"Munduak guztiontzat beharko luke». Bizipoza elkarte sarea osatzen duten elkarteak batzen dituzten zuztarrez galdetuta, mezu horixe nabarmentzea gustatzen zaie elkarteko ordezkari Leire Elizegiri eta Anabel Arraizari. Elkartearen egoitza nagusian ari dira solasean, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. «Guk askotan esaten dugu elkarteen elkartea dela; baina elkarte asko batzen dituen sare bat ere bada», azaldu du Elizegik. 35 elkarte ditu gaur egun, Euskal Herri osokoak; 4.000 familia inguru.
Tankera askotako elkarteak dira: «Batzuk nahiko handiak dira. Beste batzuk, berriz, oso txikiak: atera kontuak, herri konkretu batekoak. Ezberdinak dira tamainan, eta izaeran; baina helburu berdinak dituzte. Guztiek bilatzen dute beren errealitateak gizarteratzea; errealitate horrek leku bat izatea. Izan ere, usu ez ditugu ikusi ere egiten». Elkarte asko osatuta daude gaixotasun edo mendekotasun jakin batzuk dituzten adingabeen premiak aintzat hartuta; beste hainbat, haurrek pairatzen dituzten beste kalteberatasun egoera batzuen inguruan: LGTBfobia, bazterkeria, arrazakeria, babesgabetasuna... Guztiek talaia aski egokia osatzen dute ikusteko gaur Euskal Herrian hainbat adingabek bete gabe dituztela hainbat eskubide. «Nik, oro har, esango nuke eskubide batzuk urratuta dituzten haur eta familien elkarteak direla, eta denek dute komunean haur eta familien ongizatea izatea helburu», azaldu du Elizegik. Hizkuntzak ere batzen ditu: euskaraz jarduteko eta hazteko eremu bat ematen die Bizipozak elkarte horiei guztiei. Sarri beste «lehentasun»zenbaitek irentsita dihardute, eta estimatu egiten dute hori. Irrien Lagunak Kluba izan zuen abiapuntu Bizipozak. Elkartasunaren inguruan adar bat zuen, eta lotura «natural» bat landu zuen horregatik haintat elkarterekin. 2016tik oraingo ereduan ari da: elkarteen elkartea da.
Helburu bakar bat
«Guztion eskubideak bermatuko dituen Euskal Herri bat da helburua. Ez batzuenak bakarrik: guztionak», berretsi du Arraizak. «Elkarte guztiak egunerokoan jo eta su ari dira hori lortzeko; gai ezberdinetatik, baina helburu berdin horren inguruan». Eragile izan nahi dute, eta elkartasunaren aldeko mezuez harago, elkarteek atzematen dituzten «eskubide urraketak» identifikatu nahi dituzte orain Bizipozan, ahalik eta era zehatzenean: salatu ahal izateko. «Elkarte guztiei eskatu diegu egiteko zerrenda bat. Esaterako, nik ez dakit haien seme edo alaba gorputz heziketako eskolan dagoenean zer gertatzen den. Eta dutxan dagoenean? Edo nortasun agirian bere identitatea onartzen ez dutenean?», galdetu du Arraizak. «Edo, esate baterako, haurrek behar dituzten hainbat terapia sare publikoan bermatuta ez daudenean? Halakoetan ere badago eskubide urraketa bat», gehitu du Elizegik. Arraiza: «Haurrak eta familiak dituzte gure elkarte ia guztiek ardatz, eta haur horiek izan behar dituzte gainerakoen eskubideak».
Urte osoan jarduera eta ekintza ugari egiten ditu Bizipozak helburu horren inguruan, eta orain sarea ezagutzera emateko ahalegin apartekoa egiten ari dira; hainbat aurkezpen ekitaldi egin dituzte, eta webgune berria ere ondu dute. «Oso era azkarrean errealitate bat ezagutzeko moduan eginda dago», azaldu du Arraizak. «Eta elkarteetako kideek jarri diote hitza eta ahotsa: oso garrantzitsua da hori».
Hazten jarraitu nahi dute: «Helburua ez da gero eta elkarte gehiago izatea; baina naturala da hori gertatzea. Aurkezpenen ondoren ere, beste pare bat elkarterekin egin ditugu bilerak», adierazi du Elizegik. «Izan ere, elkarte askok beren burua ikusten dute sarean. Finean, saretuta denok daukagu, bozgorailu bat izateaz gain, elkarri asko emateko aukera». Eta indartzen ari dira harremanak. «Hain justu, elkarlana sortu izan da elkarteen artean», azaldu du Arraizak. Bide batez, jarduteko era baten jabe izatearen sentimendua ere eman die batasunak: «Bizipozaren atzean bat egiten du jarrera baikor batek». Mundu hobe bat eraikitzeko bidean, ezinbestekotzat dute.