Herrialde berezia da Turkia. Bosforo itsasarteak zeharkatzen du Istanbul, hiri nagusia, eta bitan banatzen errepublika: ekialdea eta mendebaldea, Asia eta Europa; transkontinentala da. Asian dago herrialdearen zatirik handiena —%97—, baina Turkiak Europa izan du eredu Otomandar Inperioaren garaiaz geroztik. 1923. urtean aldarrikatu zuten Turkiako Errepublika, eta hark 1959an eskatu zuen Europako Ekonomia Erkidegoko kide izatea. 60 urte igaro dira ordutik, eta Turkiak EB Europako Batasunean sartu nahian dihardu du oraindik. Azken hamarkadetan egin dituzte prozesua azkartzeko saiakera batzuk, baina Turkia EBn sartzeak errotiko aldaketak ekarriko lituzke herrialdeko sektore guztietan. Barne eta kanpo gatazkek, gainera, EBren arbuioa eragin izan dute, eta bi aldeek elkarrengandik urrundu izana aurpegiratu diote elkarri azken hilabeteetan.
Suleiman Demirel Turkiako presidente (1993-2000) eta lehen ministro (1965-1971, 1975-1977, 1977-1978, 1979-1980, 1991-1993) izandakoak zera esan zuen behin: «Eskatuko bazenit Turkiako egoera hitz bakarrean azaltzeko, esango nizuke: 'Ona'. Eskatuko bazenit Turkiako egoera bi hitzetan azaltzeko, esango nizuke: 'Ez ona'». Horrelakoa izan da herrialdearen eta EBren arteko harremana ere. Kooperazio harremana izan dute beti: aduana batasuna sinatu zuten 1963an, eta ordutik Turkiak oztoporik gabe parte hartu du Europako merkatuan. Gainera, bi aldeek migrazio ituna sinatu zuten 2016an, eta, haren bidez, urteotan EBk Turkiara bueltan bidali ditu herrialde horretatik batasuneko lurraldera —ia denak Greziara— iritsi diren errefuxiatuak. Dena dela, azkenaldian Turkiak zalantzan jarri du akordio hori. Gainera, EB ez da Turkiaz guztiz fio: giza eskubideak urratu izana egozten dio, eta herrialdea kidetzat onartzeko prozesua blokeatuta dago duela hiru urte ingurutik.
Europako Batzordeak Turkia EBn sartzeko herrialde hautagai izendatu zuen 1999an, herrialdeak Europako Batasuneko kide oso izateko eskaera egin eta hamabi urtera. Sartzeko negoziazioak, ordea, 2005ean hasi ziren, Kroaziaren negoziazioekin batera; Balkanetako herrialdea EBko kidea da 2013az geroztik. Negoziazioak aurrera egiteko, Turkiak acquis delakoa onartu behar zuen; hau da, EBko 130.000 orrialdeko lege multzoa. Acquis-a bere horretan aplikatu beharra dago, eta hori ezin da negoziatu; zera negoziatzen da, noiz eta nola ezarriko diren arauak. Prozesuak ez zuen zaratarik atera hamar urtean, harik eta 2016an lehertu zen arte. Norabide guztietako mugimenduak izan ziren: migrazio akordioa lotu eta lau hilabetera, uztailean, Recep Tayyip Erdogan presidentearen aurka estatu kolpe bat jotzen saiatu ziren. Handik gutxira, Europako Parlamentuak babestu egin zuen Europako Batzordearen eskaera, eta bertan behera utzi zituen Turkia EBn sartzeko negoziazioak, gobernuak estatu kolpea gelditzeko erabilitako «neurriz kanpoko errepresioagatik». Urrats bat aurrera, eta bi atzera: bi aldeak elkarrengandik urrundu besterik ez dira egin ordutik.
Istanbulgo Yldiz Unibertsitate Teknikokoko ikerlari bat da Cigdem Nas, Zientzia Politikoen eta Nazioarteko Harremanen sailekoa. Haren hitzetan, Turkiaren eta EBren arteko harremanak «ez aurrera ez atzera» daude egun. Ez dirudi EBk atal berririk ireki nahi duenik Turkia kide izateko negoziazioan; are gehiago, Europako Batzordeak erabaki berri du Turkia zigortzea Zipreko kostaldean zulatzeagatik. Herrialdearen hegoaldean dagoen uhartetik gasa ateratzea leporatu diote. Hortaz, Nasek «zalantza eta pesimismoa» nabarmenduko lituzke egoera azaltzeko: «Turkian uste dute EBko kide izatea ona litzatekeela herrialdearentzat, baina etsipena ere badago, EBk herrialdea tratatu duen moduagatik». Gainera, hainbeste urteren ondoren, Turkiako Gobernuak ez ditu ezarri EBk eskatutako aldaketak.
"Turkian uste dute ona litzatekeela EBko kide izatea, baina etsipena ere badago, herrialdea tratatu duten eragatik"
Cigdem Nas. Ikerlaria Yldiz Unibertsitate Teknikoan
Erdogan lehen ministroa zen 2004an, Europako Batzordeak negoziazioa abiatzea erabaki zuenean. Egungo presidentea herrialdea EBn sartzearen aldekoa zen orduan, eta zenbait erreforma jarri zituen martxan, batasunak eskatutako neurriak betetzeko. Lehenagoko gobernuek atzeratzen utzi zuten prozesuari heltzeko asmoa adierazi izan zuen. Erdogan lehen ministro zela, Turkiako Gobernuak heriotza zigorra kendu zuen, eta adulterioa kriminalizatzen zuen legea ezabatu. Indigenen hizkuntza eskubideak babesten zituzten zenbait lege ere sustatu zituen. Prozesua bideratu zutela zirudien.
Nasentzat, «gauzak asko aldatu dira ordutik». 2016ko estatu-kolpe saiakera mugarria izan zen, baina Turkiak beste zenbait gatazka ere kudeatu behar izan ditu: besteak beste, Ziprerekin duen harreman txarrak prozesua moteldu zuen, eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurkako operazio militarrak areagotu izanak ez die mesederik egin. 2012an, Erdoganek esan zuen 2023. urterako Turkia EBko kide izango zela; egun, data hori ez da oso errealista.
Europa erreferentea da
Nasek «larritasuna eta kezka» sumatzen dizkio EBri, batasuna kritikoa baita Turkiarekin «demokraziari, giza eskubideei eta legeari» dagokienez. Bestalde, errepublika eratu zenetik sekularra den arren, turkiar asko musulmanak dira, eta horrek, Nasen ustez, «sumindu» egiten ditu EBko zenbait herrialde. «Turkiak 80 milioi biztanle ditu, gehienak musulmanak; lau milioi errefuxiatu; egiturazko arazoak; eta inguru ezegonkorra, Siria, Irak eta Iranekin». Ez dira EBko kideak erakartzeko osagairik egokienak. Gainera, ikerlariaren ustean, EBk «zalantza» gehiago ditu egun estatu kide berriak onartzeko brexit-a ate joka duen honetan.
Duela urtebetera arte, Turkia larrialdi egoeran egon zen bi urtez, 2016ko estatu-kolpe saiakeraren ondotik. Turkiako armadako talde bat indarrez boterea hartzen saiatu zen, eta Erdoganek erantzun egin zuen: egun haietan hirurehun hil eta 2.000 zauritu baino gehiago egon ziren, eta gobernuaren eraikin nagusiak bonbardatu egin zituzten. Erdoganek ehiza hasi zuen: 40.000 pertsona atxilotzeko eta 15.000 irakasle kanporatzeko agindu zuen. Guztira 160.000 pertsona baino gehiago bota dituzte lanetik azken hiru urteotan. Horrek ez dio mesederik egin Turkiaren irudiari, baina EBk egindako kritikak ere ez zaizkio gustatu Turkiako Gobernuari.
"Turkiak 80 milioi biztanle ditu, gehienak musulmanak; lau milioi errefuxiatu; eta egiturazko arazoak"
Cigdem Nas. Ikerlaria Yldiz Unibertsitate Teknikoan
Dena dela, Europa Turkiaren «eredu nagusia» izan da inperioaren garaitik, eta egun ere erreferentea da «gobernu, demokrazia eta eskubide» aldetik, Nasen ustean. Nahiz eta kide izateko prozesuak «sinesgarritasuna» galdu duen herrialdean, Europa turkiarren «erakargune nagusia» da oraindik. Turkiako biztanleen %61ek Turkia EBn sartzea nahi dute, Nasek aipatutako duela gutxi egindako inkesta baten arabera: «bizi maila, ongizate ekonomikoa, eskubide demokratikoak eta zirkulazio askatasuna» dira EBri lotzen dizkioten balio nagusiak.
Ekonomiak pisu nabarmena izan du Turkiaren eta EBren arteko harremanean: Turkiaren esportazioen erdiak EBko merkatura joaten dira, eta atzerriko inbertsioaren bi herenak ere EBtik jasotzen ditu. EBk ere badu interesa hori horrela izan dadin: Turkiak «legez kanpoko migrazioaren eta inguruko segurtasun mehatxuen» aurka egiten laguntzen dio. Halere, herrialdeak Errusiarekiko lotura estutu du, gas naturalagatik eta energia nuklearragatik; beraz, interes guztiak jarri behar izaten ditu balantzan: «Herrialdearena, Mendebaldearena eta Errusiaren gisako bestelako potentziena». Nasek uste du Errusiarekiko duen «dependentziak» ez diola onurarik ekarriko Turkiari, eta hobe duela Mendebaldearekin duen harremana txartzen ez utzi.
Mugako zaindaria
Turkiak eta EBk «legez kanpoko migrazioa kontrolatzeko» akordio bat sinatu zuten 2015ean, eta, 2016an, eta batzordeak sei bilioi euro eman zizkion herrialdeari, «Siriako errefuxiatuei laguntzeko proiektuetarako», Nasen hitzetan. Kooperazioak aurrera jarraitzen duen arren, bertan behera utzi dute migratzaileak «berriz onartzeko akordioa» —alegia, Greziara «legez kanpo» iritsitako migratzaileak Turkiara eramatekoa—; «ez zuen funtzionatzen». Ikerlariarentzat, kooperazioak eta Turkiak mugak indartzeko hartu dituen neurriek eragin positiboa izan dute orokorrean, hala ez delako berriz ere gertatuko 2015ean izandakoaren moduko «errefuxiatuen exodorik».
Turkiako bisaren «liberalizazio prozesua» migratzaileen akordioarekin batera garatu zuten, baina, Nasen ustean, ez ditu espero zituzten emaitzak eman. Turkiako herritarrek Schengen eremurako bisa izatea nahi zuen gobernuak; hau da, Europako edozein herrialdetara nahieran sartzeko aukera. Oraingoz, EBk eskatutako 72 irizpideetatik 66 bete ditu, eta Nasek uste du «zaila» dela guztiak betetzea.
Funtsean, Turkiak EBren mugako zaindariaren lana betetzen du. Nasen ustean, batasunaren asmoa da estatus hori bere horretan mantentzea: «Ideia nagusia da Turkia bizilaguntzat izatea, babestuko duen bazkidetzat». Erdoganen gobernuarentzat, Turkia «Europaren parte» da, baina ez dirudi egun EBra hurbiltzeko aukerarik duenik. Gauza batzuk ez dira hainbeste aldatu Demirelen garaitik: egoera ona eta ez ona izan daiteke aldi berean.
Bihar: Mikroestatuak.
Kronologia.
Turkiak Europa erreferentziatzat izan du beti, eta aspaldi hasi ziren herrialdearen eta EB Europako Batasunaren arteko harremanak. Urteak dira batasuneko kidea izateko nahia adierazi zuela, eta, onarpen prozesua martxan dagoen arren, azken urteotan prozesua blokeatu egin da.
1963. Turkiak eta Europako Ekonomia Erkidegoak Ankarako Akordioa sinatu zuten: aduana batasuna. Turkiak Europako merkatuan parte har zezakeela adostu zuten han, eta herrialdeak adierazi zuen komunitateko kide izatea zela azken helburua..
1987. Turkiak Europako Batasuneko kide oso izateko eskaera formala egin zuen. Komunitateak bi urtera erantzun zion ez zela kide izendatzeko garairik onena, herrialdearen egoera ekonomiko eta politikoagatik.
1999. Europako Batzordeak Helsinkin onartu zuen Turkia EBn sartzeko hautagai izendatzea, beste zenbait herrialderekin batera.
2004. Europako Kontseiluak erabaki zuen berriro abiatzea Turkia EBn sartzeko negoziazioa.
2016. Turkiako estatu-kolpe saiakeraren ondotik, EBk erabaki zuen bertan behera uztea negoziazioa, eta giza eskubideak urratu izana egotzi zion herrialdeari.
2019. Europako Parlamentuak gogor kritikatu zuen Turkiak emandako "atzerakada demokratikoa", eta negoziazioa etetea erabaki zuen.