Azken 7.000 urteetan, mundu osoan egonkorra izan da itsasoaren maila: urtean 0,5 milimetro egin du gora, batez beste. XX. mendean, ordea, azkartzen hasi zen prozesua: urtero milimetro bi goratu zen. Igotzeko abiadura laukoiztu egin zen, beraz. Zergatik? Berotegi efektua eragiten duten gas gehiago isuri direlako, eta horrek atmosferaren tenperatura berotu duelako. Ozeanoek xurgatzen dute bero horren parte handi bat, eta urak leku gehiago hartzen du tenperatura beroagoarekin. Gas isuriak murrizteko akordioak eta protokoloak egin diren arren, ez da halakorik lortu. Kontrakoa. Eta itsasoak nabaritu du: 1990eko hamarkadatik hona, 3,5 milimetro igotzen ari da urtean. Aurrerantzean gehiago azkartuko da, eta, uraren tenperaturaz gain, beste faktore batek ere eragingo du: poloetako izotza gero eta gehiago urtzeak. Orain arte urtu denak ez du eragin nabarmenik izan itsas mailan, ikertzaileen arabera.
Batez besteko datuak dira horiek, tokiaren arabera igoera ezberdina baita. «Itsas maila absolutuaz gain, erlatiboa ere badago. Horrek zer esan nahi du? Kostaldearekiko erlazioa aldakorra dela: itsas maila aldatzen den bitartean kontinentea ere aldatu egin daiteke», zehaztu du Elisa Sainz de Murieta geologoak. BC3 klima aldaketa aztertzeko euskal zentroko ikertzailea da. Hainbat faktorek eragin dezakete lurra hondoratzea edo azaleratzea. Sedimentazioak eta lurpetik ura ateratzeak eragiten du lurrazalak behera egitea. Hori gertatzen ari da, esaterako, Indonesian. Lurra zentimetro bat eta bi bitartean hondoratzen ari da urtean, eta itsas maila, hiru zentimetro igotzen. Arazo larria dute, beraz. Kontrakoa gertatzen zaie Europa iparraldean. Glaziazio garaian, izotzaren pisuak kontinentea hondoratzea eragin zuen; duela 20.000 urte urtzen hasi zenetik, gora egiten ari da. Horrenbestez, herrialde horietan itsas maila igotzea ez da arazo izango. Oraingoz.
Eta Euskal Herrian, zer? Itsasertza egonkorra da, eta, hortaz, itsasoak zenbat egingo duen gora, hori izango da kezka iturri nagusia. 2100erako 40-60 zentimetro igoko da, BC3 zentroak egindako azken kalkuluen arabera. Itsas mailaren igoera kalkulatzeko, etorkizunerako hiru aukera hartu dituzte kontuan, eta horretarako irizpidea izan da atmosfera berotzen duten gas isuriak zenbat apaltzea lortuko den: baikorra, erdibidekoa eta ezkorra. 40 eta 60 zentimetro arteko igoera hori erdibideko aukeraren emaitza da. Kalkulu ezkorrean, berriz, 70 zentimetroren bueltan ibiliko lirateke Baiona, Miarritze, Donibane Lohizune (Lapurdi), Donostia, Hondarribia, Pasaia eta Zarautz (Gipuzkoa). Bizkaian, 75 zentimetro edo gehiago igoko litzateke Bermeon, Muskizen eta Bilbon. «Igoera saihetsezina da, dagoeneko eragin dugun beroketak ondorioak izango dituelako ezinbestean. Baina gure esku dago 60 zentimetro barik 40 edo gutxiago izatea», ohartarazi du.
Iragarpen «katastrofistak»
Kalkulatu dituzten neurri horietan igotzen bada itsas maila, ez dute espero lur eremu zabalak urpean geratzerik. «Hondartza batzuk desager daitezke, edo metro asko galdu. Badaude itsasertzetik oso gertu dauden gune baxu batzuk, eta baliteke horietan ere kalte egitea. Paduretan gerta daiteke, esate baterako. Urdaibai aldean, adibidez, badaude ur ertzetik oso gertu eraikitako etxeak. Kasuan-kasuan aztertu beharko litzateke etxe horiekin zer gertatuko den marea igotzen denean».
Aztiko ikertzailea da Manuel Gonzalez ingeniari zibila. Eusko Jaurlaritzaren Ihobe ingurumen agentziarekin batera, Kostegoki programa ipini dute martxan, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean klima aldaketak izango duen eragina aztertu eta prebenitzeko zer neurri hartu erabakitzeko. Argi esan du: «Katastrofistegiak dira herriguneak urpean geratuko diren aurreikuspen horiek guztiak. Ez dira errealak. Denok irakurri dugu itsasoa Kursaala baino barrurago sartuko dela Donostian, eta hori ez da egia, gaur egungo aurreikuspenen arabera. Kursaal ingurura muturreko fenomenoak daudenean sartuko da itsasoa. Egoera normaletan, ez».
"Kursaal ingurura muturreko fenomenoak daudenean sartuko da itsasoa, ez egoera normaletan"
Manuel Gonzalez. Kostegoki proiektuko arduraduna
Beraz, arriskua beste bat da: itsas ekaitzak, itsaso zakarra eta marea biziak. Gaur egun, horrelako muturreko fenomenoak gertatzen direnean, kalteak eragiten dituzte. Mende bukaeran, 40-60 zentimetro gorago gertatuko dira: hau da, muturreko fenomenoak daudenean bai, orduan sartuko da ura portuetan eta kostaldeko herrietan barrurago. Eta egoera horiek orain baino sarriago gertatuko direla uste dute ikertzaileek. Bada beste arazo bat ere: «Kostalde oso itxia dugu. Topografia oso menditsua da, eta hondartzek eta herriek ezin dute atzera egin. Beraz, aukera bakarra dago: horrelako fenomenoetan kaltea saihestu edo gutxitzeko neurriak hartu», azaldu du Sainz de Murietak.
Azkenaldian hainbat alditan gertatu dira muturreko fenomenoak Euskal Herriko kostaldean; larrienak, 2014an. Gonzalezek gogora ekarri du kalterik larrienak Bermeon eta Zarautzen eragin zituela. «Bermeon, Frantxuako dikeak huts egin zuen. Zaharra zen, eta ez zegoen prestatuta halako enbata bat jasateko. Konpondu zen, eta ez luke arazorik izan behar. Zarautz, berriz, bai, kaltebera da: itsas pasealekua hondartza gainean dago». Batez ere biztanleei eta ekonomiari eragingo dien kaltea aztertzen ari dira Kostegokiko ikertzaileak. Portuek, oro har, modua izango dute itsas mailaren igoerari aurre egiteko, Gonzalezen arabera. Hala ere, ohartarazi du diru asko jarri beharko dela obretan. Hondartzetan espero diren kalteek turismoan izango dute eragin nabarmena. Halakoetan, zaila da konponbidea topatzea: «Ikusten dugun hareatza hori baino gehiago da hondartza: urpean dagoena eta lehorreko dunak ere badira. Baina dunek egon beharko luketen lekuan eraiki egin dugu...».
Bermeoko Frantxuetako olatu horma suntsituta, 2014ko otsaileko ekaitzean. Luis Jauregialtzo / FOKU
Arrisku handiagoa dute jendea bizi den inguruek. Ikusi dute leku kalteberenak Urumea eta Ibaizabal ibaien estuarioetakoak direla. Lehenengoan, Donostiako Loiola eta Txomiñenea, eta Astigarragako Bidebitarte ingurua; Bilboko itsasadarrean, berriz, Erandioko Altzaga, Leioako Lamiako, Sestaoko Ibarzaharra eta hiriburuan Zorrotzaurre. Gonzalezek zehaztu du muturreko fenomenoak gertatzean egongo direla leku horiek arriskuan, eta 2100ean. «Lortuko bagenu itsas mailaren igoera aurreikusitako zentimetro horietara mugatzea, babes neurriekin nahikoa izango litzateke auzo horiek salbatzeko. Baina ez badugu lortzen atmosferaren tenperatura kontrolatzea, larriagoa izango da egoera, eta orduan, bai, orduan leku horiek urpean geratzeko arriskua legoke».
Hirigintza planetan
Bilbon, Zorrotzaurreko penintsula zena uhartea da orain; iazko urriaren 8an zabaldu zuten kanala. Gonzalezen esanetan, euriteek uriolarik ez eragiteko hartu dituzte neurriak bereziki; hau da, ibaia hazita datorrenean, urak itsasorako bidean nondik joan izan dezan. Baina itsasoko mareek eragindakoentzat ere baliagarri izan daitezkeela esan du. Dena den, Sainz de Murietak argi utzi du hartu dituzten eta hartuko dituzten prebentzio neurriak —oraindik lanak amaitzeko daude— ez direla aski izango arriskua erabat desagerrarazteko. «Zero arriskua ez da existitzen. Aurten ere izan dituzte uholde txiki batzuk neguko marea bizietan».
"Leku batzuetan, asko da hamar zentimetro igotzea; 100.000 lagun ingururi kalte egingo lieke mundu osoan"
Elisa Sainz de Murieta. BC3ko ikertzailea
Horregatik, ezinbestekotzat jo du udalerri bakoitzak bere egoera aztertzea eta neurriak hartzea. Klima aldaketari aurre egiteko bi bide daude, Sainz de Murietaren esanetan. Batetik, aldaketa ahalik eta txikiena izan dadin ahalegintzea, horretarako atmosfera berotuko duten gasen isuria etenda. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak jadanik ohartarazi du Parisko akordioan ezarritako helburuak ez direla nahikoa. «Lehen, uste zen bi graduko mugak segurtasuna ematen zuela, baina orain badakigu ezetz, tenperatura igoko den gradu hamarren bakoitzak ondorioak dituela. 1,5 gradu berotu edo 2 gradu berotu, aldea nabarmena izan daiteke». Gradu erdi horrek hamar zentimetro eragin diezaioke munduko itsas mailaren batez besteko igoerari. «Leku batzuetan, asko da hori igotzea; 100.000 lagun ingururi kalte egingo lieke mundu osoan». Ozeano Barean eragingo ditu migraziorik handienak itsas mailaren gorakadak.
Baina badaude hartu beharreko beste neurri batzuk ere. Hori da bigarren bidea: «Ez dugu zertan NBEk eta mundu mailako agintariek zer erabakiko zain egon. Tokian-tokian ere neurriak har daitezke». Sainz de Murietaren ustez, herri guztiek hiri antolamenduko planetan aintzat hartu beharko lukete klima aldaketa. Euriteei eta lehorteei begiratu beharko diete batzuek, eta itsas mailaren igoerari beste batzuek.
Bihar: Barnealdea eta mendialdea.