Gidoia

Konbentzioen kontra

Soldadu, musikari poeta, bohemio, erbesteratu, artzain, erromantiko peto. Mito bat. Gernikako arbola kantaren sortzailea baino gehiago. Jose Mari Iparragirre (1820-1881). Jaio zela bi mende, asteon. Hari buruzko film bat iragarria zuten negurako, baina tiraderan geratu da proiektua; ez da hala gertatzen zaion lehena. Tiradera hori zabaltzeko eta mitoa egurasteko saio bat da sail hau.

Soldadu, arrakasta handiko musikari eta ikur bihurtutako herriz herriko kantari izan zen Iparragirre. BERRIA
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko abuztuaren 12a
19:31
Entzun

 

Abuztuak 12. Bi mende doi gaur Jose Mari Iparragirre Balerdi jaio zela. Bizialdi bakarrean hainbat bizitza bizi izan zituen pertsona. Zein generoren konbentzioetara makurtu behar dira konbentzio ia guztiak hautsi zituen baten bizipenak, baina? Nola azaldu batzuentzat Homerorekin parekagarria zena Arlote Handia izatea besterentzat? Film epiko-historikoa, mikro-istoriozkoa, surrealista... denetarik egin daiteke bardoaren bizitzarekin; baita western bat ere; baita zonbiz betetako film bat ere. Dena kabitzen baita haren bizitzan. Lehenik eta behin, gerra bat: Lehen Karlistaldia. Han abiatu zen haren ibilbide osoa zeharkatu zuen gertakizun soka. Hortxe gidoirako hari posible bat.

Jose Maria Salaberria idazle eta kazetariaren ustez —Iparragirreri buruzko biografia idatzi zuen 1932an—, zehazki, gerratik zetorkion bardoari etorkizunari kontu ez egiteko joera: «Hori du ezaugarri soldaduak. Biharamuna Jainkoaren eta zoriaren kontuak dira. Bihar bertan hel daiteke heriotza, bala baten beruna edo baioneta baten ahoa bitartekari. Edan eta kanta, hara hor soldadu onaren filosofia». Jose Francisco Olasok eta Juan Agirrek Iparragirre. Erro-urratsak antologiarako idatzitako Iparragirre: izena eta izana biografiaren arabera, berriz, «zalantzarik ez dago gerrak Jose Mari musikari bihurtu zuela». Eta hurrengo gerretan kantatuko ziren kantak sortu zituen, paradoxikoki, Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko zuzendariaren aburuz: «Foruen aldeko mugimenduak ulertzeko gakoa da Iparragirre. Berak nahita ala nahi gabe, halaxe izan zen».

Irudiaren deskribapena
 

Mendigorriko (Nafarroa) bataila, Manuel Mirandaren 1845eko grabatu baten arabera. 1835eko uztailaren 16an izan zen Lehen Karlistaldiko guduketa hori, eta bertan zauritu zen Jose Mari Iparragirre nerabea. BERRIA

UNIFORMEA

1834. Badira hilabete batzuk Lehen Karlistaldia hasi dela. Ofizialki, Espainiako koroa eskuratzeko borroka dinastikoa da gerra hori, baina beren eskubideen aldeko gerra gisa ulertu dute milaka euskal herritarrek, eta Karlos Borboikoaren alde hartu dituzte armak. Baita Iparragirre nerabeak ere. Euskal Herrirako bidea hartu du, oinez. Ataunen (Gipuzkoa) aurkeztu da boluntario. Zangoan zauritu dute lehenik, 1835eko uztailaren 16an, Mendigorriko batailan (Nafarroa); berriz zauritu dute 1836ko apirilaren 27an, Castejongo (Nafarroa) zubiaren defentsan; Karlos erregegaiaren guardiako kide da 1836ko maiatzetik. Harekin batera jo du erbestera, 1839ko irailean, gerra galduta, Dantxarinetik barrena.

ERBESTEA

19 urte bete berri dituenean utzi du sorterria Iparragirrek. «Bizitzaren onenean», bere hitzetan. Baionan esan dio adio Borboikoari, eta Frantzian ezarri da lehenik, Lillen. Han, babesle dirudun baten bitartez, frantsesa ikasten eta Chateaubriand, Lamennais eta Lamartine irakurtzen hasi da. Kantua ikasi du gero, Parisen. Uzten dioten toki guztietan kantatzen du, eta ezagun egin da dirudun jendearen etxetzarretan zein kale kantoietan. Ez du kantu eskolen diziplina maite, ordea.

Bazter berriak ezagutzeko grina ase ezinez, Lyonera jo du gero, Paristik, eta Alpeen magaletan ari da kantari segidan. Mendi gainetako hotel eta bainuetxeetan sendabidea bilatzea dirudunen ohitura bihurtzen hasia da, eta Suitza, Italia eta Austriako lurretan dabil hara-hona, bere gitarrarekin. Ezin utzi Euskal Herrira etortzeari, baina. 1845ean —edo 1846an, kronistak ere ez dira ausartu zehazten—, Larresoroko apaiztegian (Lapurdi) ageri da abesten.

«Ez da erraza hura sailkatzea. Politikoki, gertuago kokatuko nuke liberalengandik karlistengandik baino»

Mikel Alberdi. Zumalakarregi Museoko zuzendaria


Parisen dago 1848ko iraultzak eztanda egin duenean, klase sozial desberdinetako herritarrek Marseillaise-ren doinura Frantziako erregea koroagabetu dutenean, askatasun arbolak landatzea eta gizonek bizarra luzatzen uztea arau bihurtu denean.

'MARCHONS, MARCHONS'

1848ko iraultza bridatu dute. Askatasun arbola guztiak errotik moztu dituzte, bizarra errebeldia egoskorraren ikur bihurtu da, Marseillaise kantatzea debekatuta dago Frantzia osoan. Berdin dio bardoari. Okzitaniako Tolosan da, bizarra luze, boz gora, entzuleak piztuz: «Aux armes citoyens/ Formez vos bataillons/ Marchons, marchons!/ Qu'un sang impur/ Abreuve nos sillons». Atxilotu egin dute, eta Frantziatik bota; erregegai borboitar baten alde gerra egitetik zetorrena, Frantziako errepublikazaleen ereserkia kantatzeagatik. «Ez da erraza hura sailkatzea, baina politikoki gertuago jarriko nuke liberalengandik karlistengandik baino», dio Mikel Alberdik. «Karlisten kuttun, noble liberal baten pupilo, legitimisten begiko, errepublikazaleen kantari, abertzaleen lagun... Toki eta alderdi guztietan sentitzen da eroso pertsonaia», idatzi dute Iparragirre: izena eta izana biografiaren egileek.

Elsa Scheelen, kritika
1851 inguruko argazkia. Europan zehar hainbat urte egin ostean, Euskal Herrira itzuli berria zen Iparragirre. BERRIA

ITZULERA

Europan barrena, lehen lerrotik dakusa artistak kontinentearen eta nazioen kontzepzioa eraldatzera datorren ordena berria, erregimen zaharraren gainbehera, modernia burgesaren ezarpena, herri kulturaren garrantzia goratzen duen mugimendu erromantikoaren ubera. Euskal Herria du gogoan etengabe, bakarrizketan ari ohi da bere buruarekin, euskara ez galtzearren. Indar hartzen ari zaio barruan sorterrira itzultzeko garra.

Calabriako txapela eta kizkur beltzeko adatsa buruan bueltatu da, 1851n, Frantziako iraultzaileen bizarra bisaian. Gizon garai eta ederra, kronisten arabera. Kantakera, hizkera, janzkera eta mugikera espektakulu erabateko bihurtua daukan rara avis bat, hainbat hizkuntzatan kantatzeko eta bakarrizketa umoretsuak dramatizatzeko gauza den artista petoa, Europako ibileretan ezagutu dituen doinuak eta ikuskizunak bere barne musikarekin uztartzeko gauza dena. «Europarekin konektatzen gaitu Iparragirreren ibilbideak. Ez zen bakarra izan, jakina, garai hartako ideiak eta erromantizismoa hona ekartzen, hortxe baitaukagu Agosti Xaho, baina Iparragirrek ere egin zuen bere ekarpena. Euskal Herriari nola kantatu zion ikusi besterik ez dago, sorterriarekiko zeukan sentimenduak ikusteko», Alberdiren hitzetan. Proto-abertzaletasunaz ari da.

Iparragirre, Pancho Bringasen margonal batean
Pancho Bringasen margolanak Iparragirre 1852 preso sartu eta Gueñasera eraman zuteneko unea erakusten du. BERRIA

'GERNIKAKO ARBOLA'

Gernikako arbola zortzikoa sortu eta kantatzen hastearekin bat, erabateko fenomeno mediatiko bihurtu da bardoa; foruzaletasunaren zabalkundearekin bat eginez, Alberdiren ustez: «Iparragirrek Gernikako arbola atera zuen momentuan, karlisten foruzaletasunaz gain, liberal asko ere foruen alde ona babestu behar zela hasi ziren esaten. Liberal-fuerismoa abian zen». Horregatik atxilotu dute Gipuzkoako Tolosan, Okzitaniakoan bezalaxe: jendea kantuz berotzeagatik, eta, horrekin, apar foruzalea harrotzeagatik. Bi guardia zibilek eraman dute kantaria Kantabriako mugaraino. Ezin da itzuli Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara. Espainia, Galizia eta Portugal korrituko ditu 1854ko abuztura bitartean.

AMERIKARA

Euskal Herrira atzera etorritakoan, arrakastaz ari da nonahi, baina argi dauka ezingo dela hemen berak nahi bezala bizi, musikatik. «Hemengo jendeak ezin zituen ondo ulertu haren bizimodua eta ibilerak. Garai hartako euskaldunekin alderatuta, ia denarekin hautsi zuen. Eredu guztietatik kanpo geratu zen», azpimarratu du Zumalakarregi museoko zuzendariak.

Artistikoki, baina, «bere buruaz beste» eginda dago bardoa, Juan Agirre biografoari kasu egitera: «Ameriketarako ihesaldiak baieztatu besterik ez zuen egin haren ahots hautsiak eta etorri apalduak ez zutela gehiago hunkituko inoren barrenik».

Iparragirrek kantuan ez du dirurik irabaziko, baina artzain gisa ere ez, Argentinatik barrena Uruguaira heldu denean. Ez da toki guztietan goratzen dituzten euskaldun emigrante horietakoa, zinez. Anjela Kerexetak, itsasoaz bestaldeko urte guztietan ondoan izan duen emazteak, honela deskribatu dio orduko kazetari bati: «Joxemari koitadua, motza zen negozioetarako. [...] Hark esaten zidan: 'Berdin dio ezer eduki ala ez eduki. Txoriek ere ez dute ezer, eta pozik bizi dira, eguzkitan hegan'. Eroa zen, jauna, eroa, gizajoa!». Eromenaz mintzo da Kerexeta, baita ere, Iparragirrek foruen galeren berri izan zuenekoa gogoratzean: «Hori jakin zuenetik, zoro moduan hasi zen. Negar amorratuan ematen zituen egunak, eta umore oso txarra zuen beti. [...] Joxemariren gogo guztia gure probintzietara bueltatzea zen».

«Ikur bat zelako ekarri zuten, foruen aldeko sentimendua hauspotzeko, eta oso gaizki bukatu zuen»

Mikel Alberdi. Zumalakarregi Museoko zuzendaria


AMERIKATIK

Foruak indargabetzearen aurka zeudenen sosekin itzuli da bardoa. Familia Uruguain utzita. Bigarren Karlistaldia eta foruak galduta daudenean. Ezin du Gernikako arbola kuttuna kantatu; debekatuta dago. Emaztea eta zortzi seme-alabak ekartzeko asmoa agertu du hona ailegatu orduko, baina nahikoa lan badu bere burua gobernatzen.

Berehala emango diote bizkarra entzuleek. Ahotsik gabe, zarpailduta, auzoen barregarri deskribatuko dute bizialdiaren azkenekotan ezagutu dutenek. Zokoan bukatu du.

Hala deskribatu du Antonio Maria Labaienek, 1933an, Iparragirre antzezlanaren hitzaurrean: «Iparragirre gaitzat artu badet euskaltasunean ezagunenetakoa dalako izan da. Bai al zan aldi artan beste gizon bat ain entzute orokorra izan zuanik? Ez det epaitu nai otsaundi ori ona ala txarra danik; gurea bai ordea, Euskal-Erri guzikoa, iparraldean bezenbat egoan zabaldua. Europa guzira ta Amerikaraino eldu zana. [...] Gaur dan egunean Iparragirretzaz maizago gaizki itzegiten dala badakit; aintzakotzat artu nai ez dutenak badirala ere bai [...] Ezin ukatu diteke Iparragirre leñargia izan zala bere arlotekerian; ta euskaltasunaren suspertzalle, Euskal-Erria lozorroan ta argalduta zegon garai batean. Beste ezergatik ez bada ere aren oroipena omendu dezagun».

Hala laburbildu du Alberdi historialariak, bigarren mendeurrenaren harira: «Foruen aldeko sentimendua hauspotzeko ekarri zuten, ikur bat zelako, baina eskean bukatu zuen, oso gaizki. Segur aski, ez zuelako uzten manipulatu zezaten. Eta ez zelako hemen erraz saltzeko moduko figura bat».

Egizu gidoi bat horrekin.

Bihar: Errepartoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.