Ongietorri gazi-gozoa izango du Frantziako Gobernuak Alsaziarentzako ondu duen lurralde egitura berriak. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, Rhin Garaia eta Rhin Beherea departamenduak elkartu egingo dira berriz ere, eta Alsaziak batasun instituzionala berreskuratuko du, Alsaziako Kolektibitate Europarra delakoan. Poza, ordea, ez da erabatekoa izango, ez baita 2016an galdu zuen eskualde estatusera itzuliko, eta, hortaz, ez dituelako François Hollanderen gobernuak kendu zizkion eskumenak berreskuratuko.
Alsazia Hollanderen lurralde erreformaren biktimetako bat izan zen, Frantziako jakobinismoaren eta zentralitatearen erdian ahots propioa aldarrikatzeko aukera izatetik Ekialde Handia eskualdearen parte txiki bilakatzera pasatu baitzen, Lorrenarekin eta Champagne-Ardennerekin batera. Hori ikusita, urteak dira herritarrak, elkarteak eta alderdiak 2015eko egoerara itzultzeko lanean ari direla; Alsaziako Kolektibitate Europarraren sorrera lehen pausotzat duten arren, agerian geratu da ez dutela nahikoa: «Opari bat jasotzea bezalakoa da, baina soilik biltzeko erabiltzen den papera, oparia bera gabe», uste du Jean-Georges Trouillet Unser Land (Gure Lurra) alderdi autonomistaren presidenteak. Diagnostikoa ez du oso baikorra: «Erakundeen ikuspuntutik, Alsazia berriz batuta dago. Sinbolikoki indartsua da, bai, baina arazoa eskumenak dira. Inporta zaizkigunak ez daude kolektibitate horretan».
Lege proiektua Asanblea Nazionalean aurkeztu zutenean, diputatu batzuek salatu zuten «berrikuntza politiko bat» izan zela, tartean Olivier Becht Rhin Garaiaren ordezkariak —Agir alderdi zentristakoa—; ez ziren, ordea, kontzeptu horren zentzu positiboaz ari. Trouillet ere iritzi berekoa da: «Egia esan, ez dakigu zehazki nola definitu kolektibitate hau. Legediari begiratuz gero, zona gris antzeko bat da. Eskumen aldetik, departamendu batek dituenen %95 izango ditugu; ez da izango, adibidez, Korsika bezalako estatus bereziko kolektibitate bat».
Alsaziako Kolektibitate Europarraren eskumenak jasotzen dituen legearen arabera, egitura instituzional berriak mugaz gaindiko harremanak garatu ahalko ditu; alsazieraren «hautazko irakaskuntza» ahalbidetu ahalko du; turismoa sustatu ahalko du; eta errepideak kudeatzeko eskumen batzuk izango ditu, beste batzuen artean. Trouillerentzat, ordea, hori guztia ez da nahikoa.
Hori bai, Unser Landen presidenteak garaipen txikitzat du Rhin Garaia eta Rhin Beherea berriz elkartuko direla, urteotan gauzatu diren mobilizazioaren erakusle baita.
"Egia esan, ez dakigu zehazki nola definitu kolektibitate hau. Legediari begiratuz gero, zona gris bat da"
Jean-Georges Trouiller. Unser Land alderdiaren presidentea
Eragileen jarrerak
Eskualdearen batasunaren inguruan, Alsazian adostasun zabala dago ezkerreko eta eskuineko alderdien zein herritarren artean. Horren erakusle da 2014ko azaroaren 9an Asanblea Nazionalean gertaturikoa: Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna (UMP) zenaren diputatu alsaziar batzuek Ez ezazue Alsaziahil zioen banderaxka bat zabaldu zuten, gobernua lurralde antolaketa aldatzear zegoela.
Berez, Hollandek 22 eskualdetik 14ra pasatzea proposatu zuen, baina azkenean Asanblea Nazionalak 13ra aldatzea erabaki zuen. 1982tik 2015era, Rhin Garaia eta Beherea eskualde bakar batean egon ziren elkartuta, eta epe horretan ugaritu egin ziren lurraldearen batasun politikoan sakontzeko saiakerak. Esaterako, alsaziarrak izan ziren lehenak zera egiten, 2013ko apirilaren 7an: Frantziako metropolian estreinakoz, herritarrek galdeketa baten bidez erabaki ahal izan zuten beren lurraldearen egitura.
Lurralde elkargoa lortzeko, gobernuak honako baldintza hauek ezarri zituen: bi departamenduetan boto emaile gehienak alde izatea, eta bakoitzean gutxienez erroldaren %25 baiezkoaren alde agertzea.
Baldintza guztiak ez ziren bete. Rhin Beherea departamenduan, boto emateko eskubidea zutenen %67,53 agertu ziren alde, eta Rhin Garaian, %44,26. Hortaz, bi emaitzak batuta, lurralde elkargoaren aldeko botoa izan zen nagusi: %57,65. Baina Rhin Beherea departamenduan ez zen bete baldintzetako bat: ezezkoa gailendu zen batean, eta, oro har, erroldaren %22,9k soilik parte hartu zuen erreferendum horretan.
Jean-Georges Trouillet Unser Land alderdiko presidentea, eskuinean. BERRIA
Porrot horren ostean, eskualde estatusa galduta, Trouillerrek uste du 2015eko egoerara itzultzeko nahia dela nagusi alsaziarren artean, eta inkesten emaitzetan oinarritzen da hori argudiatzeko: «Argi dago iritzi publikoak zer nahi duen. Hori badakigu dagoeneko hiru inkesta egin dituztelako, eta %80 Ekialde Handitik atera eta Alsazia eskualdearen itzultzearen alde daudelako. Ez hori bakarrik: %70 autonomia estatus baten aldekoak dira».
Beraz, zerk eragozten du aldarria inoiz baino ozenagoa eta indartsuagoa izatea? Indar politiko nazionalen jarrerarekin du zerikusia, behin betiko erabakia «alderdien interesen araberakoa» delako, Unser Landen presidenteak argudiatu duenez. «Gure alderdiaz eta beste batzuez gain, beste indarren arazoa da nazionalak direla. Batzuk ados daude, batzuk kontra, baina azkenean erabakia estatu mailari begira hartzen da».
"Herritarren %80 Ekialde Handitik ateratzearen alde daude, eta %70ek autonomia estatusa nahi dute"
Jean-Georges Trouiller. Unser Land alderdiaren presidentea
Halere, Trouiller ez da alderdi horien zain egotearen aldekoa, eta apustua datorren urteko martxoko eskualdeetako eta departamenduetako hauteskundeetan du jarria, aldarrian sakontzeko estrategia elektorala «egokiena» delakoan. Hala, Alsaziaren errealitate instituzionalari buruzko eztabaida berriz ere erakundeetara eramatearen aldekoa da, «auzia mahai gainean egoteko» eta Alsaziarentzat «gehiago eskatzeko».
2015eko eskualdeetako hauteskundeetan, Unser Landek aliantza bat egin zuen Lorrenar Alderdiarekin, Moselar Alderdiarekin eta Aliantza Ekologista Independentearekin, eta Trouillet bera izan zen zerrendaburua —garai hartan alderdiaren bozeramailea zen—. Lehen itzulian, aliantzak %4,73ko babesa (84.127 boto) izan zuen, eta ez zen bigarren itzulira pasatu; azkenean, Errepublikanoen zerrendak eta zentristenak lortu zuten babes handiena.
Indar harremana
Orain, Unser Landen presidenteak ezinbestekotzat du 2021etik aurrera sortuko den testuinguru politikoan autonomiaren aldeko aldarria irudikatzea, datozen urteetako «gakoa» Frantziako Gobernuaren eta Alsaziaren arteko indar harremana izango delako. «Frantzia estatu zentralista bat da, eta dena indar harremanari buruzkoa da. Guri dagokigu hori zehaztea, Paris behartzeko kolektibitatea berriz errepasatzera eta eskumen berriak ematera».
Trouillerren arabera, Frantzian ohartu egin dira, koronabirusaren harira deituriko larrialdi egoeran, zentralizazioa «hondamendi bat» dela, eta ekonomikoki garestia dela. «[Emmanuel Macron Frantziako presidenteak] Aitortu egin zuen arazo bat izan zela krisiari aurre egiteko».
Testuinguru horretan, Unser Land emantzipazioaren oinarriak finkatzeko saiakeretan murgilduko da: «Niretzat garrantzitsuena da eztabaida batzuk plazaratu ditugula, batez ere Alsaziako herriarena. Finean, Alsaziako herririk ez badago, ez du zentzurik estatus berezirik eskatzea. Has gaitezen eztabaida garrantzitsuak azaleratzen, eta gero logikari esker gertatuko da dena».
Kronologia.
2013ko apirilaren 7a. Alsaziako lurralde elkargoari buruzko galdeketak huts egin zuen, baldintza guztiak ez zirelako bete. Elkargoa lortzeko, bi departamenduetan boto emaileen gehiengoak baiezkoa bozkatu behar zuen, eta bakoitzean gutxienez erroldaren %25 horren alde agertu behar zen; ez ziren bete.
2014ko ekainaren 6a. Alsazia eskualdeko eta Lorrena eskualdeko presidenteak Alsazia-Lorrena eskualdea sortzearen alde agertu ziren.
2014ko urriaren 11. 10.000 lagun inguru manifestatu ziren eskualdeen erreformaren aurka, Estrasburgon.
2015eko otsailaren 1a. Federazio Demokratiko Alsaziarrak sinadura bilketa bat hasi zuen, Alsaziari eskualde estatusa mantentzearen alde: 117.000 sinadura bildu zituen.
2016ko urtarrilaren 1a. Alsazia, Champagne-Ardenne eta Lorrena eskualdeak elkartu, eta Ekialde Handia eskualdea eratu zen; François Hollande Frantziako presidentearen agintaldiko erreforma garrantzitsuenetako bat izan zen.
2017ko irailaren 26a. Ehunka intelektualek eta artistak testu bat sinatu zuten, «Alsaziako eskualde berri baten» sorrera eskatzen zuena.
2017ko urriaren 30a. Estrasburgoko prefeturan, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak uko egin zion Ekialde Handia desegiteari.
2018ko urtarrilaren 22a. Alsaziako ezinegonaren aurrean, Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak Jean-Luc Marx Ekialde Handiko prefetari eskatu zion txosten bat osatzeko Alsaziaren etorkizun instituzionalaz.
2018ko otsailaren 20a. Ifop etxearen inkesta baten arabera, alsaziarren %83k eskualdea itzultzea nahi dute.
2018ko maiatzaren 29a. Herritarren iritzia bildu ostean, Brigitte Klinkert Rhin Garaia departamenduko presidenteak eta Frederic Bierry Rhin Beherekoak «euroelkargo bat» sortzea proposatu zuten.
2018ko irailaren 14 eta 15a. Jacqueline Gourault garai hartan Barne ministroaren alboko ministro zena Alsazian izan zen, ordezkari politikoekin hitz egiteko.
2018ko urriaren 29a. Matignonek jakinarazi zuen Alsaziako Kolektibitate Europarra sortuko zutela, eta indarrean sartuko dela 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera.