Edukia eta forma dira ikus-entzunezko obra oro sortzeko abiapuntutik aintzat hartu beharreko elementu nagusiak: kontatzen dena, batetik, eta nola kontatzen den, bestetik. Elkarri eragiten diote, eta lotura logiko bat izan behar dute. Edo hori da Iratxe Fresneda zinemagileak (Bilbo, 1974) filmei eskatzen dien «oinarri ezinbestekoa»: zuzendariak istorioa pantailara eramateko erregistro egokia bilatu izana. «Izan daiteke koherentziazko erlazioa edo joko guztiz apurtzailea, bi gauzak interesgarriak dira; baina erabakiak zentzua izan behar du».
Fresnedak zinemaren esparruan dihardu aspalditik, baina ikerketa eta irakaskuntza izan ditu jardun nagusi zenbait urtez, 2016an zuzendari gisa estreinakoa egin zuen arte: Irrintziaren oihartzuna izan zen haren opera prima, eta iaz eman zuen bigarrena, Lurralde Hotzak. Istorio ezberdinetatik abiatuta, bietan aztertu zuen, preseski, egun irudia nola erregistratzen den. Lehenengoan, Mirentxu Loiarte zinemagilearen erretratua egin zuen: Loiarte euskaraz lan egin zuen lehenengo emakume zinemagilea izan zen, eta bi pelikula filmatu zituen, Irrintzi (1978) eta Euskal emakumeak (1981), baina ahanzturan erori ziren. 35 urte geroago, Fresnedak lan horiek berreskuratu zituen bere filmarekin. Horrekin hasi zuen «erregistroaren trilogia» deitu zuena.
Bigarrenerako ere zinemagile baten jardunetik abiatu zen: Lars Von Tier daniarraren lana ikertzen ari zela, bete-betean murgildu zen Eskandinaviako zineman. Prozesu horretan jasotako elementuekin eta tokiekin osatu zuen bigarren filma. Munduari begiratzeko era bat «desagertzen» ari dela iritzita, «gaur egun bizi dugun irudien gehiegikeria» aztertzen saiatu zela esan zion orduan BERRIAri. Orain, trilogiaren azken atalean dihardu lanean: Tetuan, Tttawin, Begiak izena du, eta lau pertsona migratzaileren bizitzak ditu ardatz; iragan mendekoak dira haietako bi, eta egungoak beste biak.
«Forma da edozein proiekturen abiapuntutik pentsatzen dudana, beti dagoelako norberak egin behar duen bilaketa bat, sortzaile moduan; hori konstante bat da niretzat», nabarmendu du. Horregatik, beste zuzendarien zintak ikusten dituenean ere, istorioaren eta hura kontatzeko moduaren artean lotura eskatzen du, eta gero, beste elementu batzuk bilatzen dizkio: «Lehena, emozioak sorraraztea».
Zer den emozioa harentzat, honela azaldu du: «Mugimendu bat eragitea nire barruan: izan daiteke kuriositatea, beldurra… Edozein emozio, edo guztiak batera». Hori lortzeko zuzendariak hartutako zenbait erabakiri so egin ohi die bereziki; besteak beste, pertsonaiei, enkoadraketei eta kamera mugimenduei, soinuari, eta lortutako sinesgarritasunari. Apustu ausartak egin izana ere baloratzen du.
Elementu horiei erreparatu die bere sekuentzia kuttunak aukeratzeko ere. BERRIAk eskatutako zerrenda osatzea «zaila» egin zaiola aitortu du, «era guztietako filmak» maite dituelako, baina ikusle, ikertzaile eta zinemagile gisa bere esperientzia «eraldatu» duten film batzuk badirela aitortu, eta bost hautatu ditu.
1. BRINGING UP BABY
Howard Hawks. 1938
Fresnedaren ibilbidean «mugarri» izandako filmetako bat da Howard Hawksen (Goshen, AEB, 1896 - Palm Springs, 1977) Bringing Up Baby. Erritmo bizia, pertsonaia bitxiak eta pasarte surrealistak dituen zuri-beltzeko komedia bat. Dinosauro baten hezurdura berreraikitzen ari den paleontologo bat du protagonista, baita berak ezagutu duen neska bat ere, proiektua bururatzeko trabak jarriko dizkiona. Bere garaian, lanak ez zuen arrakastarik izan, eta RKO konpainiak zuzendaria kaleratu ere egin zuen; urteak igaro ahala, baina, kritika hobeak jaso zituen, komediaren klasiko bihurtzeraino.
Fresnedaren irudiko, kontakizunaren «eromena, originaltasuna eta surrealismoa» dira lanaren osagai berezienak. Umorearen bidez espero ezin diren egoerak sortuta eragiten duen «zirrara» aipatu du: «Pertsonaiak izugarriak dira, barregura sortzen dute etengabe». Zuzendariak gidoigintzan hartutako erabakiak txalotu ditu, estiloa konplexua iruditzen baitzaio. «Eta miresgarria».
2. LES QUATRE CENTS COUPS
François Truffaut. 1959
François Truffautek (Paris, 1932 - 1984) zuzendutako Les quatre cents coups zuri-beltzeko film dramatikoa nouvelle vague-ren lehen filmetako bat izan zen, eta mugimenduaren ezaugarri bereizgarri asko ditu. Antoine Doineli nerabe paristarra da protagonista, Frantziako zinemaren funtsezko pertsonaia bat. Jean-Pierre Leaud aktoreak interpretatu zuen, eta film horren ondoren Truffauten beste lau gehiagotan agertu zen; haren alter ego-a dela diote adituek. Pelikulan, protagonista ingurukoek ulertzen ez duten gazte baten gisan ageri da; jarrera errebeldea du, eta gatazka ugari ditu guraso eta maisuekin. Fresnedarentzat, lanak pertsona orok bizi duen garai bat erretratatzen du, «haurra izatetik nerabe izatera pasatzeko prozesua».
Filmaren amaiera hautatu du, beste pasarte on asko dituela zehaztuta. Azken sekuentzian, protagonista azaltzen da pantailan, lasterka, amets bat betetzeko asmoz: itsasoa ezagutzea. Oinak uretan bustitzen dituenean bukatzen da filma, eta gazteak kamerari zuzenean begiratzen dio azken unean. Sekuentzia «zoragarria» da zinemagilearentzat: «Guztiok sentitzen ditugun gauza asko adierazten ditu ihesaldi horrek. Era minimalistan dago filmatuta, baina emaitza indartsua da. Asko markatu ninduen».
3. LES PARAPLUIES DE CHERBOURG
Jacques Demy. 1964
Les parapluies de Cherbourg musikala Jacques Demyren (Pontchateau, Frantzia, 1931 - Paris, 1990) hirugarren lan luzea da. Bi gazteren arteko amodio istorioa kontatzen du: maiteminduta daude, baina bananduko dira gizona gerrara deitzen dutenean. Urteak igarota topo egingo dute berriz, filmaren amaieran, baina bakoitzak bere bizitzarekin jarraituko du. Hain zuzen, sekuentzia hori da Fresnedak nabarmendu duena, ez baita maitasun istorioak bukatzeko ohiko modua. «Gazi-gozoa da: bizitzan gertatzen diren gauzak bezala».
Zuzendariaren iritziz, musikal asko, ongi filmatuta egon arren, ez dira hartzailearengana iristen, «kostata sentiarazten diote ezer»; Demyrenak, berriz, bai, eta horregatik aukeratu du. «Kantatua da hasieratik amaierara, baina kamera mugimenduekin apurtzen dute artifizialtasuna, emozioak sortuz, ikuslearen bihotzeraino heltzeko».
4. BLADE RUNNER
Ridley Scott. 1982
Ridley Scotten (South Shields, Ingalaterra, 1937) hirugarren film luzea da Blade Runner, Hampton Fancherrek eta David Webbek idatzitakoa. Zientzia fikziozkoa da, eta Los Angeles (AEB) hiri distopikoan kokatuta dago, 2019an. Gizakiaren gainbeheraz hitz egiten du, istorio surrealista batekin. Lurrean gizaki artifizialak fabrikatzen dituzte esklabo gisa erabiltzeko, baina legez kanpokotzat jo, eta Blade Runner izeneko poliziak arduratzen dira haiek deuseztatzeaz. Filmak hasieran ez zuen arrakasta handirik izan, baina, gerora, eragin nabarmena izan zuen. Girotzearengatik eta XXI. mendeko funtsezko gaiak aurreikusteagatik goraipatu dute bereziki, bai eta soinu bandaren, efektu berezien eta argazkiagatik ere.
Elementu horiek erakarri zuten hasieratik Fresnedaren arreta ere. Hiriaren diseinua eta arte zuzendaritzako erabakiak txalotu ditu, bai eta soinu mapa ere: «Gustuko dut sortzen duten atmosfera eta sinesgarritasuna, edozein erokeria sinesgarri egiten dute: itzela da, eta itzel zaila». Espazioaren irudikapenari eman dio garrantzia, eta haren sorkuntzarako ere aintzat hartzen duen elementu bat dela azpimarratu du: «Kokapenak eta ematen zaion tratamenduak sekulako garrantzia dute». Zintaren hasiera aukeratu du, duen indarragatik: «Zinemaren historian badira hasiera jakin batzuk oso indartsuak, eta hau da horietako bat: musika, mugimendua, iluntasuna, nola kokatzen gaituen istorioan…».
5. MIA AIONIOTITA KAI MIA MERA
Theo Angelopoulos. 1998
Mia aioniotita kai mia mera Theo Angelopoulosen (Atenas, 1935 2012) film dramatiko bat da. Protagonista bizitzako egun gutxi batzuk geratzen zaizkion poeta greziar bat da, eta herrialdeko muga igaro duen haur albaniar bat ezagutzen du. Egoera ezberdinak baina zailak bizi dituzte biek.
«Bihotzeraino» heldu zitzaiolako aukeratu du Fresnedak; «poesiaz beteriko pelikula bat» delako; «pelikula berezia». Sekuentzia jakin bat du gustuko: protagonistak autobusera igo eta han gelditzen dira, inguruari begira. Zortzi minutuz, autobusean igarotzen da filma. «Unibertso osoa dago hor sartuta: mundu txiki bat autobus baten barruan». Hori lortzea oso zaila dela ziurtatu du Fresnedak, eta zuzendariak apustu arriskutsua egin zuela, «baita ongi egin ere».