeetatik dator neguko haize hotza, Alpeetatik udako sapa beroa • Salgariren eta Paveseren azken mezuak

:: Oregano bila arkupeetan

Mediterraneoa atzean utzi berri, hegazkina Italian sartu da. Nire ezker aldean, Alpe mendiak, gainari gain. Gailur elurtu horietako batek behar du izan Viso mendia, Po ibaiari hasiera ematen dion altzo maldatsua. Ez dago lainorik, argi-argi ikusten dira Val Padana edo Padaniaren iparreko muga egiten duten mendiak eta arrailak. Claudio Magris-ek Danubio liburu gogoangarrian egindako txango erdi literario erdi bidaiaria darabilt gogoan, neuk ere, neure apal-laburrean, antzeko zerbait egiten saiatu beharko baitut, Mediterraneotik Adriatikora, Po ibaiaren inguruetako hiri, istorio eta desioekin.

Hegazkina jaisten hasi da. Eskuetan naraman liburua gorde dut zorroan. Kezka bakarra daukat —kezka deitzerik badago— etxetik irten naizenetik: erreportajeoi eman behar diedan formak eta tonuak arduratzen nau. Bidaia-koaderno baten itxura izango du testuak, egutegi bat idatziko dut, dietario baten idazketa-modua hartuko dit idatziko dudanak?

Hegazkinetik jaitsi garen hamaika bidaiariak, maleta-garraioan aritzen diren langile bakan batzuk eta zigarroa erre beste zereginik ez duten bi polizia, besterik ez dabil Caselle aireportuan. Bertako zerbitzu-postu eta denda gehienak itxita daude. Kanpoan ere urri dira taxiak. Mugimendu gutxiko aireportua da Caselle, Torino bezalako hiri bati legokiokeena baino askoz ere txikiagoa: kilometro gutxitara dago Milango Malpensa, eta hark betetzen omen ditu torinotarren premia gehienak. Hala diote, behintzat, torinotarrek ez beste guztiek.

Lauzpabost taxi besterik ez kanpoan, eta Italia osoan dagoen taxi-gidaririk triste isilena egokitu behar niri. Bi aireportuen arteko konpetentziaz, eguraldiaz, Torinon sartzerakoan errepide ondoan dagoen kanposantu izugarriaz, orain urte dezente kongresu-leku bihurtu zuten Fiat fabrika zaharraz, ia guztiari buruz galdetu diot. Baita Berlusconiri buruz ere, inkesten arabera italiarren arteko jardun ohikoenaz. Ez diot, ordea, bi hitz baino gehiago atera. Burutik pasatu zait fortuna tentatzea Italiak Portugaleko futbol-txapelketan egindako barregarrikeria aipatuz, baina ez naiz hain mendeku gaiztoa hartzera ausartu. Hotel aurrera iritsi eta ordainketaren agiria eskatu diodanean, marmarka bete dit orritxoa. Alditan balentria handia eta psikoanalisiak eman ezin dezakeen oreka behar izaten dira Vàttene! (hoa popatik!) esateko gogoa bridatzeko.

Ikusiko dugu…

Bide-fardelak utzi eta gero hiru egunez ostatu eta bulego izango dudan hoteleko gela txikian, ez mapa eta ez norabide, lehen espediziotxoa egitera irten naiz. Giro dago paseorako, eguzkiaren malda beherak ordu arteko errea arindu baitio beroari. Idazle-izen goratsuak dituzten kalez osatutako auzo batean dago hotela, Porta Nuova tren-geltoki nagusitik hamar bat minutura. Harlauzez estalitako zoru batena bezalakoa baita Torino hiriaren geometria beti bera, lasai ibil daiteke bertako kaleetan galtzeko beldurrik gabe eta itzulerako zenbat bide geratzen den kalkulatuz.
Torino desberdindu beharko banu eta bakandu ezagutzen ditudan gainerako hirietatik, ia amaierarik gabeko arkupeak (hogeita bi kilometro) eta oregano-usaina (pizzek eraman ohi duten espezie nagusia) nabarmenduko nituzke hiriaren ezaugarritzat. Geltoki inguruko arkupeetan usaintzen ari naizen oregano-usain bera sentituko zuten Pavesek, Primo eta Carlo Levik, Leone eta Natalia Ginzburg-ek, Calvinok eta Vittorinik ere Einaudi argitaletxera bidean, edo arkupeotako terrazaren batean…

Obretan eta hesiz inguratuta dago geltoki aurreko plaza handia. Ipurdiz gora daude hiriaren zentroko hainbat kale nagusi ere. Horixe da azkeneko aldiz hemen egon nintzenetik ateratzen ari naizen alde nabarmenena. Ez dago, ordea, obren zergatia argituko duen iragarkirik. Terraza batean eseri naiz. Garagardoa atera didan zerbitzariak argitu dit niretzat misterioa eta haientzat endredoa besterik ez dena: metroa egiten ari dira 2008 urtean jokatuko diren Neguko Olinpiar Jokoetarako, oso kilometro gutxitara baitaude Alpeak eta Italiako eski-gune nagusiak. Metroak, hiriko trafikoa arintzeaz gainera, ia eski-pistetan utziko omen du jendea. Hiriarentzat inportantea izango dela iradoki diot. Vederemo come si metteno le cose (ikusiko dugu nola datozen kontuak) erantzun dit zerbitzariak eszeptizismo-puntu batez.

Keinu bat

Alpeetatik jaisten den udako haize beroak eragindako sapak, bat-batean gertatzen bada, zuhurrena erotzerainoko dilatazioa eragin omen dezake neguko haize hotzak uzkurtutako burmuinetan. Hala dio, behintzat, Torinoko jendeak, kaleetan ikusten diren zoro, buru-ments eta begirada galduko pertsonen ugaritasuna zuritzeko seguru asko. Horregatik eraiki omen zituzten etxadi arkupedunak, Alpeetako haize bero eta hotzen eraginetik babesteko.

Haizeak eragina ala ez, Torinok altua du suizidio-tasa. 1911 urtean, bero sapa handia egiten zuen uda aurreko egun erre batez, Emilio Salgarik bere buruaz beste egin zuen Torino inguratzen duten muinoetan hain ugariak diren landetxetako batean. Zorrez lepo eta emaztea minbiziaz hil berri, azken-mezu izugarri bezain ozpina utzi zien bere abentura-liburuekin diruz lepo egindako editoreei:
«Zuei, nire larrutik aberastu zaretenoi, ni eta nire familia erdi miseria batean edo are egoera latzagoan eduki gaituzuenoi, gauza bakarra eskatzen dizuet: eman dizkizuedan irabazi ugarien ordainetan, paga itzazue nire hiletaren gastuak. Nire luma puskatuz agurtzen zaituztet».

Sandokanen arerio malaiarren eskuetan deskribatu zituen aizto zorrotz beldurgarri haietako batez sabela zulatuz hil zen. Piraten abentura gogoangarrienak idatzi zituen gizon hura ez zen sekula Po inguruetatik urrutiratu. «Ikusi ditudan benetako pirata bakarrak editoreak dira», aitortu zion behin kazetari bati.

Salgarik bere buruaz beste egin eta berrogei bat urte geroago, 1950eko abuztuaren hamazazpian, «suizidioak hilketa herabetiak dira» idatzi zuen Cesare Pavesek Bizitza lanbide izeneko bere egutegian. Hurrengo egunean, abuztuaren hamazazpian, «aski da adore apur bat». Eta pixka bat aurrerago, literatur zaleen artean nahiko ezagunak diren hitzekin amaitu zuen Pavesek egutegia:
«Hitzik ez. Keinu bat. Ez dut gehiago idatziko».

Biharamunean, katu beltz bat topatu zuen Albergo Roma ostatuko zerbitzari batek Paveseren gorpua zaintzen.

Aise bilatu dut ostatua, bigarren eskuko liburuen saltokiz beteriko arkupe batzuetan. Orain Hotel Roma da, neoizko argi gorri batek adierazten duenez. Ez du Paveseren garaiko argazkietako zahar itxurarik. Sarrerako alfonbra, harrera-gela, altzari eta gortinak, dena da berria hemen. Argazki pare bat atera ditut. Harrera-gelako gizonak gaizto begiratu dit. Asko izango dira ni bezala hurbiltzen direnak.
Jiraturik, liburu zaharren ikusmiran egon naiz liburu zaharren saltokietako batean. Einaudik argitaratutako Paveseren gutunen bi tomo eta Natalia Ginzburg-en Ritratto d’un amico (Adiskide baten argazkia) erosi dizkiot bouquiniste bati.

Orratzek hamabietan bat egin zutenekoa

Trattoria txiki bateko ke artean afari-pasa egin eta gero, gau giro ederra egiten zuela baliaturik, grappa bat hartu dut Piazza San Carloko terraza batean. Ez zait entretenimendurik faltatu atzera-aurrera dabilen jendea aztertzen, haien bizitzei buruzko nondik norakoak asmatzen, liburu erosi berrien orri-pasan.

«Gure hiriak antza handia du, orain konturatzen gara, kaleok hainbeste maite zituen eta orain galdu berri dugun lagunarekin». Esaldiko hiria, Torino da. Laguna, Cesare Pavese. Paveseren eta Torinoren arteko parekotasun hori azpimarratu duena, Natalia Ginzburg.

Pavese irakurri duenak ezin du Pavesez gogoratu gabe ibili haren antza duen hiri honetan. Paveseren isla irudituko zaio arkupe batetik bestera pasatu den kapeludun gizon garai argal hori. Gizonak zigarro bat du ezpain artean. Inork baino hobeto ezagutzen ditu kale eta arkupeok; hala ere, arrotz baten itxura ematen dio darabilen pauso luzeko ibilera urduriak. Laster sartuko da kez beteriko taberna txiki batean. Grappa bat eskatu, eta poema baten zirriborroa saiatzen hasiko da:

Gaurko egunez terrala esnatu zaio
[ibaiari:
belaze eta muinoen artetik hiri
[ederreraino
barreiatu da oroitzapen baten gisa…

Bidaiak eta beroak eguneko nekea areagotu didatenez, goiz erretiratzea erabaki dut. Hotelera bidean, geltokian sartu naiz bihar Aostara eramango nauen treneko billetea erosteko makina automatiko batean. Berandu da eta apenas dabil jenderik: lo egiteko bazter erosoren baten bila dabilen eskekoa; azkeneko trena hartzera doazen bidaiari bakan batzuk. Sortu berri den haizeak arrapaladaka egiten du bidea ate nagusitik nasatara. Geltokian dagoen usain trinkoa saretu nahi duela ematen du.
Txalo-zaparrada eta algara sekulakoak entzun ditut nire atzean. Buru-ments bat da zalapartaka eta geltokiko erloju tzarraren abilezia txalotzen ari dena, bi orratzek —miràcolo, miràcolo!— hamabietan bat egin dutelako.

Paveseren «Etorriko da Herio, eta zure begiak izango ditu» poema famatua burutik kendu ezinik itzuli naiz hotelera. Haize-kirri atsegin bat dator hoteletik oso hurbil bere betiereko bidea egiten ari den Po ibaiaren aldetik.

 

:: ‘Il diavolo’

Hoteletik hurbil, plaza izena dotoreegia zaion Piazza di Arturo Graf atseden-leku apala dago, luzea eta triangelu mehe baten antzekoa. Hamar bat lizar haustu, eserleku pare bat, eta haurrentzako tobogan bat. Ez da aparteko ezer, ez dago inor bertan, baina poztu egin nau hotela plaza honetatik hain hurbil dagoela konturatzeak. Berdin poztu nintzen orain urte batzuk, Patxi Zubizarreta lagun nuela, plaza berau deskubritu nuenean. Pozaren arrazoia agertzeko, idazle batek sekula egin behar ez omen lukeen konfidentzia xume horietako bat egin nion orduan Patxiri eta egingo diot orain irakurleari: deabruari eskaini dizkiodan nire liburuetako orrialde askoren atzean Arturo Graf dago. Edo, hobeto esateko, Arturo Graf-en Il diavolo liburua (Torino, 1889), deabruak mendebaldeko artean bete duen tokiari buruzko saio sakon bezain irakurterraza.

Elezahar batek dio deabrua Torinoren jabe egin zela Danteri infernura jaisten uzteagatik. Beste elezahar batek, aldiz, infernuko ateak Ponte Isabellaren inguruetan behar duela. Hiria ezker-eskuin zeharkatzen duen Corso Danteren segida da Ponte Isabella. Bi elezaharrak lotu, eta istorio berriak sortzeko gogoa dakar ibaiari darion gaueko kirriak.

Egia da, bai, irudimena eta melankolia eragiten dituzten hiriak direla ederrenak…

© berria.info 2004