Unibertsitateko ikasketak eskatzen zaizkio abokatuari; badu arriskua eraikuntzan aritzeak; nekagarria da zerbitzari izatea; psikologikoki gogorra ehorztetxe batean lan egitea. Soziologoak, mekanikariak, ikerlariak, itzultzaileak, gasolindegiko langileak, telefonistak, arkeologoak, muntaketan aritzen direnak. Lanbide asko eta asko daude merkatuan, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Edozein adibide hartuta konparazioa egiteko, zeinek merezi du soldata handiagoa, udaltzainak ala gizarte langileak? Marketineko langileak ala fundizioan aritzen denak? Zer hartzen da kontuan soldata bat erabakitzeko? Eta zer hartu behar litzateke?
Negoziazio kolektiboko arduradunak dira Pello Igeregi (ELA), Xabier Ugartemendia (LAB) eta Garbiñe Espejo (Euskadiko CCOO). Eguneroko lana dute enpresariekin sokatiran ibiltzea soldata ahalik eta onenak lortzeko. Eta esan dute negoziazio horietan funtzionamendua bestelakoa izaten dela, hau da, ez dela merezimenduen araberako hurrenkerarik egiten. «ELAko negoziazio kolektiboko arduradun moduan, nahiko nuke mahai batean eseritzea, soldata eskala guztiak hartzea, eta esatea: 'Justuena da kategoria honetakoek hau irabaztea', baina ez daukagu horretarako gaitasunik», esan du Igeregik.
Haren iritziz, lehenik eta behin, soldata baldintzatzen duten bi faktore daude. Alde batetik, merkatuaren legea, hau da, zenbateko eskaera eta eskaintza dauden eta zenbat langilek dituzten lanpostu horretan aritzeko ezagutzak. Bestetik, gizarteak zer balio ematen dion lan bati, eta, armen ekoizleak eta zaintzan aritzen direnak adibidetzat jarrita, azaldu du balio horrek ez duela loturarik izaten gizarteari egiten dioten ekarpenarekin. «Gure eskuetatik kanpo dauden elementuak dira bi horiek. Gero sartzen gara gu, sindikatuak eta patronala. Eta negoziazio hori indar-harreman kontu bat da. Langileak antolatzeko dugun gaitasunaren mende dago: gai bagara langileak antolatzeko, soldata igoerak lortuko ditugu; ez bagara gai, ez».
«Indar-harreman kontu bat da negoziazioa. Langileak antolatzeko dugun gaitasunaren mende dago»
Pello Igeregi. ELA
Gutxieneko helburuak
Negoziazio kolektiboan CCOOk ildo nagusi bati jarraitzen diola azaldu du Espejok. «Kontua ez da izaten zenbat irabazi behar duen kazetari batek edo gidari batek. Gauza gehiagori begiratu behar zaie: nola dagoen sektorea, egoera ekonomikoa zein den...». Kategoria guztientzat portzentaje bereko igoerak eskatu beharrean, soldata txikiko kategorietan indar handiagoa jartzeko erabakia dute sindikatuan, eta helburu zehatz bat ere badute: gutxieneko soldata bat ezartzea sektoreko hitzarmen guztietarako, urtean 14.000 eurokoa. «Lanbidearteko gutxieneko soldata handitu egin da azken urteetan, baina oraindik guk eskatzen dugunaren azpitik jarraitzen du; horregatik, beharrezkoa ikusten dugu lan hitzarmenek gutxieneko soldata bat jasotzea».
Dirutan handiagoa da LABek negoziazio mahaietan egiten duen eskaera, lan guztiek hilean 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatua izatea aldarrikatzen baitu. «Saiatzen gara egoera okerrena dutenentzat, hau da, lan baldintza prekarioenak dituztenentzat hobekuntza handiagoa lortzen soldatetan eta lan baldintzetan, haien egoera duinduz joateko», adierazi du Ugartemendiak.
Gainerakoan, sektoreko edo enpresako lan hitzarmen batean zenbateko soldata igoera eskatu nola erabakitzen duten galdetuta, kontatu du ordezkariekin elkarlanean irizpide orokor batzuk jartzen dituela sindikatuak. «Gero, negoziatu beharreko eremu bakoitzaren azterketa zehatza egiten dugu: kategoria bakoitzaren egoera aztertzen dugu, ikusten dugu ea zenbat dauden 1.200 euroren azpitik, eta horrekin erabakitzen dugu zenbateko igoera eskatu».
«Beharrezkoa ikusten dugu lan hitzarmenek urtean 14.000 euroko gutxieneko soldata jasotzea»
Garbiñe Espejo. EAEko CCOO
Sektore publikoan nahiz pribatuan dute ordezkaritza sindikatuek. Baina LABeko ordezkariak azaldu du enpresaren izaerak ez duela hainbeste baldintzatzen negoziazioa. «Negoziazio kolektiboan egiten ditugun eskaerek langileek enpresan duten egoerari erantzuten diete, eta ez enpresaren izaerari. Egoera prekarioak enpresa guztietan daude, eta sindikatuak egoera horiek ezabatzeari ematen dio garrantzia».
Batez beste, soldatak handiagoak izaten dira arlo publikoan —nahiz eta handik kanpo dauden soldatarik handienak—, eta pentsa daiteke zuzenagoak ere izan daitezkeela, besteak beste, lan kontratua ez delako izaten banaka negoziatutako zerbait baizik eta oposizio bat gainditu ostean hasten direlako lanean langileak, eta kategoria bakoitzari dagokion ordainsaria ikusteko modua ere badagoelako. Igeregik uste du ez dela guztiz horrela. «Teorian, tresna objektiboagoa da, baina administrazioak ere gauza batzuei ematen die balioa, gizarteak ere horiei ematen dielako». Adibidez, esan du lan karga fisikoa gehiago aintzatesten dela lan karga psikologikoa baino. «Eta horrek ere erantzuten dio genero inpaktua daukan balio eskala bati, zeren normalean lan fisikoa gehiago egiten dute gizonek emakumeek baino».
Era berean, estatistikek erakusten dutenez, enpresa handietatik txikietara ere egoten dira aldeak; hain zuzen, soldatak handiagoak izaten dira aurreneko horietan. «Gakoa da zenbateraino garen gai langileak antolatzeko. Oro har, enpresa handietan errazago izaten da langileak antolatzea, baina ez du zertan; txikietan ere badugu indarra. Greba egiteko dugun gaitasuna da soldata baldintzatzen duten faktoreetako bat».
Indar kontua
Puntu horren garrantzia aipatu du Espejok ere: «Sindikatuen presentzia egon edo ez, lan baldintzak ikaragarri aldatzen dira. Argi dago langileen artean zatiketa eraginez gero eta banaka negoziatuz gero patronalak irabazten duela». Alde horretatik, maiz leporatu izan diete sindikatuek enpresariei lan harremanak indibidualizatzeko ahalegina egitea. «Soldatak, gutxienekoak behintzat, hitzarmenetan jasota daude. Hitzarmen kolektiboak langile guztien lan baldintzak arautzen ditu era kolektiboan, eta hori langileen indargune bat da», uste du Ugartemendiak. Horregatik bakarka negoziatzeko hautua egiten duen langile bat «bere teilatuari harriak botatzen» ari dela dio, indargune hori galtzen ari delako. Enpresa bateko soldatek publikoak izan behar ote duten galdetuta, esan du bakarka negoziatzen diren soldatak direla isilpean gordetzen direnak, ez kolektiboak».
«Bakarka negoziatzeko hautua egiten duen langilea bere teilatuari harriak botatzen ari da»
Xabier Ugartemendia. LAB
Langileek intimitaterako eskubidea izan behar dutela uste du Igeregik, eta bakoitzak zenbat kobratzen duen jakitea ziurrenik ez dela egokia, baina, era berean, ezinbestekoa iruditzen zaio langile guztiek aukera izatea jakiteko zeren arabera ezartzen dituen enpresa batek soldatak; besteak beste, diskriminaziorik dagoen ikusi ahal izateko.
Beste hitzarmen baten gainean egin ohi da negoziazio kolektiboa gehienetan; aurrez sektorean edo enpresan zegoen ituna hartu, eta igoera bat lortzea izaten da langileen ordezkarien ahalegina. Egoera hipotetiko batean jartzeko eskatuta, Espejok ez du hain argi gauzak oso ezberdinak izango ote liratekeen baldin eta hitzarmen guztiak berriro hutsetik negoziatu behar balira. «Oraingo sistema eta kultura aldatuko balitz, bai, baina bestela, ez: pentsatzen badugu Bermeon antxoak ontzietan sartzen ari den batek tailer batean mekanizatzen ari den batek besteko balioa duela, aldatuko dira, baina bestela, ez».
Sexua, soldata aldeen ardatz
Soldata batzuetatik besteetara dauden aldeei buruzko hizketaldian, etengabe ateratzen da generoaren aldagaia negoziazio kolektiboko arduradunen azalpenetan. «Autokritika egin beharrean gaude. Langileak antolatzeko orduan, edo aldarrikapen zentralak markatzeko orduan, genero kontua ez dugu behar bezala landu izan», esan du ELAko Pello Igeregik. Autokritika horren ondorio gisa, emakumeak protagonista diren esparruetan negoziazio kolektiboa beste puntu batean jartzea lortu dela uste du, eta askoz ere exijenteagoak direla orain. «Guk azken urteotan izan ditugun gatazka garrantzitsuenak, adibidez, emakumea protagonista den sektoreetan izan dira: zahar egoitzetan, garbiketan...».
Euskadiko CCOOko Garbiñe Espejoren iritziz ere, soldatak gaur egun diren bezalakoak izatearen eragile nagusia «patriarkatua» da. «Emakumearen soldata etxeko soldataren osagarritzat jo izan da beti, eta historikoki inoiz ez da ikusi emakumearen eskulana gizonaren eskulanaren pare». Haren iritziz, hori da sektore feminizatuetan soldatak txikiagoak izatearen arrazoietako bat. «Sektore maskulinizatuetan ere badaude emakumeak, adibidez metaleko enpresetan, baina zer gertatzen da? Horietan ere emakumeak kokatu gaituztela baliorik txikiena ematen zaien kategoria eta lanpostuetan». Hori guztia ere soldata arrakalaren parte dela gaineratu du. «Berdintasun planak behar-beharrezkoak ditugu: giltza dira soldata igoera guztietarako. 'Negoziazio kolektiboa hizki larrietan' esaten diot nik: sektoreko hitzarmenak, ahal denean enpresako hitzarmenen bidez hobetu horiek, eta berdintasun planak aintzat hartuta egin negoziazioak».
Soldata aldetik bidegabeak diren arlo batzuk aipatzeko eskatuta, lehenik eta behin zaintzaren ingurukoak aukeratu ditu LABeko Xabier Ugartemendiak, hala nola zahar etxeak, etxez etxeko laguntza eta hezkuntzaren inguruko jarduerak. «Kontuan hartzekoa da gehienak pribatizatuta daudela». Bigarrenik, administrazioaren zerbitzuak bermatzen dituzten azpikontratatutako sektoreak aipatu ditu, esaterako, anbulantziak, garbiketa eta kirol jarduerak. Azkenik, jarduera pribatuak izan arren, funtsezkoak direnak, tartean supermerkatuak eta farmaziak. «Ez da kasualitatea emakumeak izatea nagusi horietan».
Gauza asko jarri ditu agerian koronabirusak, eta, tartean, lan batzuk ezinbestekoak direla ikusi da. Era berean, ikusi da funtsezkotasun hori ez dela aintzat hartzen soldatetan, alarma egoeran ere lanean jarraitu duten horietako askok batez besteko soldata baino gutxiago kobratzen baitute. «Guretzat guztiz bidegabea da oinarrizkoa izendatu den jarduera bateko langileek lan baldintza prekarioak izatea», adierazi du LABeko ordezkariak. Hala, oinarrizkotzat jo diren zerbitzu horiek publifikatu egin behar direla uste du sindikatuak. «Patronalak du gaur egungo egoeraren ardura nagusia, prekaritatearen aldeko hautua egiten duelako, baina administrazioak ere bai, pribatizazio eta azpikontratazioa lehenetsi dituelako.
Bihar: Balio bereko lanaren ertzak soldatetan.