Unai Pascual

«Jendartearen kontzientzia piztea izan da aurrerapausorik handiena»

Gizartea, ikusle pasibo izateari utzita, eragile aktibo bihurtu da Pascualen ustez, eta hori oraindik igarri ezin daitekeen zerbaiten sorrera izango delakoan dago. Itxaropen gutxiago du agintarien urratsetan.

jarraia169866.jpg
inaki petxarroman
2019ko abuztuaren 13a
07:38
Entzun

Buru-belarri aritu da Unai Pascual (Gasteiz, 1973) NBEren IPBESek munduko bioaniztasunaren inguruan egindako txostenean lanean. Gertutik erreparatzen dio, baina, klima krisiari. Arazoa teknikoa baino gehiago soziala delakoan dago, eta aldaketek ere halakoxeak izan behar dutelakoan dago.

Klima larrialdiaz hitz egiten ari dira agintariak eta hedabideak, eta gizartea mobilizatzen hasi da. Hori al da azkenaldiko aldaketarik handiena?

Bai. Horretarako, bat egin dute hainbat kontuk. Batetik, klima aldaketaren gaia hor da. Eta, bestetik, plastikoaren gehiegizko erabileraren arazoa eta espezieen eta ekosistemen galera. Kontzientziak piztuz joan dira, eta hiru gai horien batuketak zerbaiten aldaketa ekarri du. Agian, oraindik ez dakigu oso ondo zer edo nola, baina zerbaiten atarian egon gaitezkeela suma daiteke. Hedabideak eurak ere hasi dira gaiaz beste tonu batean hitz egiten; esaterako, klima larrialdiaz ari direlako. Beste adibide bat da Fridays For Future gazte mugimendua.

Alabaina, ez da sumatzen beherakadarik erregai fosilen erabileran, eta isurketak berriz handitu ziren iaz...

Sektore guztiek onartzen dute 2030erako isurketen %40-45eko beherakada eragin behar dela. Hori iraultza bat da benetan. Ez dakit nola egingo dugun. Orain arte bezala jarraituz gero, gutxienez hiru graduko berotze batekin iritsiko gara mende amaierara, eta hori, Parisko itunean herrialdeek hartu zituzten konpromisoak betez gero. Beraz, jarrera bikoitz bat dago hor: gizarteak mugitzen hasi dira, eta gobernuak, berriz, beldurrez daude, pauso ausartenak nork emango dituen.

"Estatuak eskumena du ekoizpen mota batzuk zergapetu eta diru hori banatzeko. Politika fiskal hutsa da hori"

 

Europak, hitzez behintzat, abangoardiaren rol hori ematen dio bere buruari...

Baina Europa ere ez dago bere onenean. Kontraesan bat dago: zientzialariak ohartarazten ari dira gero eta leiho txikiagoa dugula zerbait egiten hasteko, eta gobernuak, berriz, ez dakit egoera geoestrategikoagatik-edo, baina ausardia falta nabaria erakusten ari dira.

Non ikusten duzu ahuleziarik handiena?

Mugikortasuna da Akilesen orpoa. Zenbait arlotan isuriak etetea eta kontrolatzea lortu bada ere, garraioetan izugarri handitu dira. Hegazkinen eta itsasontzi erraldoien garraioa hamar aldiz handitu da. Sekulako erronka daukagu, zeren garraioa elektrifikatzea bakarrik ez da irtenbidea, eta pentsatu behar dugu nola mugitu, salgaiekin nola jokatu eta lurraldea nola antolatu. Horri heldu ezean, beste ataletan jaitsi ditzakegu isurketak, baina ez gara iritsiko behar den helmugara. Munduko blokeen artean ere ez dut ikusten egoera horri modu txukun batean heltzeko proposamenik, elektrifikaziotik harago.

Lehia geoestrategiko horretan, inork ez dio uko egin nahi erregai fosilen kontsumoari, eta mix energetikoaren %85 dira.

Hori da arazoa. Orain dela bost urterekin alderatuz gero, diskurtsoa irabazi da. Datuak eta pertzepzio jakin batzuk sektore guztietan gailendu dira. Baina proiektu geoestrategikoetan ?—adibidez, Txinak Europarekin planteatzen dituen azpiegitura erraldoiak— ikusten da aurpegia garbitzen saiatuko direla, baina ez daudela prest salgaien garraioaren inguruan egin beharko liratekeen aldaketak bideratzeko.

Energia berriztagarrien merkatua gero lehiakorragoa da, baina haien aldeko apustua ez da oraindik beharko litzatekeen bezain sendoa. Zergatik?

Europak erronka eta helburu batzuk jarri dizkie energia berriztagarriei, baina oraindik oso urruti gaude haietatik. Errebote efektua ere badago hor. Alde batetik, eraginkortasun energetikoan nahi dugu aurrera egin, baina ez ditugu aldatu nahi gizarte dinamikak, hazkunde ekonomikoaren ikuspegia, adibidez. Eta, horiek ukitu gabe, geratzen zaigun gauza nabarmenena teknologia da. Energia berriztagarrietan teknologiaren garapen handia egon da, baina, haiek lehiakorrak izanik ere, hazkunde ekonomikoa sortuko da, eta, hura bermatzeko, energia mota guztiak behar dira. Beraz, antzera gaude. Gainera, aurreztutako dirua merkataritzan erabil dezakezu, edo mugikortasunean, edo sektore kutsagarrietan.

Baina gasta daiteke baso sektorean edo karbonoen gordelekuak handitzean, ezta?

Bai, baina ekonomiaren helburua ez da hori. Denbora edo dirua aurrezten duzunean, aurreztutakoa gastatzen duzu kontsumo gehiago sortzeko edo beste inbertsio batzuk egiteko. Eta, beharbada, haietako batzuk bai, joan daitezke basoak babestera, baina oso kopuru txikia da. Beraz, energia berriztagarriak bai, noski, baina horrek sortzen duen isurketen aurrezte hori ez da behar bezainbestekoa izango ekonomiaren beste dinamika horiek ukitzen ez badira. Hau da, irtenbidea ez da teknologikoa, baizik eta soziala.

Irudiaren deskribapena
Pascual. Jaizki Fontaneda / Foku

Izan ere, oraindik uste dugu teknologiak aterako gaituela ataka honetatik ere, ezta?

Jakina. Iruditeria kolektiboan guztiz txertatuta dago hori, baina ez da erreala. Duela aste batzuk, Europako ingurumen ekonomialariek bilera bat egin dute, eta adierazpen bat atera dute esateko babesten dutela isuriei —hau da, erregai fosilen erabilerari— zerga bat ezartzea. Eta proposatu dute zerga horren bidez lortzen den dirua bideratzea neurri horiek kalte egin dieten sektoreetara, zeren eta denok dugu buruan Jaka Horien mugimendua.

Horrekin ere ikusi da irtenbideak orokorra izan behar duela, eta ezin dela sektore bat zergapetu besteak ukitu gabe.

Horrekin, energia kutsagarrien erabilera hori murriztuko litzateke, eta sektore horiek behartu berrikuntza lantzera, energia mota hori garestitu egingo zaiolako. Baina kontsumitzaileei ere garestitu egingo zaie kontsumoa, eta, beraz, zerga horrekin leundu beharko litzateke hori. Batzuek ordaindu beharko lukete benetako kostu sozial eta ekologikoa, eta beste batzuei eragina apaldu. Estatuak badu modua eragin sozial negatiboa saihesteko.
 

 

"Hurrengo hamarkadak ezarriko du zer-nolako aukerak izango ditugun 2030erako gas isurketak %45 gutxitzeko"

 

Zergak jartzeari beldurra diote agintariek, ordea.

Bai, uste dutelako horrek industriari eragingo diola, haien produktuak garestituko liratekeelako eta lehiakortasuna galduko luketelako. Aipatutako ekonomialari horiek diotena da muga zerga batzuk jarri beharko liratekeela beste herrialdeetatik esportatu nahi diren salgaiak garestitzeko; alegia, lehiakortasun hori herrialde mailan ez galtzeko. Ekonomialariak, beraz, esaten ari dira, funtsean, badutela irtenbide bat arazoari aurre egiteko. Hau da, estatuak baduela eskumena gustatzen ez zaizkion ekoizpen motak zergapetzeko eta dirua nola banatu behar den erabakitzeko. Politika fiskal hutsa da hori.

Bost urte beteko dira aurki Parisko itunetik. Zer balorazio egiten duzu?

2020an jarriko da martxan akordio politikoa, eta, orain arte, lan tekniko handia egin da arkitektura guztia martxan jartzeko. Hau da, modu estandar bat ezarri da herrialdeen isurketak neurtu eta konparatzeko... Zeren metodo ezberdinak planteatzen zituen bakoitzak, beren trikimailu eta guzti. Beraz, hori zuzendu nahi izan da, eta oraindik bada lanik, baina asko aurreratu da. Hemendik aurrera, estatu bakoitzak, bi urtean behin, betebeharra izango du bere helburuak handitzeko. Lehen bi-hiru urte horien buruan ikusiko da ea zer konpromiso politiko hartzen dituen bakoitzak.

Horri begira baikor zaude?

Lehen esandakoaren harira, itxaropen handirik ez daukat, behintzat, lehen hamarkadara begira.

Baina hurrengo hamarkadan egin behar dira egin beharrekoak, ezta?

Hori da. Hurrengo hamarkadak ezarriko du zer-nolako aukerak izango ditugun 2030erako %45eko beherakada lortzeko. Hau da, ordurako ez bada egin, ez da bakarrik isurketa murrizketa ez dugula izango, baizik eta handiagoa izango dugula. Eta berandu gabiltza jadanik arlo guztietan. Aurrerapauso handiena jendartearen kontzientzia piztea izan da, eta pizte horretatik ekarri behar dira aldaketak. Eta ez bakarrik nork bere aldaketak egiteko, baizik eta agintariak behartzeko aldaketa zuzenak egitera.

Euskal Herrian bertan ere ez daude datu onak.

Bai, berriz ere gora egin dute isuriek. Askotan konparatzen ditugu gure datuak estatukoekin, baina, jakina, ez genuke geure burua konparatu behar Espainiarekin, baizik eta Europako herrialderik puntakoenekin, gure errenta maila eta garapena ez baita estatuarenarekin alderatzeko modukoa.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.