Urdaibai

Geoturismoa Urdaibaiko estuarioan

Gernika-Lumoko diapiroaz, antiklinalaz eta estuarioaz gozatzeko, Atxarreko tontor karstikora igoko da bisitaria ibilbide honetan zehar. Urdaibai izango du une oro begi bistan.

Ogoño talaia karstikoa behatoki aparta da Urdaibaiko paisaiaz eta geologiaz gozatzeko. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
2020ko uztailaren 22a
09:54
Entzun

 

Urdaibaiko natura ondarea biosfera erreserba izendatu zuen Unesco erakundeak 1984an. Landaretza, fauna, atmosfera, paisaia, ura eta, oro har, bertako biodibertsitatea zaintzeko xedea izan zen hasieratik. Babespean jarri beharreko arloen artean, jakina, ekosistema horiei eusten dieten substratu eta paisaia bikainak zeuden. Hala, Urdaibaiko ondasunen kudeaketan alderdi geologikoari begi kliska bat egin nahi izan zioten, biosfera erreserbak zer irakatsi eta erakutsi handia zuen eta. Gaur egun, kontserbazio geologikoa edota aniztasun geologikoa usu erabiltzen badira ere, lurrari loturiko begirunea nabarmendu nahi izan dute geologoek beste behin, eta desiraturiko lehen fruitua orain dela gutxi heldu zitzaigun: Urdaibaiko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioa.


 

 

Zorionez, Bizkaiko bazter miretsi horretan hasitako egitasmoak jarraipena izan du Euskal Herrian, eta, geologiari gorazarre egitearen kariaz, lehen katalogo geologiko orokorra ezagutarazi berri da. Ehunka guneren mamia eta azala ikertu dituzte adituek, tokian tokiko ezaugarri geologikoak balioetsi nahian. Katalogatutako altxor guztiek ezaugarri komunak dituztelarik ere, bakoitzak baditu bere espezifikotasunak: batzuk interes geomorfologikokoak dira; beste batzuk, berriz, interes tektonikokoak, sedimentologikokoak, paleontologikokoak edo petrologikokoak. Lagako ofita azaleratzea eta hondartzako dunak nabarmenduta agertzen dira katalogoan. Baita Gernika-Lumoko (Bizkaia) antiklinala, Oka ibaiko estuarioa —zeina interes sedimentologikokoa den— eta Mundakako koralak (Bizkaia), besteak beste.

"Ibiltaria, behatzaile ona izanez gero, berehala konturatuko da Oka ibaiak sigi-saga egiteari muzin egiten diola goiko zatian"

 

Gernika-Lumoko antiklinala

Gernika-Lumoko antiklinala edo diapiroa eskala kartografikoko egitura bat da, eta, haren bidez, estuarioaren eraketa azaldu daiteke. Izan ere, Oka ibaiko estuarioak eta hezegunea betetzen duten sedimentuek okupatzen dute sinklinala. Triasiko garaiko materialak azaleratzen dira bertan, batik bat buztinak; Jurasikoko ofitak ere agertzen dira —arroka igneoa—. Mugimendu diapiriko geldo baten moldean, trinkotasun txikiko material malguak azaleratuz joan dira. Material bigunek oso erresistentzia txikia jartzen diote higaduraren prozesuari, eta ibai haran handi bat sortzeko bidea eman zuten aspaldi. Ondoren, itsasoak ibarra hartu eta, geologoen ustetan, gaur egungo estuarioa sortzeari ekin zion.

Estuarioaren ubideak meandro itxurako morfologia du. Ibiltaria behatzaile ona izanez gero, berehalaxe konturatuko da Oka ibaiak sigi-saga egiteari muzin egiten diola goiko zatian. Nonbait, nagitasun gozoan nabigatzen zuen garai batean Gernika-Lumoko ibaiak, bere azken ahaleginaren balantzaz goxo-goxo disfrutatuta. Iñigo Astiz idazle eta kazetari iruindarraren poemak dioena ezin egokiagoa da ibaiaren ezinegona azaltzeko: «Ongi murgilduz gero ikus daiteke itsaso bat ur tanta batean, eta itsaso batean ur tanta bat ikus daiteke ongi murgilduz gero». Baina ibaiaren ur jarioa zuzen bideratu zuten 1923an, nabigagarritasuna bermatze aldera.

Urdaibaiko altxor naturalaz gozatze aldera, jende ugari biltzen da uda partean hango hondartzetan.
 

 

Atxarreko behatokia

Ibarrangeluko (Bizkaia) udalerrian altxatzen den Atxarre tontorra balkoi ezin hobea da Oka ibaiaren estuarioaz gozatzeko. Handik goitik ikuspegi ederra izango du bisitariak, eta ez da damutuko igotzeaz, begi kolpe batez hartuko baitu bai Urdaibaiko biosfera erreserba, bai eta bokalean zehar barreiatuta dauden herri ederren estanpak ere. Artadiak mozorrotutako kareharrizko bloke piramidal baten gainean igotzen da Atxarre, eta San Pedro santuaren izena daraman baseliza dago tontor gainean. Itsasadarraren sartu-irtenak kontrolpean izan nahiko balitu bezala gailentzen da Atxarre ezaguna. Arrantzaleek ere miretsi egiten dute Atxarreko punta, haraino igotzen baitziren beste garai batean arrantza ona eskatzera.

Kanala eta Lekeitio (Bizkaia) herriak lotzen dituen errepidean emango zaio hasiera ibilbideari, 43. mugarriaren ondoan. Errepide bazterrean dagoen jatetxearen pareko zelaian utziko du autoa bisitariak, eta ibilian hasiko da Artadiaren bihotz-bihotzean izeneko ibilbidea lagun. Laida aldera egingo ditu lehen urratsak, errepide bazterretik. Hemingway kanala etxe parean, errepidea laga eta eskuinera egingo du oinezkoak, San Martin baselizara bideari oratzeko asmoz. Aldatsa amaituta, arte sendo batzuk hazten diren lekuan, eskuinera hartu, eta, baselizatik igarota, porlan bideari jarraituko zaio. Artadi trinko batek bilduko du bisitaria berehala. Bidebanatzean, ezkerrera hartu, eta, kareharrizko galtzadan barrena, Dantzalekura iritsiko da bidaztia. Eskuinetik Akorda auzora doan bidea dago. Aukera hori itzulerako lagata, ezkerrera egin, eta, 700 metro egin ostean, Urdaibaiko talaiara iritsiko da.

"Arrantzaleek ere miretsi egiten dute Atxarreko punta, haraino igotzen baitziren garai batean arrantza ona eskatzera"

 

Paisaiaz eta naturaz bapo-bapo gozatu ostean, Dantzalekura jaitsi eta Akordarako bideari helduko zaio. Harbidea gogaide, artadian barrena segituko du. Une batez, ezkerreko bideari lotu eta jaitsiera xumea egingo du errepidera irten arte. Ezkerrera egingo du han, eta Akorda auzoan barneratuko da. Elizaren paretik igaro, eta, bide nagusia bazter egin gabe, Gametxo auzora iritsiko da. Upategiaren eta hotelaren artetik igarota, Antzora eta Laidara doan bide zabalari jarraituko dio. Errepideak egiten duen bihurgunean, ezkerrera jo eta Laidako hondartza bete-betean harrapatuko du bisitariak. Errepide bazterreko xendak lagunduta, autoa utzi den lekura itzuliko da.

Ur kirol asko praktikatzen dira Urdaibaiko itsasadarrean.
 

 

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (III): Arditurri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.