Patxi Larrion eta Ana Ibañez

Ez nadin pertz-gorrian fundi, Joxemiel!

Koronabirusaren pandemiak sanferminak bertan behera utzi dituenez, atzera begira paratu dira Patxi Larrion eta Ana Ibañez. Joxemiel Bidadorrekin solasaldia izan du Larrionek lerro hauetan. Ibañezek, solasaldia aditu, eta collage baten bidez irudikatu du.

jarraia183706.jpg
Patxi Larrion Galdeano.
2020ko uztailaren 3a
11:32
Entzun

Uztailak 6 Iruñean, zurrunbiloa Esteribarko mugetan iri, eguzkiaren zigorrak egosten ditu Bakoren seme-alabak, Iruñerri guzia den pertz-gorrian [...] nola aldatu diren gauzak, Joxemiel! Hutseaniko hazkurria ari naiz leitzen, hor dut olerkia kausitu, Ibañeta aldeko Lindus hobetsi zenuen duela hogei bat urte sanferminetatik alde egiteko eta aurtengo 6an, nik bederen, hiriko zarata hipokritak aditu nahi eta ziur aski ezin. Zuen janari-dendako bezero izandako batek urtero uztailaren 6a mendian ematen du, menturaz hori dut aurtengo bezperan hartu beharreko bidea.

Bai, Joxemiel, hau bai oximorona, noraezean geldirik nauzu, gutxi dira Hiri Buruzagian eman ez ditudan 6ak, eta horien artean, hobekien gogoratzen dudana 1990eko San Fermin bezpera duzu, beharturik eman bainuen egun hura Iruñetik kanpo, kazeta honen aitzinekoak beharturik. Egunkaria Sortzeneko kanpainaren bilerak ostiraletan ziren eta 6a ostirala izaki Egiako Mundaiz Bidean entzun nuen eguerdiko txupinazoarena, orduko hartan aski ongi gorrotatu nituen bi adiskidek irrati aparailua hurbildu zuten geure bilera tokira etxafuegoa entzun nezan, ez dut ahaztu ordainetan bota nien biraoa.

Gaitz erdi, urte hartan estreinakoz eta momentuz hondarrekoz gozatu nituen Lesakako sanferminak, bezpera zen, egiazko bezpera Bortzirietako horiena, Egunkaria-k festak antolatzen zituen eta Lesakako abesbatzak karrikak alaitu. Memoriak huts egiten ez badit Candido ere kantari aritu zen Onin errekatik hurbil. Hura bai luxua! Hiru hamarkada igaro dira ordudanik. Lesaka utzi Iruñera iritsi, joteroz jantzi eta udaletxe plazara hurbildu nintzen, han ziren Iruñeko gaitariak Jarauta 69rekin batera, hura izan zen Hiri Buruzagiko ene sanferminen hasiera, pentsa, Joxemiel, aurten litekeena Jarauta 69 txarangarik gabeko sanferminak igaro beharra, posiblea ote!

Aurten badute zer ospatu Itsasu eta Ziburuko lagunek, urruñarrekin batera emaitza historikoa eskuratu baitute herriko bozetan eta San Fermin bezpera hobetsi dute ospakizunerako

 

Ez dut gogoan 90eko hartan zuen janari-dendatik pasatu ote nintzen, galtzak bete lan zenbiltzaten garai hartan ere, zeu makarena egiten, Gaztelako txitxirioez eta babarrunez betetako zakuak Las Pocholas-eko Indatxikiako nasan uzten irudikatzen zaitut, Joxemiel. Auskalo zer kontatuko zieten bezeroei Hostal del Rey Noble-ko nagusiek jaki preziatu horien inguruan kontua eskatu aitzin.

Ahaztu ez dudana urte hartako lehendabiziko gaupasa duzu. 1990eko 6an gaupasa derrigorrean egin bainuen, Euskaldunon Egunkaria izan nahi zuen diptiko modukoa entzierroa baino lehen banatu behar baikenuen, ea txiripaz lasterkariren bat periodikua izan nahi hura eskuan agertzen zen uztailaren 8ko egunkariren batean.

Argazkilariak, tira, argazkiak egin behar zituztenak ez ziren garaiz heldu eta han ibili nintzen zarauztar birekin pulamentuzko argazkiren bat atera nahian entzierroa amaitu ondotik. Ez genuen arrakasta handirik erdietsi, eta pena arrangura bilakatu zen urte baten buruan, egun hartan ateratako argazkietako bat auto istripuz hil zen Iñigo Makazaga Bartolo zenari oroigarri gisa eskaini zioten aldizkarian agertzen baita.

San Fermin bezpera aldirietan igarotzea dugu, zer iruditzen zaizu, Joxemiel, Txantrean ez bada, Arrotxapean, hamaiketako luzea egin, presarik ez harresien abaroa bilatzeko, inoiz Biurdanan edota Magdalenan eman dugu 6a, Iruñeko feriak baitira, ganadu ferian ere zure saltsan zinen, Mañuetako lehengusuen maina oro ezagutzen zenituen, solasaldi horiek gutxi zuten prosodiatik, hori bai, psikologia tratatuen parekoak ziren. Baina horiek ere debekaturik dituzu, aziendarik gabeko feriak Hiri Buruzagikoak, ogasunak hori ere nozituko du. Bilatuko dugu zertan eman eguna aldirietan, eta sobera luzatzen bada, 7an egunsentiarekin batera hiriburuzagitu, Marzelarenean egunkaria erosi eta lasterkan usatuak ez garenez txurroak erostera joan gaitezke.

Inork ez du botere osoa bere eskuetan, ezta Elizak ere. Arao bat saiatu beharko genuke Errok aipatu azpi indar hori gure alde jar dadin

 

Ahaztua nuen, Joxemiel, ezin dugu 6a osorik, eguna eta gaua, aldirietan eman, bizi-bizi helduko dira lapurtarrak, aurten badute zer ospatu Itsasu eta Ziburuko lagunek, urruñarrekin batera emaitza historikoa eskuratu baitute herriko bozetan eta San Fermin bezpera hobetsi dute ospakizunerako, horiek mahaia ongi hornitua delarik atxiki ahal izanen ditugu aldirietan, baina enpo egin baino lehen alde zaharrerantz dira abiatuko, pertz-gorriaren imanak erakarrita. Badakizu, anitzendako debekua akuilua bilakatzen baita.

Ez da giro Hiri Buruzagian, Joxemiel, duela aste pare bat izparringi honetan azpi indar bat aipatu zuen Angel Errok, gogoan duzu poeta, ezta? Artikulu horretan ere bete-betean asmatu zuen olerkari loriosak, berez, zirraragarria da inork kontrolatu ezinduen azpi indar bat dagoela sentitzea. Inork ez du botere osoa bere eskuetan, ezta Elizak ere. Arao bat saiatu beharko genuke Errok aipatu azpi indar hori gure alde jar dadin. Indar hori al zen Lindusen duela hogei urte xerka ari zinena? Zeu eta lainoa isiltasun erabatekoan, Joxemiel, ez da agertoki eskasa azpi indar horren babesa eska dezagun. Pertz-gorriarena ez zen metafora bat, egiazko tramankulu zenuen, ezta? Non duzu gordea norabidea aginduko digun lapiko hori?

Kaosa gobernaezina zelakoan nengoen ni, eta, hara! Erroren orakulua berriz ere argigarri, onbera kaotikoak omen gara, zintzoak izan nahi dugu (edo gaizto behintzat ez agertu), baina modu aldrebesenean edo deigarrienean. Arestian esan gisara, noraezean geldirik nauzu. Zaldiko-Maldiko izan dut iparrorratza hiru hamarkada hauetan, zerbitzariaren barrak eskaintzen duen talaiatik milaka lagun eta ezagun agurtu ditut, eta egiaren aitortzeko baten bat agurtu ondotik ezagutu dut. Zaldikokoa ez da aurten beteko ez dudan ohikune bakarra, bezperakoan altsasuarrarekin elkartu ohi naiz San Gregorion eta ardo txuri bana hartzen dugu goizeko hamaikak baino lehen. Aurten ziur aski modu telematikoan eginen dugu topa.

Tira, Joxemiel, enpo egin aitzinetik erabakia hartu dut, hiru egun barru mendira joanen naiz, Ezkabatik edota Elotik argi-alba ikusi, agian hobe Linduseko buelta egiten badut, baina ez naiz Ibañeta aldean Jutsiko besten afixak xerkatzen hasiko, pertz-gorria dut xede. Zein koloretakoa zen Lakuntzako pertza? Barka, ez nadin desbidera.

Bai, irmoa da nire erabakia, Lindus aldera joanen naiz, gainera badut norekin gogoratu inguru horretan, dagoeneko jakinen duzu, Bixente Serrano Izkok berriki utzi gaitu, duela sei urteko udaberrian elkarrekin egon ginen Lindus ondoko Ataloztin, aurtengo ez-sanferminak egokiera ona dira Oriol Sole Sugranyesi eskaini oroitarria zertan den ikusteko.

Baina zertan ari naiz, ez nadin pertz-gorrian fundi, Joxemiel, festa egitera behartuko dut neure burua, kaosa ezin da gobernatu, azken batean Hiri Buruzagiko alde zaharrean nahi dut, tenorea da afera, arratseko uda mina iristen denerako bertan nahi dut, aitzinetik Arga zeharkatuko dut eta Arantzadin barna harresien freskura bilatuko, Frantziako ataritik sartu eta isil-misilean Zakatinetik Mañuetaren behera iritsiko naiz, zuen janari-denda izandakoaren aitzinean paratu eta aurten ere hamaikagarrenez zurekin gogoratuko naiz, Joxemiel.

Bihar: Gora Pandemin (V). Nerea Balda eta Oihane Txokarro.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.