Ugariak dira danborradak Euskal Herrian, eta ugariak dira emakumeek parte hartzeko egin behar izan dituzten lanak ere, oraindik ere parekidetasunera iristeko lana falta den arren.
Danborradetan ezagunena Donostiakoa da, San Sebastian egunean 24 orduz Gipuzkoako hiriburuko auzo guztiak danbor, barril eta suil soinuz betetzen dituena. Ikertzaileek 1830eko hamarkadan ezarri dute Donostiako danborradaren hasiera. Emakumeek, ordea, mende eta erdi itxaron behar izan zuten atabalak astintzeko, 1980. urtera arte. Azpeitian, egun berean egiten da danborrada, eta urtebete gehiago kostatu zitzaien lehen emakumeei gizonen eskubide berarekin parte hartzea. Halere, horiek lehenetakoak izan ziren; esaterako, Gasteizen eta Deban aldaketa ez zen iritsi XXI. mendea hasi arte.
Donostiako lehen danborrada mistoa 1980. urtean atera zen hiriko kaleetara, Kresala elkartearen eskutik. Urtebete lehenago hasi zen, ordea, elkarteko emakumeen lana, besteak beste, urketarien figura sortzeko.
Emakume bat danbor nagusiaren lanak egiten, Donostian. Juan Carlos Ruiz, Foku
Emakume danbor jotzaileen hasiera ez zen erraza izan. Prentsaurrekoak, mahai inguruak eta irrati eztabaidak egin behar izan zituzten, euren presentziaren kontra zeudenei aurre egiteko. Belen Aizpuru izan zen lehen andre haietako bat: «Eskubide osoa genuen ateratzeko, nahiz eta elkarte askok ez zuten onartzen».
Halere, gogoan du «dezenteko iskanbila» sortu zela. Kresalako danborrada hartako danbor nagusi zen Xabier Otaegi, eta hark ere ez ditu ahaztu gainontzeko elkarteekin izaniko tirabirak. Haren ustez, aurkako elkarteek argudio «txatxuak» zituzten: «Batzuek zioten beraiek ere bazituztela emakumeak, eta Kresala emakumeekin ateraz gero haiek ere nahiko zutela. Besteek tradizioa aldarrikatzen zuten».
Eztabaida, ordea, udaleraino heldu zen, eta Jesus Mari Alkain alkateak bilera batera deitu zituen elkarteak. Otaegik oroitu du gainontzeko elkarteek ez ateratzearekin mehatxu egin zutela, eta horrek alkatea beldurtu zuela. Kresalako kide baten hitzek, ordea, dena aldatu zuten: «Hauek ez badute parte hartu nahi bandera igotzean eta jaistean, Kresalako kideok egingo dugu». Hura izan zen soluzioa. «Euren postua galdu zezaketela ikustean, denen jokabidea aldatu zen», azaldu du danbor nagusi ohiak.
"Edozein lekutan txaloak entzuten ziren. Eta jendetza izugarria joan zen, nahiz eta oso goiz izan"
Belen Aizpuru
Danborradaren eguna iristean, elkarte aurrea eta ondoko bi kaleak «bete-bete» zeudela gogoratu du Aizpuruk: «Batzuk alde eta besteak kontra, baina aldekoak gehiago ziren. Edozein lekutan txaloak entzuten genituen. Eta jendetza izugarria joan zen, nahiz eta oso goiz izan». Izan ere, 07:00etan irteten da Kresala elkartearen danborrada. Momentu «hunkigarritzat» du hura Aizpuruk, nahiz eta Parte Zaharreko hainbat elkartek pertsianak jaitsi zituzten haiek pasatzean.
Ordutik, pixkanaka joan ziren elkarte gehiago aldaketara moldatuz. Hurrena, Antiguoko Gazte Danborrada, 1983an. Jada mende berria hasita, 2007. urtean, Donostiako elkarte ezagunenetako batek eman zuen emakumeak onartzeko pausoa: Gaztelubidek. Hala egin ezean azken hamarkadetan izan duten eskubidea kenduko ziela ohartarazi zien udalak: banderaren igoeran jotzekoa. 2009. urtetik aurrera, berriz, gizonez bakarrik osatutako danborradei diru laguntzarik ez ematea erabaki zuen Donostiako Udalak.
"Aurkakoek argudio txatxuak zituzten; horietako batzuek tradizioa aldarrikatzen zuten"
Xabier Otaegi
Azken urteetan, gizon eta emakume kopurua parekatuz joan da. Aurten, 7.314 emakume (%41) eta 10.508 gizon (%59) atera dira danborrak astintzera, Donostiako Udalaren datuen arabera. Hala, andreen presentzia %2 handitu da iaztik. Halere, oraindik badira emakumerik gabeko danborradak: 143tik bederatzi. 133 mistoak dira, eta bat emakumeez soilik osatua dago. Danborraden «buruzagitzak», ordea, gizonen kontua izaten jarraitu du. Hamasei taldek bakarrik dituzte emakumezko danbor nagusiak, %11,8k.
«Orduan berezia zen»
Danborrada donostiarren egun berean jotzen dute azpeitiarrek (Gipuzkoa), eta andreek antzeko prozesu bat egin zuten han parte hartzeko. Fruituak, ordea, urtebete geroago iritsi ziren, lehen danborrada atera eta 25 urtera. Zortzi emakumek parte hartu zuten lehen urte hartan; Kamino Saiz izan zen haietako bat. Arrantzale taldearekin egin zuten estreinaldia. «Gaur egungoa bezalakoa zen gure danborrada, baina orduan berezia zen», azaldu du. Urte haietan, bandera gizon batek eramaten zuen taldean, eta ez zen kantinerarik ateratzen.
Azpeitiako danborrada. Onintza Lete Arrieta
Denetariko erantzunak jaso zituztela gogoratu du Saizek, baina oro har «onak» izan zirela; Irungo eta Hondarribiko alardeekin antzik gabeak: «Nik alardean desfilatu dut zazpi urtez, eta ez du zerikusirik; Azpeitikoa ez zen hain bortitza. Gogorrena andreen jarrera da han; hori da ulertzen ez dudana». Azaldu du «marmarrak» entzun behar izan zituztela, baina hurrengo urterako, jada, bazela beste talde misto bat: «Eta kexatu ziren gizonetako batzuek han parte hartu zuten».
"Nik alardean desfilatu dut zazpi urtez, eta Azpeitikoa ez zen hain bortitza. Gogorrena andreen jarrera da han"
Kamino Saiz
2009. urtean bilakatu ziren Azpeitiko talde guztiak misto, eta aurten omendu ditu udalak aldaketarako lehen pausoa eman zutenak. «Jendea ‘eskerrik asko’ esaten entzuten duzunean: ‘Zuek ireki zenuten bidea’. Oso polita izan zen», azaldu du Saizek.
«Danborra jotzeko ilusioa»
Sansebastian egunetik at ere badira danborradak Euskal Herrian, eta Gasteizkoa da horietako bat, San Prudentzio bezperan egiten dena. Hori bai, Donostiakoak hartutako ideiari jarraituz hasi zen, handik eraman baitzituzten lehen jantziak, 1975. urtean.
Gainontzeko hirietako arazo bera izan zuten, ordea, emakumeek. Kantineraz eta majorette-z irteteko aukera besterik ez zuten. Hala izan zen XXI. mendea hasi arte. 2001. urtean, emakume talde batek planto egin zien elkarteei, eta, hilabeteetako eztabaidaren ostean, bi emakumek parte hartu zuten, sukaldari jantzita. Begoña Gomezek gogoan du momentu hura, «danborra jotzeko ilusioa» zutela, eta, helburua lortzeko, majorette-en eta kantineren babesa izan zuten: «Esan zuten beraiek ere ez zirela aterako guri uzten ez baziguten». Sukaldari jantzita egin zuten, ordura arte danborradan «soldadu eta sukaldari hitzak maskulinoak» ziren arren.
Egun ohikoa da emakumeak ikustea San Prudentzio bezperako danborradan. Juanan Ruiz, Foku
Halere, egunari «mesfidantza» ziola adierazi du, «zerbait gertatu zitekeela ere amets egiteraino». Bi emakumeak, ordea, gainontzeko parte hartzaileek «eskoltatuta» atera ziren, eta ez zen ezer txarrik gertatu.
Denborarekin, urketarien figura sartu da Gasteizko danborradan, eta, Gomezen ustez garrantzitsuena, lehen emakumezkoak kantinera edo majorette ziren, baina orain danborra jotzea ere ohikoa da.
«Lehengoa ez zen normala»
Deban (Gipuzkoa) bestelakoa da danborrada. Elkarte bakar batek antolatzen du, Ozio-bidek, San Roke jaietan. 1946. urtean hasitako ohitura bat da, baina 1990eko hamarkadara arte gizonek bakarrik hartu zuten parte, eta ordutik aurrera parte hartzen hasi ziren emakumeek panderoa jotzen zuten, ez danborra.
"Alor guztietan dago atea irekitzen duen norbait. Pertsona horrek emaniko paussoa oso garrantzitsua da"
Begoña Gomez
2001. urtean, Manolo Pascualek hartu zuen danbor nagusiaren kargua, eta, hark dioenez, hasieratik buruan zuen «diskriminazio hori» amaitzea, hau da, emakumeek danborra jo ahal izatea. Aldaketa, ordea, ez zen iritsi 2012. urtera arte. Elkarteko biltzarrean, emakumeek parte hartzeko eskubide bera izatearen alde egin zuten gehienek. Aldaketa hura «naturaltasunez» egin zela azaldu du Pascualek: «Errespetua genion egoerari, ez baikenekien jendeak nola hartuko zuen, baina gehiengoz onartu zen». Kalean ere, «logikoa den moduan», normal hartu zela adierazi du: «Normala ez zena lehengoa zen».
Denek ideia gauza bera dute buruan: salbuespena «ohiko» bihurtu dela. Saizen ustez, «belaunaldi aldaketa» dago horren atzean: «Neskek danborradan atera nahi dute, eta ez kantinera izan soilik. Mutilak, berriz, kantineraz ere irteten dira». Halere, Aizpururen ustez, «ikaragarria» da zenbat kostatu den emakumeak sartzea, eta azpimarratu du lan asko egin behar dela oraindik ere.
"Errespetua genion egoerari, ez baikenekien jendeak nola hartuko zuen, baina gehiengoz onartu zen"
Manolo Pascual
Gomezek, berriz, uste du eurena berritasuna izan zela, eta jendea jada ohitu dela egoera berrira. Halere, lehen aldiek «konnotazio berezi bat» dutela azpimarratu du: «Alor guztietan dago atea irekitzen duen norbait, ez festetan bakarrik. Denborarekin hainbeste jendek egiten du, normala ikusten baitugu. Baina pertsona horrek emaniko pausoa oso garrantzitsua da».