Edita Maldonado (Tela, Honduras, 1948) zortzi seme-alabaren ama da. Estatu Batuetan bizi dira horietako bost. «Etxeko atetik ateratzen diren bezain pronto hasten naiz otoi egiten. Zeharkaldia abiatzean, hamasei kandelako pakete bat erosten dut. Egunero pizten dut bat, eta garrak esaten dit nola dauden; zuzen badago, ondo doaz, baina, garra txikitzen eta itzaltzen denean, negarrez hasten naiz, zerbait makurra gertatu ote zaien pentsatuz», esan du begi urdin argiko emakume bizi-biziak. Poza eta samina etengabe tartekatzen dira bere hizketaldian, irribarrea eta malkoak, bizipozak eta bizipenak. «Rosita» alabarekin akordatzen denean hasten da samina. 1995ean atera zen etxetik, anaia gazteagoarekin, bizimodu oparoago baten bila, pobreziatik ihesi, iparralderantz. Hondurasko El Progreso hiriko kanpoaldeko auzo batean bizi da sendia, asfaltatu gabeko errepide bazterrean zutitutako bi eraikin xumetan, lore arrosak dituen zuhaitz baten babesean, oilo artean, arropa zintzilik han eta hemen, birbiloba txikiak batetik bestera. Azkar batean joan dira korrika atarira, birramona ikustean.
Rosa Lidia Perezen arrastoa 1995ean desagertu zen. «Oso garai gogorra izan zen; bazkaltzeko garaian plater bat sobera zegoen gure mahaian, eta gauetan 'gabon, ama' entzutearen falta sumatzen nuen. Etengabekoa zen sufrimendua. Tarteka pentsatzen nuen akaso bidean hil zutela, baina bihotzak esaten zidan bizirik zegoela».
Bihotzak egia esan zion. 2000. urteko uztailean iritsi zen bost urtez itxaron zuena: alabaren eskutitza. Chiapasen zegoen alaba (Mexiko), lanean, Tonalan. «Poz handia izan zen. Ilobak eskutitza irakurtzen zidan bitartean dardarka nengoen, negar malkotan. Banekien bizirik zegoela». Alabak beste lau eskutitz idatzi zizkion aurretik, baina inoiz ez ziren etxeko buzoira iritsi. «Postazainak gutuna ekarri zidanean esan zidan haren hizkia ezaguna egiten zitzaiola, eta, bai, haren lau gutun zeuden, inork inoiz etxera ekarri ez zituenak».
«Ez nuen haren ahotsa ezagutzen; hortaz, aitaren eta amaren izenak galdetu nizkion alabari, eta izenak esan zizkidan»
Edita Maldonado. Cofamipro elkarteko idazkaria
Abenduan Guatemalako Tecun Uman mugako hirian elkartzeko proposamena eginez erantzun zion alabari. Rosa Lidia azaldu beharrean, haren bikotekidea zena azaldu zen hitzordura. «Alaba gaixo zegoen, sukar eta eztularekin, eta haren argazkiak ekarri zizkidan. Dei bat egin genion. Eztulka ari zen, gripearekin, ahotsa urratua zuen, eta ez zen ondo entzuten. Ez nuen haren ahotsa ezagutzen; hortaz, aitaren eta amaren izenak galdetu nizkion alabari, eta izenak esan zizkidan. Gero, bi anaia txikien izenak ere galdetu nizkion, eta haienak ere esan zizkidan. Horrela jakin nuen bera zela».
«Bizitza eta heriotza»
Maldonado geroxeago elkartu zen alabarekin, bolada batez izan baitzuen etxean, baina berriz egin zuen iparralderantz. 2004an, gaixotu egin zen alaba, eta etxera itzuli nahi zuela esan zion amari. «Haren bila joan ginen, oso gaixorik baitzegoen, sukar handiarekin; ez zuen inor ezagutzen, hitz egin ere ez zuen egiten, eta ikusmena ere galdu zuen. Bi hilabete baino ez zuen iraun etxean. Bizitza eta heriotza». Malkoak isurtzen ditu Maldonadok. Rosa Lidia abenduaren 29arekin hil zen. «Urtero, egun horretan, loreak egiten dizkiot». Alaba etxeko patioan dantzatzen ikusten du oparitu zioten «parpailazko eta arrosa koloreko soineko luze eta ederrarekin». Rosa Lidiaren hil jantzia izan zen soinekoa.
Cofamipro Desagertutako Migratzaileen Senideen Batzordea negarretik, saminetik eta tristeziatik jaio zela dio Maldonadok. Bera izan zen sortzaileetako bat. «Gure barrenetatik sortu zen, 2000. urtean. Seme edo alaba baten arrastoa galtzen duzunean, arrakalatuta geratzen zara, asko eta asko bidean hiltzen direlako, eta ez dakizulako zurea ere hilik ote dagoen. Hori izaten da tristeena, baina aurrera egiten ikasi dugu». Adorea dute elkartean dauden emakumeak.
Maldonado, alabaren argazkia eskuetan duela. / Kristina Berasain Tristan
Maldonado elkarteko idazkaria da gaur egun. Aste osoan joaten da egoitzara, goizero, desagertuen senideei laguntzera, adorea ematera, berak pasatu zuena pasatzen ari diren amei babesa eta laguntza ematera; berak bezala, samina ekintza bihurtzen dute, horrela osatzen baita zauria, erabat ez bada ere. Salaketak jartzen laguntzen die senideei, beharrezkoak diren paperak eskuratzen, jaiotza agiria, DNA probak. Kantzilertzara eramaten dute txostena. Igandeetan, berriz, irratsaio bat egiten du Radio Progreson. Rosa Nelly Santos elkarteko koordinatzailearekin batera egiten du desagertuak aurkitzeko asmoz jaiotako irratsaioa: Mugak irekiz. Musika jartzen duten bitartean kantatzen aritzen dira adinez zahar baina espirituz gazte diren bi emakumeak.
Mexikon desagertzen diren seme-alaben bila joaten diren amen karabanako irudi bat. / EFE
Mexikoko zeharkaldian desagertutako 470 hondurastarren kasuak dituzte erregistratuak elkartean. 1999an egin zuten lehen karabana, hiriburura, Tegucigalpara. «Lehen karabana hartan 72 emakumek hartu genuen parte, eta hiriburura iristean lau ero ginela esan zuten». Santosek hamazazpi urte behar izan zituen galdutako iloba aurkitzeko. Karabanetako batean aurkitu zuen. Hondurasko, El Salvadorko, Guatemalako eta Nikaraguako amak urtero ateratzen dira iparralderantz, mugak zeharkatuz, seme-alaben argazkiak bularrean dituztela, plazetan, bide bazterretan, aterpeetan, herriz herri, galdera bera egiten: non dago nire semea? Non dago nire alaba? Ikusi al du inork? «Karabanak izugarriak dira, emakumeen arteko elkartasun horrek kemena ematen digu aurrera egiteko. Samina adore bihurtzen da».
Fenomenoa begi bistan
Marta Sanchez iritzi berekoa da. Seme-alaben arrastoaren bila ari diren emakumeak giza eskubideen ekintzaile bihurtzen direnean horrek transformazio bat dakarrela ezinbestean: «Karabanan, samina indar bihurtzen dute, eta biktimaren zirkulu itxi horretatik ateratzen dira». Mesoamerikako Migratzaileen Mugimenduko presidenteak aspaldi utzi zion desagertuak zenbatzeari: «Inork ez daki zehazki zenbat diren. Mexikoko Giza Eskubideen Batzordearen arabera, 70.000 eta 120.000 dira [2006tik], baina gehiago ere izan litezke. Ez dago jakiterik». Aurkitutakoen kontaketa, aldiz, oso zehatz darama. «301 dira». Urriaren 31n aurkitu zuten azkena. Leticia eta Merza ama-alabek egun horretan besarkatu zuten elkar hamahiru urteren ondoren. Merza Chiapasen bahitu zuten, eta, ihes egitea lortu zuenean, herri batean babestu zen. Han bi seme izan zituen, eta amaren kontaktua galdu zuen. Orain, Facebook bidez izan du haren berri. Tapachulan (Mexiko) elkartu ziren, duela hiru aste, eta gau osoa pasatu zuten elkarrekin hizketan.
Amen XIV. karabana azaroaren hasieran iritsi zen Mexiko Hirira. Bertan desagertutako migratzaileen amen munduko goi bilera egin zuten, eta manifestu bat argitaratu zuten elkarrekin, batean eta bestean ama guztiak egoera beretik pasatzen baitira.
Migratzaileen karabana martxan zen ordurako, eta exodoan zihoazen iheslariak etengabe izan zituzten gogoan euren karabana propioan zihoazen amek. «Haiekin batera egin dugu bidea, sinbolikoki bada ere». Sanchezek, baina, argi adierazi nahi du karabanak orain arte inor ohartu gabe pasatzen zen fenomeno bat jarri duela agerian: «Lehen ere egunero-egunero ateratzen ziren ihesean. Oraingoarekin duen alde bakarra da orain taldean doazela, baina lehen eta orain alde egiteko arrazoiak berberak dira. Hori ez da aldatu. Ezin eramanezko bizimodu batzuetatik egiten dute ihes; ez dira migratzaileak, iheslariak dira».
Maldonadoren azken semea iazko apirilean abiatu zen karabanarekin atera zen etxetik. Orduan ere hamasei kandelako paketea erosi zuen distiraz laguntzeko.
Desagertuen amak, Tixtla hirian, Mexikon, joan den urrian. / Jose Mendez, EFE
AEBek sei orduz itxi dute Tijuanako muga, eta gero atzera ireki
Karabanako migratzaileen aurkako manifestazioa egin zuten 300 bat lagunek Tijuanan (Mexiko), herenegun. Bada, hori gertatu eta ordu batzuetara, AEBen eta Mexikoren arteko mugako San Ysidro pasabidea itxi egin zuen CBP Mugetako Babeserako Bulegoak. 01:00 eta 07:00 artean egon zen itxita, eta AEBen bulegoak egitura «sendotzeko» materiala jartzeko baliatu zituen ordu horiek. Hori jakinarazi zuen ohar batean. AEBetatik zetozenak, ordea, ohi bezala sartu ahal izan ziren Mexikon. Egunean 180.000 bat lagunek zeharkatzen dute Tijuanako muga. Munduan gehien gurutzatzen den muga da.
Duela hilabete pasa Erdialdeko Ameriketatik atera eta AEBetara iristea helburu duten 3.000 bat migratzaile iritsi dira Tijuanara azken astean. Mugimendu herritar batek deituta, haien kontrako manifestazioa egin zuten Tijuanan, eta mezu xenofoboa zabaldu zuten «Mexiko mexikarrentzat», «gu lehenengo», «migratzaileak bai, inbasorerik ez» eta, «esnatu Mexiko, ez dugu arazorik nahi, marak kanpora» eta antzeko leloak oihukatuz. Manifestariek Benito Juarez aterperako bidea hartu zuten, aterpe horretan baitaude Tijuanara karabanan iritsi diren 3.000 migratzaileetako gehienek. Poliziak esku hartu behar izan zuen manifestariei bidea ixteko, eta istiluak izan ziren manifestarien eta agenteen artean. Izan ziren, gainera, manifestazio horretan parte hartu zutenei aurre egin zieten herritarrak.
Hain zuzen, «krisi humanitario larria» salatu du migratzaileei sostengua ematen dien Tijuanako batzorde batek. Agintariei «borondate politikorik» ez dutela aurpegiratu die, eta, migratzaileek dituzten «beharrei» erantzute aldera, «urgentziaz» irtenbideak exijitu dizkie.
Tijuanako alkate Juan Manuel Gastelum, berriz, kontrako mezua ari da zabaltzen. Iruditzen zaio migratzaileak «alfer» batzuk direla, eta Mexikoko Gobernua kritikatu du, «ez duelako dagokion lana egin».